Ezkerretik Bilduz ezker abertzalearen inguruko hainbat talde eta lagunen korronte politikoa da. Bere burua Amaiur eta Bildu hauteskunde koalizioen barnean kokatzen du eta bere asmoa bertan eragin eta ezkerreko politika independentistak bultzatzea da. Taldearen aurkezpena 2012ko martxoaren 10ean izan zen Altsasun. Aurkezpenean zera adierazi zuten: "Ezker Abertzalean nahiz ezker soberanista eta independentistaren eremuetan sendo erroturiko lagun eta talde multzo anitza gara"[1].

Ezkerretik Bilduzen jaiotzeko helburua ezker abertzale eta soberanistaren barnean eztabaida bultzatzea izan zen. Aldi berean "Herritar Batasuna" dute ezker abertzalea antolatzeko modurik egokiena bezala, "indar ezkertiar soberanisten metaketa antolatzeko eta egituratzeko ezinbestekoak eta agerikoak diren etorkizuneko erronkei behar bezala erantzun eta aurre egin ahal izateko. Martxan jarri nahi dugu ezker soberanista, abertzale nahiz independentistaren oinarri sozial osoari zabaldutako eztabaida horizontala eta demokratikoa, oinarri sozial horri sendotasun eta ahalmen estrategikorik handiena emango dizkioten edukiak, antolatzeko erak eta jarduera-irizpideak erabaki ahal izateko".[2]"

Eztabaida abiatzeko, Zutik Euskal Herria eta Euskal Herria Ezkerretik agirietan azaltzen diren hainbat gogoeta proposatzen zuten.

Ezkerretik Bilduz taldearen aurkezpenean talde politikoen artean ilegalizatutako EAE-ANV alderdi historikoaren kideak, Euskal Herriko Komunistak taldeko kideak, Eusko Alkartasunaren Batzorde Eragilearen kideak, Lizargorri-Ezker Soberanista Eraikitzen taldearen kideak, Aralarko Batzorde Eragilearen kide ohiak egon ziren. Beste aldetik hainbat mugimendu soziopolitikoen eta sindikatuen kideak egon ziren: Anarkerria, Bilgune Feminista, Herria 2000 Eliza, Euskaria , Etxerat, Lau Haizetara Gogoan, Xare Antifaxista, Martxoak 3, LAB zein HIRU sindikatuen kideak...

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Euskal Herria Bildu koaliziorako eskatu zuen bozka kritiko eta aktiboa[3].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

Bideoak aldatu