Euskal Tertzioak (gaztelaniaz: Tercios Vascongados) Espainia-Maroko Gerran (1859-1860) Espainiaren alde aritzeko Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba lurraldeek egiten zituzten soldaduen aportazioak izan ziren. Hiru lurralde horietan oraindik Hego Euskal Herriko foruak indarrean zeuden eta, ondorioz, bake garaian, gazteek ez zuten armadan parte hartu behar. Nafarroa Garaian egoera desberdina zen zeren eta 1841eko legearen ondorioz, parte hartzera behartuta baitzeuden. Espainiar nazionalismoak sarritan tertzio hauek mitifikatu egin ditu.

Euskal Tertzioen soldaduen jantzia. New Yorkeko Liburutegi Publikoan gordetako marrazkiak.
Jantziaren beste ikuspegia.

Historia aldatu

Gerrak eztanda egin zuenean hiru probintzietako Foru Aldundiek Espainiako armadari laguntza eskaintzeko beharra ikusi zuten. Antza denez hiru instituzioen artean adostasuna ez zen erraza izan. 1859ko azaroaren 4ean Bergaran bildu ziren eta lau milioi errealen emaitzarekin batera hiru mila soldaduz osatutako infanteriako lau tertzio osatzea erabaki zuten.[1] Teorian soldadu horiek bolondresak izan behar ziren baina deialdiari gazte gutxi erantzun zion. Egoera ikusita, herriz herri zozketaren bidez gazteak aukeratzea erabaki zen. Horren aurrean toki batzutan protestak sortu ziren; horrela, Oiartzunen, gazteek zozketarako prestatutako kutxa puskatu zuten eta mendira ihes egin zuten. Azkenean, alkateak eta agintariek konbentzitu zituzten zozketa onartzeko. Herri askotan, nahiz eta eskaintzen ziren baldintzak ona izan, kopuruak osatzeko arazo larriak izan ziren. Azkenean kopuru osoa ez zen lortu.

Euskal Tertzioak Afrikara heldu zirenerako, 1860ko otsailaren 29an, espainiarrek Tetuango gudua irabazita zuten. Dena dela, borroketan ibiltzeko aukera izan zuten. Horrela, martxoaren 23an, Wad-Raseko guduan parte hartze garrantzitsua izan zuten; borroka horretan baxa batzuk izan zituzten ere bai: bi hildako (Anselmo Rezola eta Migel Jauregi, azken hau koleraren ondorioz) eta 34 zauritu. Biharamunean Marokok bakea sinatu zuen.

Euskal Tertzioak maiatzaren hasieran Euskal Herrira itzuli ziren. Hirietan harrera beroa jaso zuten: garaipen arkuak, musika eta loreen arteko harrera.[2]

Kubako Gerra 1868an piztu zenean Foru Aldundiek berriro ere Tertzioak antolatzeari egin zioten.[3]

Euskal Tertzioen ofizialak aldatu

Tertzioak lau ziren:

  • Arabakoa, Isidro Eleizegi Otamendiren agindupean.
  • Gipuzkoakoa, Telesforo Gorostegi Saralegiren agindupean.
  • Bizkaikoa, Juan Zabalaintxaurretaren agindupean.
  • Bizkaiko eta Gipuzkoako, nahastua, Ignazio Arana Ganzarain.[4]

Bolondresak aldatu

Gazteak 20 eta 30 urte artekoak izan behar ziren. Soldaduek egunero sei erreal jasoko zituzten, kaboek zazpi, sarjentuek zortzi. Apuntatzerakoan bizkaitarrek 2000 erreal jasotzen zituzten, beste hainbeste bueltan. Gipuzkoarrek 2500 apuntatzeko unean, 500 afiliaziokoak eta 2000 bueltatzerakoan.[1]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu