Elizaren ondare immatrikulazioak (Espainia)

Elizaren ondare immatrikulazioak Espainiako Eliza katolikoak herri ondarea eta beste ondasun batzuk bereganatzeko egindako kanpaina bat izan da, ondasunak erlijioso izan edo ez, masiboki 1998an abiatua. immatrikulazio horiek Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen dekretu batek ematen zuen lege zirrikitu bat baliatuz egin ahal izan ziren, Francoren diktadurako 1946ko lege batean oinarrituz.

Era horretan matrikulatu diren ondasunak 30.000tik gora izan dira 1998tik, baina askoz gehiago 1946ko legetik. 2021eko otsailaren 15ean, Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu lege batek nahitaezkoa egin zuen ondasun horien zerrenda argitaratzea eta erreklamazioak egin ahal izatea. Elizatik kanpoko sektore batzuek legezkoa ez den herri ondarearen bidegabeko jabetzea salatu dute. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma nabarmendu da Euskal Herrian ikerketa eta protesta ekimenetan.

Kordobako Meskitaren immatrikulazioak kritika handiak eragin zituen.
Uxueko Andre Mariaren eliza, Elizak immatrikulatua.
Donostiako Aingeru Zaindariaren baseliza da kasu bat, auzolanez eraikia.

Legedia eta auziakAldatu

Immatrikulazio horiek herri ondare erlijiosoaren gainekoak izan dira gehienbat, eta ondare horren gainean titulurik izan gabe egin zituen beti edo ia beti, lege zirrikitu bat baliatuz eta diru zenbateko sinbolikoak ordainduz. 2021eko otsailean jasotako datuen arabera, 1998tik, Espainiako elizak 34.961 ondasun higiezin matrikulatu ditu beretzat. immatrikulazio gehienak Elizak berak ondasunaren jabea zela "ziurtatu" ondoren egin ziren (Espainian, 30.335); eskuratu zituen beste 4.626 ondasunetan, Elizak jabetza titulu bat aurkeztu zuen.[1]

Elizak egindako azken hamarkadetako ondare immatrikulazioen abiapuntua araudi hauxe da: Espainiako 13/1996 Legea, abenduaren 30ekoa, Neurri Fiskalak, Administrazio Neurriak eta Lan Arlokoak Arautzekoa.[2] Lege horrek Hipoteka Legeko 206. artikuluari paragrafo bat gehitu zion, hauxe:[2]


« Mediante certificación administrativa, librada en los términos indicados en el párrafo anterior y con los demás requisitos en cada caso establecidos, podrán inscribirse la declaración de obra nueva, mejoras y división horizontal de fincas urbanas, y, siempre que no afecten a terceros, las operaciones de agrupación, división, agregación y segregación de fincas del Estado y de los demás entes públicos estatales certificantes. »


Espainiako Elizak Jose Maria Aznar presidenteak 1998an onartutako dekretu bati esker egin ahal izan ditu immatrikulazioak. Francoren diktadurako lege bat baliatu zen horretarako, apezpiku baten sinadura batek eta egun 30 euroren ordainketak Elizarentzat pribatizatu ahal izatea legeztatzen zuena.[3] immatrikulazio horiek 1998tik 2015 arte jarraitu zuten, urte horretan Hipoteka Erreformari buruzko 13/2015 Legeak, ekainaren 24koak, aukera hori ezeztatu zuen arte.[4]

Elizak ez du (2021) Ondasun Higiezinen gaineko Zergarik ordaindu kultukoak ez diren ondasunengatik (IBI), eta Espainiako Gobernuak 2021eko otsailaren 15ean adierazi zuen erreklamazio prozesu bat irekiko zuela.[1] Ondare horren gehiena aurrekontu publikoen bidez zaharberritu eta mantendu da, eta artean ere mantentzen da askotan. Erreklamazio bat izan da matrikulaturiko ondasunen zerrenda argitaratzeko, eta 2021eko otsailaren 15ean Espainiako Kongresuak hori egitea onartu zuen.[1]

Espainiako ekimen legegile hori Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2016ko abenduaren 20ko epai baten ondoren dator; epai horrek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakotzat hartzen du era guztietako milaka ondasun Elizaren izenean matrikulatzeko arau frankista, apezpiku baten hitza jabetza eskubidearen sortzailetzat hartzen baitu. Epaiak harridura agertu zuen, halaber, Espainiako erakundeen utzikeriagatik.[5]

Ondare immatrikulazioaren datuakAldatu

Immatrikulazio kanpaina hori isilean egin da, eta Nafarroan izan du bere kontrako lehen mugimendu garrantzitsua, herri ondarearen espoliaziotzat hartuz. Immatrikulazio horien zerrenda argitaratzearen kontra Alderdi Popularrak eta Ciudadanos alderdiak bozkatu zuten Espainiako Kongresuan 2017an.

2018ko abuztuaren 22 arte, Espainiako Elizak 1.000 ondasunetik gora matrikulatu zituen Nafarroa Garaian, eta 300etik gora Euskal Autonomia Erkidegoan.[6] Aldiz, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak gezurtatu egin zuen datu hori, Espainiako Gobernuan oinarritua, eta segurtatu du 1946tik 5.000 immatrikulaziotik gora egin direla.[7] Kalkulatu da 3.000 izan daitezkeela Hego Euskal Herrian matrikulatutako ondasunak.[8]

2022ko urtarrilaren 24an, Eliza katolikoak eta Espainiako Gobernuak hitzarmen bat sinatu zuten Elizak matrikulatutako ondasunen inguruan; haren bitartez, Elizak onartzen zuen "matrikulatutako zenbait ondasun beste norbaitenak" edo zalantzazkoak zirela, eta horietako 3.000 erregularizatzeko prest agertu zen, ezbaian ondasun gehiago bide dauden arren.[8] Hargatik, Nafarroa Garaian, Elizak uko egin zion bereak ez zituen 78 ondasun itzultzeari, 2022ko otsailean.[9]

Espainian, Sevillako Giralda, Kordobako meskita edo Zaragozako katedrala daude ondasun horien artean;[3] hurbilago dago, besteak beste, Uxueko Andre Mariaren eliza edo Donostiako Artzain Onaren katedrala. Nafarroako Auzitegiak erabaki zuen Iruñeko Artzapezpikutzarena zela Muskildako Andre Mariaren baselizaren jabetza, Muskildako Patronatu, Otsagabiko Udal eta herritarren iritziaren kontra.[10]

ErreferentziakAldatu

  1. a b c (Gaztelaniaz) Castro, Irene. (2021-02-16). «El Gobierno identifica 34.961 bienes inmatriculados por la Iglesia gracias a la ley de Aznar y activa el proceso para su reclamación» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-27).
  2. a b (Gaztelaniaz) Diariocrítico.com. «El listado de bienes inmatriculados a la Iglesia entre 1998 y 2015 asciende a 34.961 propiedades» Diariocrítico.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  3. a b (Gaztelaniaz) Borraz, Marta. (2018-08-21). «La Mezquita de Córdoba o la Giralda de Sevilla: qué son las inmatriculaciones de la Iglesia y cómo se hizo con ellas» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2021-03-27).
  4. (Gaztelaniaz) Diariocrítico.com. «El listado de bienes inmatriculados a la Iglesia entre 1998 y 2015 asciende a 34.961 propiedades» Diariocrítico.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  5. (Gaztelaniaz) «¿Por qué el Gobierno encubre las inmatriculaciones de la Iglesia?» El HuffPost 2017-01-14 (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  6. (Gaztelaniaz) «La Iglesia registró más de 1.000 propiedades en Navarra y más de 500 en la CAV» EITB Radio Televisión Pública Vasca (Noiz kontsultatua: 2021-03-27).
  7. Cascante, Patxi. (2019). «Las inmatriculaciones de la Iglesia en Navarra "superan las 5.000"» Diario de Navarra (Pamplona-Iruñea).
  8. a b Hermosilla, Gotzon. «Eliza katolikoa prest azaldu da ondasun batzuk itzultzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).
  9. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2022-02-22). «La Iglesia no devolverá los 78 bienes que admite que no son de su propiedad en Nafarroa» naiz: (Noiz kontsultatua: 2022-02-22).
  10. Ostolaza, Paulo. «Muskildako ermitaren jabetzaren inguruko epaiari helegitea jarriko diote» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-24).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu