Espetxeen sailkapena Espainian

Espainiako Erresuman, espetxeen sailkapena lege organiko baten bitartez dago araututa; Espetxeen Lege Organiko Orokorraren[1] bitartez, hain zuzen ere. Lege organiko horretako 7. artikuluan espetxeak hiru multzotan sailkatu dira: behin-behineko presoentzako espetxeak, betearazpenerako espetxeak (jada kondenatuak daudenentzat) eta espetxe bereziak (zentro ospitalarioak, zentro psikiatrikoak, birgaitze sozialeko zentroak).

Nahiz eta legeak hori esan, gaur egun Espainian bakarrik bi zentro psikiatriko daude, eta ez dago zentro ospitalariorik eta birgaitze sozialeko zentrorik; zentro bakoitzean departamentu bereziak daude, baina ez dira espetxe beregainak. 

Bestalde, Espetxe Lege Organiko Orokorrean ezarritakoa garatzeko, Espetxe Erregelamendua sortu zen.[2]

Espetxeen antolakuntzaren ezaugarri orokorrak aldatu

Espetxe Erregelamenduko 10 artikuluaren arabera, espetxea, antolakuntza propioa duen entitate arkitektoniko, administratibo eta funtzionala izango da. Baldintza orokor batzuk izan beharko ditu:

  • Espetxe unitate bakoitza unitate, modulu eta departamentuetan banatuta egongo da, barneratuen sailkapen egokia egiteko. Aldi berean, gela eta zerbitzu batzuk izan beharko dituzte bizikidetza antolatua izan dezaten.
  • Printzipio zelularraren arabera, arau orokor bezala, pertsona bakarra egon daiteke ziega bakoitzean. Hala ere, bi salbuespen egin daitezke:
    • Barneratuak berak gela partekatu nahi badu eta partekatzearen kontrako segurtasun edo osasun arrazoirik ez badago, ziega batean bi pertsona egon daitezke; betiere, gela aproposa baldin bada.
    • Espetxean dauden plaza kopurua barneratu kopurua baino txikiagoa baldin bada. Kasu hauetan, gelak partekatu daitezke, nahiz eta barneratuak nahi ez izan.

Mugei dagokienez, unitate bakoitzeko 350 barneratu egon daitezke, baina ez dago unitate kopuru mugarik. Beraz, ez dago barneratu mugarik, unitate kopuruei dagokienez ez dagoelako mugarik.

  • Bizi-egokitasun eta erosotasun baldintzak bete beharko dira. Hauez gain, ezarritako funtzioak betetzeko beharrezkoak diren baliabide material eta pertsonal nahikoak izan behar dituzte.
  • Kokalekuari dagokionez, espetxe-administrazioak erabakitzen duen lekuetan egongo dira espetxeak. Non kokatzen dituen erabakitzeko, kontuan hartu beharko ditu eremu bakoitzaren beharrak, berma dadin presoak ez duela galtzen bere inguruarekin duen harremana. Horregatik, uste da presoak zigorra bete beharko lukeela bere bizilekutik gertuen dagoen zentroan. Hala ere, kondenatuak ez dauka eskubiderik hori exijitzeko. Beraz, kontuan hartu beharreko irizpidea da, baina ez bakarra. Besteak beste: zein nolako delitua egin duen, zenbatgarren graduan sailkatzen den, libre dauden plazak zenbat diren, non dauden plaza libreak... Faktore horiek ere kontuan hartu behar dira, eta horregatik bere etxetik urrun dagoen espetxe batean barneratu daiteke presoa.

Espetxe mota bakoitzaren erregimena aldatu

Erregimena Espetxe Erregelamenduko 73. artikuluan definitzen da: elkarbizitza ordenatua eta baketsua lortzeko arauen eta neurrien multzoa. Horren helburuak dira, alde batetik, atxikipena eta zaintza bermatzea, eta bestalde eta bereziki, espetxe tratamendua arrakastatsua izatea.

Behin-behineko presoentzako espetxeak aldatu

Behin-behineko presoak espetxean daude behin-behinean, epaiaren edo akusazioa artxibatzearen zain.

Zentro hauetan, helburua ez da tratamendua arrakastatsua izatea barneratuak ez baitaude oraindik kondenatuta. Behin-behineko espetxeratzearen helburua ihes ez egitea da. Espetxeratuak daude ihes egiteko arriskua saihesteko. Beraz, helburua atxikipena eta zaintza izango da.

Hala ere, espetxe hauetan, behin behineko presoez gain, 6 hilabete baino gutxiagoko kondena duten kondenatuak ere egon daitezke.

Legearen arabera, hiru motatakoak izan daitezke behin-behineko presoentzako espetxeak: gizonenak, emakumeenak eta gazteenak. Hala ere, praktikan ez da horrela izaten: egotekotan, probintzia bakoitzeko bat egoten da eta emakumeak gizonezkoen espetxearen barruan egon ohi dira, departamentu desberdin batean.

Espetxe hauetan erregimen arrunta aplikatzen da. Hau da, bigarren graduan sailkatuta dauden barneratuei aplikatzen zaien araua aplikatzen da. Baina salbuespen bezala, erregimen itxiko arauak aplika daitezke. Hau da, lehenengo graduan sailkatuak dauden presoei aplikatzen zaizkien arauak. Salbuespen hau aplikatzeko, behin behineko presoak bereziki arriskutsua izan behar du edota ez da erregimen arrunteko arauak errespetatzeko gai izango.

Zigorra erregimen arruntean betearazteko espetxeak aldatu

Espetxe hauetan bigarren graduan sailkatutako kondenatuek beteko dute zigorra. Gehienei aplikatzen zaien erregimena da. Helburuei dagokienez, bi desberdindu daitezke:

  • Alde batetik, atxikipena eta zaintza bermatzea izango da.
  • Bestalde, birgizarteratzea lortzea eta espetxe tratamendua eraginkorra izatea. Kasu hauetan, kondenatuak direnez, haiek nahi izanez gero, jada espetxe tratamendua ezarriko zaie.

Tratamenduaren beharrak kontuan hartuko dira barne antolamendurako eta sailkapenerako. Beraz, barneratu bakoitzak, bere beharren arabera, sailkapen bat edo beste izango du. Elkarbizitza antolatu bat izateko, segurtasuna, ordena eta diziplina oinarrizkoak dira. Lana eta heziketa ezinbesteko izango dira. Elkarbizitza baketsua edukitzeko, ordutegi bat finkatuta dute, zuzendaritza-kontseiluak zehaztutakoa. Hau da, zer ordutan bisitak, zer ordutan jaiki, zein ordutan bazkaldu… Hala ere, gaindiezinak diren mugak daude: edozein kasutan gutxienez 8 orduko loaldia eta 2 orduko denbora librea izan behar dute.

Zigorra erregimen irekian betearazteko espetxeak aldatu

 
Carmen Avendaño Otero gizarteratze zentroa (Vigo)

Hirugarren graduan sailkatutako barneratuek zentro hauetan beteko dute zigorra. Erregimen ireki hau, bi motatakoa izan daiteke:

Erregimen ireki arrunta. Erregimen horretan, hirugarren graduan sailkatuak egongo diren eta tratamendu erdi-askatasuneko egoeran jarraitu dezaketen presoak egongo dira. Erdi askatasunean daudenez, ez da ihes egiteko arriskurik aurreikusten. Kasu hauetan helburua gizarteratzea erraztea izango da.

Ordutegiari dagokionez, pertsona hori espetxean biziko da baina tratamendu-batzordeak planifikatutako jarduerak egiteko aterako da: lana, heziketa, familia, formakuntzako jarduerak... Arau orokor bezala, gutxienez zentroan 8 ordu egon behar dira (orokorrean lotarako erabiltzen da). Salbuespen bezala, kondenatuak onartzen badu, kontrol telematikoak erabiltzen direnean edota administrazioak ezarritako kontrolak dituztenean, posible izango da 8 ordu horiek ere espetxetik kanpo pasatzea. Kasu horietan espetxean egitekoak diren jarduera batzuk jarriko zaizkielako, eta horregatik, egunean x ordu joan behar izango du espetxera jarduera horiek egitera. Hala ere, esan behar da espetxe-administrazioak egoki ikusi behar duela eta kondenatuak onartu behar duela.

Amaitzeko, asteburuetan aske gelditzen da: ostiralean arratsaldeko 16:00etatik asteleheneko 8:00ak arte askatasunean dago presoa. Gauza bera gertatzen da jaiegunetan. Beraz, esan dezakegu hemen konfiantza handiagoa dagoela, oztopo fisiko gutxiago ezartzen direlako. 

Erregimen ireki mugatua. Erregimen honetan daudenak, hirugarren graduan sailkatutako presoak dira, erregimen ireki arruntean egoteko baldintzak betetzen ez dituztenak. Hainbat baldintza hartzen dira kontuan ikusteko ea pertsona hori prest dagoen ala ez erregimen ireki arrunta betetzeko (bere krimen-ibilbidea, jarraitzen ari den tratamendua,...), eta kasu hauetan ez dira betetzen.

Helburua barneratuari lana aurkitzen laguntzea izango da, edo behin lana aurkitzen duenean, espetxetik kanpo lan egiteko aukera izatea. Lana oso garrantzitsua da kasu hauetan birgizarteratzeko elementu garrantzitsu bat delako eta horregatik pertsona hori prestatu behar da aske gelditu aurretik ondoren bizitza arrunta egin ahal izan dezan.

Ordutegiari dagokionez, mugatuagoa izango da erregimen ireki arruntarenarekin konparatuz. Tratamendu batzordeak erabakiko du zenbat denbora atera daitekeen presoa, kasu konkretu bakoitzean. Kasu honetan irteerak mugatuagoak izateaz gain, kontrol eta baldintza gehiago ezarriko dira.

Zentro mota desberdinak daude. Hiru bereizi daitezke:

Zentro irekiak edo gizarteratze zentroak aldatu

Gizarte zentroetan, hirugarren graduan sailkatuta dauden eta tratamendua erdi-askatasunean bete dezaketenak egongo dira. Horrez gain zentro hauetan hainbat kudeaketa egingo dira, besteak beste, lokalizazio iraunkorreko zigorraren betearazpena, gizartearentzako lanen zigorraren betearazpena, baldintzapeko askatasunean daudenen jarraipenak…

Helburua barneratuaren gizarteratze aukera erraztea eta bultzatzea da, baita euren familian eta ingurune sozialean integratzen laguntzea.

Lokalizazioari dagokionez, batzuetan, zentro hauek eraikin independenteak dira. Beste batzuetan, espetxe arrunt baten mendekoak dira, hau da, erregimen arrunteko espetxearen barruan zentro berezi bat egongo da hirugarren gradua betetzen dutenentzat.

Mendeko unitateak aldatu

Mendeko unitate hauek etxebizitza arruntetan daude, kanpotik ezin da bereizi mendeko unitate bat denik. Hemen, hirugarren graduan sailkatuta daudenak egongo dira. Kopurua murriztua denez, tratamendu batzordeak aukeratuko du zeintzuk egongo diren unitate hauetan.

Administratiboki, espetxe baten menpe egongo dira, nahiz eta fisikoki etxebizitza batean egon. Etxebizitza horretan zerbitzuak jasoko dituzte (hezkuntza zerbitzuak, tratamenduak, jarduerak...…), baina zerbitzu horiek espetxekoak ez diren elkarteek kudeatuko dute. Hau da, zerbitzu hori ez dute espetxeko langileek emango.

Esan daiteke askatasun egoeratik gertuen dagoen erregimena dela zentro hauek eskaintzen dutena.

Sekzio irekiak aldatu

Hirugarren graduan sailkatutakoak hemen egongo dira. Sekzio ireki hauek zentro polibalenteetan egongo dira hau da, sekzio ezberdinak izango dituen zentro bat.

Zigorra erregimen itxian betearazteko espetxeak eta departamentu bereziak aldatu

Lehenengo graduan sailkatuta daudenentzat aplikatzen den bizitza erregimena da. Lehenengo graduan,  bereziki arriskutsuak direnak edo erregimen arruntera edo irekira modu nabarian egokitu ezin diren kondenatuak egongo dira.

Oro har esaten da erregimen itxia salbuespenez aplikatu beharko litzatekeela. Oso salbuespen bezala, behin-behineko presoei erregimen itxia aplikatzeko aukera dago. Edozein kasutan, erregimen itxia aplikatzen zaien kondenatuengandik bananduta egon beharko lukete.

Pertsona bat arriskutsua den erabakitzen diren irizpideak edo faktoreak hauek dira:

  1. Mutinetan, protestetan, eraso fisikoetan, mehatxuetan eta hertsapenetan aktiboki parte hartzea.
  2. Pertsona horren ibilbide kriminalean oinarrituta, nortasun oso agresiboa, indarkeriazkoa eta antisoziala duela ondorioztatzea.
  3. Indarkeria handiz bizitzaren, osotasun fisikoaren, sexu askatasunaren eta ondarearen aurkako delituak burutu izana.
  4. Arau-hauste larriak edo oso larriak hainbatetan eta modu jarraituan burutzea. Hau erreferentzia egiten dio diziplina erregimeneko arauei, espetxean ezartzen direnak.
  5. Banda armatuetako edo erakunde kriminaletako kide izatea. Legeak dio taldearen barne disziplina utzi duela frogatu beharko duela.
  6. Su armak edo droga kantitate handiak sartzea edo edukitzea.

Lehenengo graduan sailkatzea hasieratik egin daiteke, baita gradu batetik bestera atzera eginez ere. Hori erabakitzeko prozedura hiru fasetan desberdintzen da:

  • Espetxeko tratamendu batzordeak arrazoitutako proposamen bat egingo du irizpide horietan oinarrituta.
  • Zentroko zuzendaritzak ebazpen motibatu bat emango du.
  • Ebazpen hori espetxe-zaintzarako epaileari jakinarazi behar zaio, baita barneratuari ere. Epe bat dago hori jakinarazteko: 72 ordu. Barneratuari erabaki hori helegiteko aukera duela jakinarazi beharko zaio; hau da, erabaki horrekin ados ez balego erantzuteko aukera izango du. Kasu horietan, espetxe-zaintzarako epaileak erabakiko du.

Non aplikatzen da erregimen itxia? Bi zentro mota bereizten dira: departamentu bereziak (erregimen arrunteko zentroen barruan daudenak) eta zentro itxiak. Prozedura azaldu dugu jada beraz, bi zentroak aztertuko ditugu:

Departamentu bereziak aldatu

Espetxe Erregelamenduko 91.3 eta 93. artikuluetan erregulatzen da.

Presoak oso arriskutsuak direla aditzera ematen duten inguruabarrak daudenean erabakiko da hemen sartzea. Bizi baldintzak gogorragoak izango dira.

Hauek dira baldintza nagusiak: gutxienez egunean 3 ordu irtengo dira patiora, bakarrik (gehienez 2 pertsona egongo dira, salbuespenez). Oso salbuespenez, programatutako jarduerak egiteko 5 pertsona egon ahal izango dira eta lehen aipaturiko hiru orduei beste hiru gehitu ahal izango zazkie.

Erregistroak eta miaketak egunero egingo dira.

Zentro itxiak aldatu

Espetxe Erregelamenduko 91.2 eta 94. artikuluetan azaltzen da. Erregimen arruntera edo irekira moldatzeko ezintasuna erakutsi duten barneratuak egongo dira bertan. Kasu hauetan bizi baldintzak gogorrak dira, baina ez horrenbeste. Beste presoekin elkarbizitza egiteko gutxienez 4 ordu izango dituzte egunean. Badago aukera beste 3 ordu gehitzeko programaturiko jarduerak egiteko. Jarduera hauetan, gutxienez 5 pertsonako taldeak osatuko dira. 

Amaitzeko, erregistro eta miaketen inguruan ez da ezer esaten, beraz, arruntean bezala izango da. Bi kasuetan, erabat betetzen da printzipio zelularra. Aldi berean, besteekin izandako elkarbizitza askoz ere mugatuagoa da. Gainera, muga gaindiezin bat egongo da: erregimen itxiko baldintzak ezingo dira ziegan isolatzearen zigorra baino gogorragoak izan.

Baina, nola erabakiko da batera edo bestera bidaltzea barneratua?

Tratamendu-batzordeak erabakiko du zentro itxi batera edo departamentu berezi batera doan. Hala ere, aldez aurretik, lantalde teknikoen txostenak jasoko ditu. Tratamendu batzordeak erabakia hartu ondoren, zentroko zuzendaritzak onespena eman beharko du. Erabaki hau, 3 hilabetetik behin berrikusi beharko du tratamendu batzordeak.

Zentro edo departamentu mistoak aldatu

Espetxeen Lege Organiko Orokorrean, 16. artikuluak mota honetako zentro edo departamentuak sortzeko aukera dagoela adierazten du.

Zer esan nahi du mistoa izateak? Gizonezkoak eta emakumezkoak nahasita egongo direla. Hala ere, normalean gizonezkoen espetxe bat izaten da eta barruan departamentu bat egongo da emakumeentzat. Dena den, legeak aukera ematen du zentro edo departamentu mistoak egiteko.

Zentro misto hauek sortzearen helburua tratamendu programak garatzea eta bereziki familia desegituratzea ekiditea da. Espetxe erregelamenduak argi azaltzen du ezkontideen arteko elkarbizitza bultzatu behar dela ahal den neurrian.

Tratamendu-batzordeak erabakiko du departamentu msisto batean sailkatuko den. Edozein kasutan, barneratuaren adostasuna eskatzen da horrelako departamentu edo zentroetan bizitzeko.

Ez dugu ahaztu behar bertan barneratuak izatea debekatua duten pertsonak: sexu askatasunaren edo ukigabetasunaren aurkako delituak gauzatu dituztenak. Logikoa dirudi baina era berean arazoa sortzen du: tratamendu programa egokia izango litzateke beste sexuko kideekin elkarbizitza. Hala ere, debekua erabatekoa da.

Gazteentzako departamentuak aldatu

Gazteentzako departamentuetan 18 eta 21 urte bitarteko gazteak egongo dira. Salbuespenez, posible de 21 eta 25 urte bitartekoak gazteen departamentuetan ezartzea. Hezkuntza jarduera eta heziketa ematea izango da ezaugarri nagusiena, gazteak izateagatik heziketa proiektu bat izango dute. Horretarako, 5 programa garatzen dira: a)  

Amaitzeko, gazte horien artean barne sailkapen bat egongo da:  lehenengo, bigarren eta hirugarren graduen arteko banaketa egingo da.

Amen unitateak aldatu

Espetxeen Lege Organiko Orokorra, 38.2. artikuluan arautzen da. Artikuluaren arabera, 3 urte arteko haurrak egon daitezke amekin unitate hauetan. Hainbat baldintza bete beharko dira ama bere umearekin egon ahal izateko:

  • Esan bezala, gehienez hiru urte izatea haurrak.
  • Bere seme-alaba dela frogatu beharko da.
  • Haurrarentzat amarekin egotea onuragarria dela frogatu beharko da. Hau da, umearentzat kaltegarria ez izatea. Umearen eskubideak lehentasuna izango du, beti haurraren onura bilatuko da.

Prozedurari dagokionez, amak Zuzendaritza-Kontseiluari eskaera egingo du umea berarekin egoteko. Eskaera egiterakoan, Zuzendaritza-kontseiluak fiskalari jakinaraziko dio, honen iritzia erabakia hartzeko ezinbestekoa izango baita.

Legeak ezarritakoa jarraituz, zentro hauek baldintza berezi batzuk bete beharko dituzte:

  • Amen unitateek gainerako departamentu eta unitateetatik bananduta egon behar dute.
  • Minimo batzuk bete beharko dituzte:
    • Haurtzaindegi bat.
    • Haur hezkuntzarako profesional bat.
    • Pediatra bat.
    • Umeen heziketa garatu ahal izateko leku apropos bat.
    • Umeek jolasteko leku apropos bat.

Zer gertatzen da umeak 4 urte betetzen dituenean? 10 urte baino gutxiagoko haurren kasuan, umeak ama bisitatzeko eskubidea izango du, beste edozein ahaidek bezala, baina maiztasunari eta intimitateari dagokionez, ez da mugarik egongo. Bisita hauen iraupena eta ordutegia  zentroko erregimen orokorraren araberakoa izango da, gainerako bisiten ordutegi berbera izango dutelarik. 

3. graduan sailkatuta dauden amak, egunean zehar ezarri zaizkion jarduerak egiteko amen unitateetan egon beharko du eta gaua etxean pasako du, seme-alabekin. Gradu honetan sailkatutako ama bati aukera emango zaio kondena mendeko unitate batean betetzeko. Kasu batzuetan, mendeko unitate hauetan onartu izan da 6 urte arteko haurrak amarekin bizitzea.

Zer gertatzen da aita direnekin? Ez dago aiten unitaterik. Aita batek, amen unitateko barneratuak bezala bere seme-alabak berekin egotea eskatzen badu, berdintasun printzipioan oinarrituta, onartu egin beharko litzateke. Oraindik ez da horrelako kasurik planteatu, baina eskatuz gero irteera eman beharko litzaioke eskaerari.

Espetxez kanpoko unitateak aldatu

Zeintzuk egongo dira espetxe hauetan? 3. graduan sailkatutakoak eta mendekotasun bat gainditzeko tratamendu bat bete behar dutenak (baldintza biak bete beharko dira).

Zentro hauek espetxetik kanpo daude, zehazki, zentro publiko edo pribatuetan egongo dira. Arruntak dira, ez dira espetxeratuentzat egindako zentro bereziak.

Zeinek erabakitzen du? Espetxe zentroko zuzendaritzak hartuko du erabakia eta espetxe-zaintzarako epaileari jakinaraziko dio. Erabakia hartzeko, baldintza berezi batzuk hartuko dira kontuan:

  • Mendekotasuna gainditzeko programa bat.
  • Espetxez kanpoko unitate horrek barneratu hori onartu behar du. Zentro horrek espetxe administrazioari jakinarazi beharko dio gora behera guztiak.
  • Barneratuak errespetatu eta onartu beharko du kanpoko zentro horren bizitza-erregimena. Ezin du nahi duena egin, hirugarren graduan dagoelako.

Jarraipen programa batean parte hartuko du eta kontrolak egingo zaizkio. Espetxe administrazioak kontrola izaten jarraituko du, bere inguruko gorabehera guztien berri izanez.

Espetxe-unitate psikiatrikoak aldatu

Zeintzuk egongo dira unitate hauetan?

  1. Segurtasun-neurri askatasun gabetzaile bat bete behar dutenak. Egozezinak diren pertsonak, jada kondenatuta daudenak.
  2. Epaiketaren zain dauden bitartean aldakuntza psikologiko bat dutenak.
  3. Pertsona egozgarri bat bere zigorra betetzen ari da, eta buru nahaste iraunkor eta larri bat sortzen zaio. Kasu hauetan zigorra eten egingo da eta segurtasun neurria aplikatzeko aukera dago. Espetxe-unitate psikiatriko batera lekualdatua izango da.

Zentro bereziak kontsideratzen dira. Gaur egun horrelako bi zentro daude bakarrik Espainian, Alacanten eta Sevillan.[3] Hauek biak osorik, bere horretan unitate psikiatriko dira. Gainerakoak, zentro arruntak dira eta barnean unitate bereziak dituzte. Hala ere, hauetako oso gutxi daude.  

Barneratuek birgaitze programa bat izango dute. Programa hori diziplina anitzeko taldeek garatua izango da. Bertako bizi baldintzei dagokienez:

  • Barneratuaren egoerari buruzko txostena.Une desberdinetan egingo dira txosten hauek. Hasieran, segurtasun-neurria betetzen hasten den unean, bere hasierako egoerari buruz informatzeko; ondoren, zentroko profesionalek egingo dutena epaileari bidaltzeko, eta azkenik, 6 hilabetean behin, egindako txostena berrikusiko da epaileari eta fiskalari bidaltzeko.
  • Erregimena, berriz, berezia da. Norberaren behar berezien araberakoa. Hau da, erregimena bere birgaitze programaren araberakoa izango da. Nork bere beharrak izango ditu eta behar berezi horiek gora behera birgaitze-programa bat edo beste izango du.
  • Gainerako modalitateetan diziplina erregimena aplikatzen da. Baina, salbuespen modura, diziplina erregimena ez da izango aplikagarri. Ezin da diziplina problemengatik zigorrik ezarri.
  • Hala ere, neurri hertsagarriak aplika daitezke. Hauek medikuek agintzen dutenean bakarrik aplikatu ahal izango dira. Iraupena, beharrezkoa dena izango da eta epaileari jakinarazi beharko zaio. 

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) BERDUGO GÓMEZ DE LA TORRE, I., Lecciones y materiales para el estudio del Derecho penal: Tomo VI: Derecho penitenciario, Iustel, Madril, 2010. 
  • (Gaztelaniaz) CERVELLÓ DONDERIS, V., Derecho Penitenciario, Tirant lo Blanch, Valentzia, 2012.
  • (Gaztelaniaz) JUANATEY DORADO, C., Manual de Derecho Penitenciario, Iustel, Madril, 2016.
  • (Gaztelaniaz) TAMARIT SUMALLA, J.M., GARCÍA ALBERO, R., RODRÍGUEZ PUERTA, M.J., SAPENA GRAU, F., Curso de Derecho Penitenciario, Tirant lo Blanch, Valentzia, 2005.


Kanpo estekak aldatu