Eskeko ordenak Euskal Herrian

Leireko San Salvador monasterioa

Eskeko ordenak Euskal Herrian izan zuten hedapena oso berantiarra izan zen. Gasteizen izan ezik, frantziskotarrek, domingotarrek eta agustindarrek ez zuten oso berandu arte izan monasteriorik, ez Araban (San Julian de Piedrolako frantziskotarren komentua, Kanpezu eta San Andres de Muga, Bastida, XV. mendean), eta ez Bizkaian (Bermeon eta Lekeition frantziskotarren komentu bat eta domingotarren emakumezkoen komentu bat sortu ziren XIV. mendearen erdialdetik aurrera).

XV. mendearen bukaeraraino itxaron beharko da Bilbo inguruan frantziskotarren eta domingotarren monasterioak sor zitezen; lehentxeago beste monasterio frantziskotar bat sortu zen Urduñan. Donostian, berriz, frantziskotarrek XVI. mendearen hasiera arte ez zuten ahaleginik egin bertan komentu bat sortzeko. Hala ere, XIII. mendearen lehen erdialdean Donostian moja agustindarrek sortua zuten dagoeneko San Bartolomeren komentua. XVI. mendearen hasieran sortu ziren, hain zuzen ere, Sasiolako San Frantzisko komentua (Deba) eta Arantzazuko Ama Birjinarena (Oñati). Nafarroan, eskeko ordenek XIII. mendeaz geroztik hartua zuten egoitza Nafarroako Erresumako hiri nagusietan (Iruñea, Lizarra, Tutera, etab.). Beraz, Nafarroan eta Araban izan ezik, gainerako euskal komunitateetan eskeko ordenen komentu gehienak Behe Erdi Aroan sortu ziren (Lekeitio, Bermeo, Izaro, Abando, Bilbo, Urduña, Azpeitia, Oñati, Arantzazu, etab.), hiriek beranduago indar hartu izanaren ondorioz gehienbat. Hirien goraldiarekin batera, erlijioa bizitzeko era berriak sortu ziren hirietan, Mendebaldeko kristau-mundu osoan bezalaxe. Hori guztia gorabehera, XIV. eta XV. mendeetan herri askok ez zuten domingotarren eta frantziskotarren monasteriorik izan (Donostia, Tolosa, Hondarribia, Balmaseda, Agurain, Guardia, Viana, Los Arcos, etab.).

Oso kontuan hartu beharra dago eskeko ordenek hirietako oligarkien laguntzarekin iritsi zutela goia (Bilbo - arbolantxatarrak, Lekeitio - arteitatarrak, zerangatarrak, ferreriatarrak), (Gasteiz - Martínez de Alavatarrak, Sánchez de Bilbaotarrak) eta noble-talde garrantzitsu batzuenarekin (Kexaa - aialatarrak, Piedrola - rojastarrak, Bastida - sarmientotarrak, Gasteiz - harotarrak eta mendotzatarrak, Bermeo, Don Tellotarrak eta butroitarrak, Lekeitio - Don Tellotarrak, Deba - likonatarrak, etab.).

Monasterio horien sendotzea, azken batean, gizarteko indar jakin batzuen esku egon zen, haien artean bazirela bai oinaztarren aldeko familia garrantzitsu batzuk (Butroi, Mendotza) eta bai ganboatarren aldeko batzuk (Aiala, Gebara, Anuntzibai), are gehiago, kontuan hartzen bada monasterio horiek ez zutela beneditarren monasterio nagusiek zituzten jabetzak. Normala da, beraz, hirietako nobleziako leinu batzuetako edo “burgesiako” seme-alaba edo senide batzuk fraide edo moja sartu izana (Izaro Arteaga, Bermeo - Haro, Arbolantxa, Frai Jimeno de Arbolantxa, Gasteizko Santa Klara - arabarrak, Juana, Pedro Martínez de Alavaren alaba, etab.), nahiz fraide gehienak eskualde horietako biztanle arruntak izan.

