Erromeroa edo erromania (Rosmarinus officinalis) landare loredunen espezie botaniko bat da. Erromeroa Lamiaceae familiaren eta Rosmarinus generoaren barnean dago. Landare usainduna da, lore ezpaindun urdinak dituena.[1]Mediterraneo inguruko landarea da. 0 eta 1000 metro arteko garaieran bizi da.
Zuhaixka honek 50 eta 200 zentimetro arteko garaiera har dezake. 10 mm lore urdin-moreak izaten ditu, urtarril eta abenduaren artean loratzen direnak. Loreak usaintsuak dira, eta eztitarako erabiltzen dituzte erleek. Fruitua txikia da eta lau nukulaz osaturik dago.
Hostoak txikiak dira, eta oso ugariak. Luzeak eta finak dira, eta gainaldetik berde ilunak badira ere, azpialdean kolore zurixka dute, eta ile txikiz estalita daude.