Europako monasterio-ordena gehienetan, Azken Erdi Aroko mendeetan izan ziren aldaketa administratibo-erlijiosoek eta monasterioetako antolamendua eta arauak erreformatzeko egin ziren saioek eragina izan zuten Euskal Herriko komunitateetan.

Mendebaldeko Zisma deritzanak eliz giroetan sortu zuen krisiak ondorioak izan zituen epe erdira eta epe luzera, eta monasterioetako eta komentuetako antolamendua berritzea ekarri zuen, bai erakundeari berez dagozkion alderdietan eta bai erlijioari berez dagozkionetan ere. Nafarroan, frantziskotarrak XV. mendearen erdialdera hasi ziren sartzen, lehenengo komentua Tafallan sortu zutela. XV. mendearen bukaeran auzi asko izan ziren Bermeoko San Frantzisko monasterioa frantziskotarren araupean sartu zenean.

1498an, Kexaako (Araba) moja domingotarren San Juan monasterioaren erregela erreformatu nahi izan zuten. Urte hartan bertan, agindua eman zitzaien Gipuzkoako auzitegiei lagundu ziezaiotela San Frantziskoren ordenako Burgosko kustodioari Gipuzkoako moja-monasterioak erreformatzen.

Aldi berean agindu zitzaien ez zezatela onar beren lurraldean ordenatik kanpo moja apostatarik egon zedin.

Euskal Herriko monasterio batzuek zeinek bere ordenaren arauak erreformatzeari gogor egin izanak argi frogatzen du erlijioa bizitzeko eta erlijio-bizitza antolatzeko proposamen berriak, kasuan kasu, nolako indarrez bizi edo jasaten ziren. Hala, adibidez, XVI. mendearen hasieran Iratxeko Santa Maria monasterio beneditarreko fraideek aurka egin zioten, arrakasta handirik gabe, araua beren komunitatean ezartzeari. Gauza bera gertatu zen, hasieran behintzat, Nafarroako zistertar, frantziskotar, domingotar, karmeldar eta agustindar ordena gehienetan.

Iberiako penintsulako gainerako herrialdeetan izan zuten arazo nagusiaz gainera, gaztelarrenganako ezinikusiak oraindik ezkutuan zirauen komunitate horietako kideen artean.

Antzeko eragozpenak izan zituzten Arabako San Julian de Piedrolako monasterio frantziskotarrean XV. mendearen bukaeran. 1492an agindu zitzaion Frai Martin Balmasedakoari, custodio de la custodia de Burgos de la horden de Françisco de la Oservançia, mendera ekar zitzala monasterioa beretu eta lizunkerian eta araua hautsirik bizi ziren fraideak, hala zioten behintzat araua betetzen zuten komentu hartako fraideek. Errege-erreginak agindu zioten Argantzuneko biztanle Nikolas batxilerrari laguntza eman ziezaiola delako kustodio edo arduradun horri. Bakarkako erreakzioak ere izan ziren. Hala, arabar batek, frai Lope Murgakoa fraide frantziskotarrak, Valladolideko frantziskotarren komentu batean ikasketak eginak zituenak, ez zuen onartu Nafarretera bidal zezaten, eta apostasia egin zuen.

Antzeko arazoren bat izana zuten Nafarroako monasterio beneditar batzuek zistertarren ordenan sartu zirenean (Adibidez, Leireko San Salvadorren). Giro erreformazale horretan erlijio-era berriak sortu ziren.

XIV. mendean, jeronimotarren ordena Gaztelako koroan errotzen hasi zen, erregeen eta nobleen laguntzaz. XIV. mendearen bukaeran eta XV.aren hasieran, jeronimotarren ordena Euskal Herriko lurraldeetan ere kokatu zen, bai baitzuen monasterio bat Bastidan eta beste bat Badaiako mendietan (Araba); azken monasterio horretan, XV. mendearen bukaeran, agustindarrek hartu zuten egoitza jeronimotarren ordez.

Ikus, gaineraAldatu

Eskeko ordenak

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu