Edurnezuri

klasikoa bihurtu den ipuina

Edurnezuri (alemanez: Schneewittchen; frantsesez: Blanche-Neige; ingelesez: Snow White; gaztelaniaz: Blancanieves) izenburu bera duen maitagarri-ipuineko protagonista nagusia da. Ahozko tradizioan sortutako kontakizuna bada ere, mundu osoan hedatu den bertsioa Grimm anaiena izan da. Jacob eta Wilhelm anaiek 1812an jaso zuten Berlinen, Kinder-und Hausmärchen izenburua daraman liburuan. Bertsio horretatik abiatuz, asko izan dira egin diren egokitzapenak.

Edurnezuri eta amaordea, XIX. mende amaieran Heinrich Leutemann edo Carl Offterdinger-ek eginiko ilustrazioa.

Grimm anaien bertsioa[1] aldatu

Hassenplug familiak Grimm anaiei kontatutako istorioan, Edurnezuriren ama hil ondoren, aitak emakume eder bezain zital batekin ezkontzeko erabakia hartzen du. Honek, neskatoa hiltzeko agindua ematen du, gazteluan duen ispilu magikoak, bera baino ederragoa dela esaten diolako. Baina, hil behar duen ehiztariak, errukiturik, ihes egiten uzten dio. Gordeleku baten bila dabilela, zazpi ipotxen etxearekin egiten du topo eta hauek babestuko dutela esaten diote; baina, amaordeak, bere ispilu magikoari esker, laster du gertatutakoaren berri eta Edurnezuri berak hiltzea erabakitzen du. Agure saltzaile baten gisan janzten da eta gerruntzea lotzeko lazoak saltzen dizkio neskatoari. Honek, etxera sartzeko baimena ematen dio eta lazoak lotzeko aitzakiaz baliatuz, Edurnezuri itotzen saiatzen da. Baina, ipotxak etxera heldu eta gertatutakoa ikusten dutenean, lazoak lasaitu egiten dizkiote eta neskatoa bere onera itzultzen da.

Amaordeak, berriro ere galdetzen dio ispiluari munduko emakumerik ederrena zein den orduan eta honek Edurnezuri dela erantzutean gertatutakoaz jabetzen da. Orduan, berriro ere, agure saltzaile baten gisa mozorrotu eta neskatoa engainatuz, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Gaztelura bueltatzean, erreginak galdera errepikatzen dio ispiluari, baina honek berriro ere Edurnezuri dela esaten dio. Hau ikusita, erreginak pozoitutako sagar bat prestatu eta ipotxen etxera abiatzen da. Bertan, Edurnezurik sagarrari hozkada bat ematean zerraldo erortzen da. Ipotxek neskatoa kristalezko kutxa batean sartzen dute eta handik pasatzen den printzeak ikusten duenean, maitemindu egiten da. Printzeari ematen diote Edurnezuriren gorpua eta honen mirabeek gaztelura eramateko altxatzen dutenean, estropezu egiten dute eta neskatoak eztarrian daukan sagar zatia atera eta berpiztu egiten da.

Bukatzeko, Edurnezuri eta printzea ezkondu egiten dira eta amaordea gonbidatzen dute ezteietara. Bertan, egindako gaiztakeria guztien ordainez, zigortu egiten dute hil arte sutan berotutako burdinez eginiko zapata batzuk jantzita dantzatzera. 

Edurnezuri kristalezko kutxan ipotxez inguraturik. Marianne Stokesen ilustrazioa, 1880-1900 bitartean.

Grimm anaiek jasotako ipuinean, ipuin klasikoetan gertatu ohi den bezala, ez da Edurnezuriren pertsonaiaren inguruko deskribapen handirik egiten. Badirudi, jatorrizko bertsioan, erreginak elurra bezain zuria, odola bezain gorria eta ebano egurra bezain beltzarana den alaba izateko nahia adierazten duela. Ondoren, ezaugarri horiek betetzen dituen neskatoa jaio dela adierazten denez, Edurnezuri, horrelako ezaugarri fisikoekin irudikatua izan da beti, hots, azal zuriko, masail gorriko eta ile beltzeko emakume gisa.

Bere izaerari dagokionez, ez da deskribapen sakonik egiten. Hala ere, bere jokaera kontutan izanda hainbat ezaugarri esleitu zaizkio[2]:

  • Xalotasuna edo inozentzia: amaordeak hiru alditan engainatzen du Edurnezuri. Lehenengo, gerruntze baten lokarria estutuz hiltzen saiatzen da. Bigarrenean, orrazi pozoitsua sartzen dio buruan. Azkenean, sagar pozoitsuaz engainatzen du. Hiru aldiz erortzen da emakumeak prestatutako trikimailuetan, nahiz eta ipotxek etxean gelditu eta inorekin ez hitz egiteko aholkua eman. Neskatoa inuzentea dela esan daiteke, ez baitu arriskua aurreikusten.
  • Menpekotasuna: Edurnezurik ez du era autonomoan jokatzeko gaitasunik, beti norbaiten menpe egon behar du. Etxeko babesetik ihes egiten duenean, ipotxen laguntza bilatzen du.  
  • Dotorea: neskato liraina izateko baliagarriak diren elementuekin tentatzen du amaordeak: gerruntzea eta orrazia. Hauek onartzen dituenean, zigorra jasotzen du: amaordea bera hiltzen saiatzen da. Hemen, garai hartan ipuinak izan zezakeen helburu moralizatzailea ikus daiteke: pinpirina izateko nahiak galbidera eraman dezake emakumea[2]

Basileren bertsioa aldatu

Grimm anaiek jasotako bertsioaren aurretik, Giambattista Basilek Pentamerone liburuan idatzi zuen Mirabe gaztea kontakizunean, Edurnezuriren istorioaren lehenengo aztarnak aurki daitezke[3]. Kontakizun honetan, Lilla, Oihan Beltzean bizi den baroiaren arreba haurdun gelditzen da sasiarrosa baten hostoa jateagatik. Haurra jaiotzean, Lillak maitagarriei deitzen die umeari dohain bereziak eman diezaioten. Baina, horretan daudela, maitagarria batek estropezu egin eta madarikazio bat jaurtitzen du: Haurrak zazpi urte betetzen dituenean, amak orrazi bat sartzen dio buruan eta hil egingo da. Profezia bete egin da eta neskatoaren gorpua kristalezko hilkutxa batean sartuko dute. Alabari gertatutakoaren ondorioz, Lilla gaixotu egiten da eta hil zorian dagoela, bere nebari eskatzen dio alabaren gorpua dagoen bezala uzteko eta ez dezala inork zabaldu bere gelako atea.

Urte batzuen buruan, baroia ehizara doan egun batean, emazteak debekatutako gelako atea zabaltzen du. Orduan, Lisaren gorpua aurkitzen du eta jeloskor jartzen da, lotan dagoen emakume ederraren irudia ikustean –Lisa urteak joan ahala hazi egin baita, nahiz eta ustez hilik egon–. Horregatik, hura kutxatik atera eta hiltzea deliberatzen du, baina neska burutik hartzean orrazia erori eta Lisa esnatu egiten da. Baroiari gertatutakoa ezkutatzeko asmoz, emazteak mirabe lanak egitera behartzen du neskatoa.

Egun batean, baroia azokara joateko prestatzen ari dela, gazteluko biztanle guztiei galdetzen die oparirik nahi duten. Emaztea gelarazten saiatzen den arren, Lisak, panpina, harria eta labana eskatzen dizkio opari gisa.

Baroia bueltatzean, Lisak opariak jasotzen ditu. Labanaz, panpinaren sabela zulatu eta harria sartzen dio barruan. Orduan, panpina hizketan hasten da eta neskatoak bere istorioa kontatzen dio. Une horretan, baroia neskatoa zelatatzen ari da eta guztia entzutean, haurra bere iloba dela ulertzen du. Orduan, baroiak emaztea gaztelutik kanporatzen du eta Lisari berak hautatutako mutilarekin ezkontzeko baimena ematen dio.

Istorio honetako pertsonaiaren izaerari dagokionez, esan daiteke, nahiz eta baroiaren emazteari aurre egiteko gai ez den, bere burua askatzeko gauza dela. Beraz, Grimm anaien bertsioan agertzen diren hiru ezaugarri nagusiak –xalotasuna, menpekotasuna, irtirina– ez dira errepikatzen kontakizun  honetan. Hala ere, badaude bi istorioetan parekoak diren elementuak: orrazia eta kristalezko kutxa, adibidez.

Ipuinaren jatorri posibleak aldatu

Maria Sophia Magaretha Catharina Von Erthal-en istorioa aldatu

Alemaniako Lohr am Main herriko, Karlheinz Bartels historialariak egindako ikerketari esker, gaur egun, 1725ean jaiotako Maria Sophia Magaretha Catharina von Erthalen istorioa ezagutzen dugu. Bartels-en[4] iritziz, honek inspiratu zuen Edurnezuriren pertsonaia. 

Asko dira bi emakume hauek komunean dituzten ezaugarriak. Dirudienez, Maria Sophiaren aitak, Philipp Christoph Von Erthalek, Kanpo Harremanetarako ministroaren funtzioak betetzen zituen dukerrian. Eginkizun honek bultzatuta, Europako errege, erregina eta enperadore ezberdinekin harremanetan egoteko aukera zuen eta honen ondorioz, Lohr-eko biztanleen ustez, familia noble baten ezaugarriak zituzten Von Erthal-ek. Haien egoitza, Lohr am Main-eko gaztelua zen.

Mariaren ama hiltzean, aitak Claudia Elizabeth Maria von Venningenekin ezkondu zen eta antza denez, ispilu bat oparitu zion. Ispilu horrek, garai hartako beste askok bezala, erreberberazioa deritzon ezaugarri akustiko bereziak zituen.

Bartels-ek egindako ikerketaren arabera, Erthal familiaren kronikariak, izaera atsegineko, emakume bihozbera gisa deskribatzen zuen Maria Sophia  eta pobreziaren aurkako borrokan konprometitua. Neskatoak, barizelak eragindako ikusmen urria zuen, baina honek ez zuen bere laguntzeko grina eten. Dirudienez, herritarrek amaordeak ematen zion tratu zitalaren berri zuten eta estimu handian zuten Maria. Haien ustez, neskatoak printzesa baten ezaugarriak zituen.  

Ikerlariak frogatu ahal izan duenez, Mariaren amaordeak belladona fruitua erabiliz pozoitu zuen neskatoa. Antza denez, sagarraren erdia zukuz busti zuen eta horrek efektu narkotikoak zituenez, Mariaren gorputza gogortu egin zen. Eta orduan, denek pentsatu zuten neskato gaixoa hilda zegoela.

Beste asko izan dira bi istorioen artean aurkitutako parekotasunak, hala nola, basoa –Lohr Spessarteko basora sartzeko atea dela esaten da– , kristalez eginiko hilkutxa, amaordeak jantzi zituen burdinez egindako zapatak…

Grimm anaiak, Steinau izeneko herri batean bizi ziren, Lohr am Mainetik gertu eta dirudienez, Margaritharen istorioaren berri izan zuten. Horrela 1812an, neskatoa hil eta urte batzuetara, kontakizuna jaso zuten bere ipuin liburuan. 

Mitologia klasikoaren oihartzuna aldatu

Sheldon Cashdan idazleak, La bruja debe morir saiakeran aipatzen duenez, handiusteak edo harroak betidanik egon dira presente maitagarri ipuin gehienetan[5]. Apuleiok II. mendean jasotako Kupido eta Psikeren kontakizunean, kasu. Askok ipuin hau lehenengo maitagarri ipuina dela uste dute.

Venus, edertasunaren greziar jainkosa, jeloskor jartzen da hura baino ederragoa den Psike deituriko printzesa hilkorra ezagutzen duenean. Venusen jarraitzaileak jainkosa baztertu eta Psikerengana joaten dira haren edertasunaz liluratuta. Jainkosa konturatzen denean sumindu eta bere seme Kupidori dontzeila hiltzeko eskatzen dio.

Kupido bere amaren agindua betetzen saiatzen da, baino txundituta geratzen da Psike ezagutzen duenean. Venus, bere semea Psikez maitemindu dela ohartzen denean, harekin haserretu eta mendekua hartzea erabakitzen du.

Lehenengo saiakeran zelai zabal batean dauden gari, garagar, arto eta dilistak zaku desberdinetan sailkatzeko eskatzen dio Venusek. Psique larri dabil baino Kupidok bidalitako inurri talde batek lana amaitzen laguntzen dio.

Hala ere, Venus ez dago konforme, eta oraindik arriskutsuagoa den betebehar bat ematen dio: Infernura abiatu eta Plutonen emaztea, Proserpina, aurkitzea,. Eta aurkitzean, “edertasunaren urrezko edalontzia” kendu, eta ireki gabe, Venusi ematea.

Venusek, ondo daki Psikerentzat zaila izango dela tentazioari eustea eta zuzen dago. Dontzeilak agindua bete beharrean edalontzia irekitzen du eta orduan, lurrun hilgarri batek inguratzen du. Zorionez, Kupido handik gertu dago eta gertatutakoa ikusita harengana abiatzen da. Lurrun hilgarriak jaso eta edalontzian sartzen ditu berriz, Psike esnaraziz. Honek, aurrera jarraitzen du eta Venusi agindutakoa eskaintzen dio. Psike Olinpora igotzen da eta bertan, Kupidorekin elkartzen da. Azkenean, Venusek, semeari barkatzen dio eta bikoteari jainkoen bedeinkazioa eskaintzen dio.

Hainbat dira mito honek eta Edurnezuriren istorioak dituzten ezaugarriak, hala nola:

  • emakume heldu batek gazteago bat hil nahi du bera baino ederragoa delako;
  • hainbat froga jartzen dizkio honen heriotza ziurtatzeko, baina neskatoak aurre egiten die;
  • azkeneko frogan elementu pozoitsu bat hartzeagatik lokartu egiten da protagonista;
  • pertsona harroputza izateak ekar ditzakeen arazoen inguruko mezua transmititzen da. 

Interpretazioak aldatu

Psikoanalitikoa aldatu

Bruno Bettelheim-ek The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales liburuan kapitulu oso bat eskaintzen dio Edurnezuriren istorioari.[6] Ikerlari honen ustez, ipuin honen bitartez haur guztiek izaten duten Ediporen konplexua islatzen da, izan ere, printzesaren edertasunak sorturiko zeloek amaordea bultzatzen dute hau hiltzera. Honela, zeharka, aitaren maitasunarengatik borrokatzen ari direla transmititzen zaio irakurleari

Gauzak horrela izanik, Betthelheimek dioenaren arabera, maitagarri ipuinek arazo Edipiko horiek azaleratzen eta ulertzen laguntzen digute. Edurnezuriren istorioan, haurren garapenaren fase nagusiak deskribatzen dira[6]:

  • jaiotza eta lehen haurtzaroa edo fase aurre-Edipikoa: Edurnezuriren ama hil eta amaordeak ordezkatzen du;
  • haurtzaroa eta Ediporen konplexuren agerpena: edertasunak bi emakumeen arteko lehia sortzen du;
  • nerabezaroa eta Edurnezuriren garapena: Ipotxekin pasatzen duen denborak haren hazkuntza errepresentatzen du;
  • gaztaroa eta esnatzea: Printzeak Edurnezuri aurkitzen duenean esnatu egiten da ezkontzeko prest dagoelako.

Autore honek aipatzen duenez, ipuin miresgarriek etengabeko garapenean dagoen heroiaren ikuspuntutik islatzen dute mundua eta ez era objektiboan. Horri esker, haurra Edurnezurirekin identifikatzen da eta bere barne gatazka –Ediporen konplexuak eraginda– ulertzen hasten da. Izan ere, nahiz eta alabak aitaren maitasuna bilatzen duen, jasangaitza izan daiteke beretzat amak horren ondorioz zeloak sentitzea. Azken finean, haur horrek aitak eta amak maitatzea nahiko du. Edurnezuriren kasuan, jeloskor sentitzen den “ama”ren ekintzak justifikatzeko, edertasunaren lehian oinarritzen da. 

Era berean, autoreak dio, Edurnezuri eta erregina gaiztoaren arteko harreman korapilatsu horrek, ama eta alabaren arteko gatazka sinbolizatzeaz gainera, pertsona batek izan ditzakeen joera bateraezinen proiekzioa direla. Bettelheim-en hitzetan, izaeraren barne kontraesanak gurasoekin ditugun harremanetan dute oinarria eta istorio honek hori islatzen du.

Hona hemen Bruno Bettelheim-ek analisi psikoanalitikoaren bitartez identifikatutako sinbolo ezberdinak[6]:

  • Odola: Edurnezuriren amak hiru odol tanta isurtzen ditu elurraren gainean. Honela, istorio guztian zehar islatuko den gatazkaren berri ematen zaigu kontakizunaren hasieratik: sexuarekiko xalotasun –elurraren kolore zuria– eta sexu grinaren –odol gorria– arteko borroka. xalotasunaren eta sexualitatearen arteko guda.
  • Ehiztaria: pertsonaia maskulino honek aitak betetzen ez duen babes funtzioa du helburu, psikoanalisiaren teoriari erreparatuz gero. Babesaren sinbolo gisa irudikatzen bada ere, Edurnezuriren istorioan honen izaera anbibalenteak ez du laguntzen. Honela azaltzen du Bettelheimek:
« Edurnezuriren istorioan aita-ehiztariak ez du bi emakumeen arteko gatazkan jarrera zehatzik hartzen, hau da, ez du Edurnezuri hiltzen baina, basoan bakarrik uzten du nahiz eta badakien arriskuz betetako lekua dela. Honela, amaordearen aginduak betetzen ahalegintzen da honekin arazorik ez edukitzeko eta era berean, Edurnezuri laguntzen saiatzen da aitaren eginkizuna betez. Bere izaeraren anbibalentzia horrek, erreginak duen gorrotoa handitu besterik ez du egiten, honek dituen zeloak areagotuz. »


Amaordeak ispiluarekin dituen elkarrizketen bitartez, nartzisismoaren arriskuen inguruko informazioa jasotzen dute haurrek. Handiusteak galbidera eramaten ditu erregina eta baita Edurnezuri bera ere. Gatazka horri dagokionez, Bettelheimek ondorengoa aipatzen du:[6]

«

Ispilu magikoak haurraren ahotik hitz egiten duela dirudi. Alaba txiki batek pentsa dezake bere ama munduko emakumerik ederrena dela –halaxe aipatzen du ispiluak hasieran–. Baina, urteak pasa ahala, alabak ikusiko du ama baino ederragoa dela eta ispiluak hori aitortuko dio amari. Honela, amak, ispilura begiratu eta esango du: «Nire alaba ni baino ederragoa da» eta ispiluak iritzi hori baieztatuko du.


»


Edurnezurik ipotxen etxean ematen duen denborak bakea sinbolizatzen du. Haur izateari uzten dio, neskato gazte bihurtzeko, akatsik gabeko etxekoandrearen eginkizunak zeintzuk diren ikasten duen bitartean. Ipuinean, igarotako denboraren inguruko aipamenik egiten ez den arren, ikus daiteke, Edurnezurik haur izatetik gerruntzea erabiltzera pasa den nerabea dela. Etxe horren babesean ematen duen denbora tartean, bere izaera garatuz doa. Berarekin dauden ipotxak asteko zazpi egunen adierazle gisa identifikatzen ditu Bettelheimek. Bakoitzak, neskatoak lanean eman behar duen asteko egun bat irudikatzen du eta honela, Edurnezuriri adierazten zaio, hazteko, lan esparruan moldatzen ikasi behar duela.

Era berean, guztiz hazi ez diren gizonezkoak diren heinean, ez dute barne-gatazkarik, errutinan eroso sentitzen dira. Horregatik, ezin dute ulertu, neskatoak zergatik ezin duen amaordeak eskainitakoa hartzeko tentazioari eutsi. Edurnezuriren pertsonaiak garapena sinbolizatzen duen bitartean –etengabeko gatazkak pairatu eta gainditzen dituelarik– ipotxek garapen eza sinbolizatzen dute. Honekin haurrari transmititzen zaion mezua honakoa izango litzateke: «Bizitza honetan aurrera egin eta hobetu ahal izateko, gatazkak ezinbestekoak dira».[6]

  • Sagar gorria

Sagarrak, beste hainbat kontakizunetan bezala, sexua eta maitasunaren alderdi positibo zein negatiboa islatzen du. Edurnezurik eta erreginak sagarra partekatzen dute biek duten ezaugarria sinbolizatzen duelako fruituak: sexu grina. Honela, Edurnezurik[6] bere xalotasunari eta ondorioz haurtzaroari uko egiten dio betiko. Ondorioz, heldu ez diren ipotxek ezin diote etapa berri horretan lagundu eta horregatik ez dute lortzen neskatoa esnatzea aurrekoetan bezala.

  • Hegaztiak

Sagarrari hozkada ematean, bere baitan dagoen haurra hil egiten da eta bere gorputza kristalezko hilkutxa batean sartzen dute oraindik ez dagoelako helduen munduan murgiltzeko prest, nahiz eta fisikoki garatua egon, bere burua heltzeko dago oraindik. Gauzak horrela, Edurnezurik hilkutxan ematen duen denboran, hiru hegaztiren bisitak jasotzen ditu. Hegaztiak heldutasunera igarotzeko beharrezkoak diren dohainen[6] isla dira: hontza jakituriaren ikurra da, belea kontzientziaren heldutasunarena eta usoa maitasunarena. Hiru dohain hauek biltzen dituenean, Edurnezuri prest dago eta horregatik esnatu egiten da..

Ipuinaren interpretazio sinbolikoa aldatu

Edurnezuri, Grimm anaien bildumako ale nagusia izateaz gain, Walt Disneyren marrazki bizidunen film luzeen ibilbidearen hasiera da. Edurnezurik maitagarri ipuinek izaten dituzten aldi guztien ezaugarriak ditu:[5]

  • Odola: erreginaren hatzetik isurtzen diren hiru odol tantek ama eta Edurnezuriren arteko lotura biologikoak azpimarratzen dituzte. Bruno Bettelheim Psicoanalisis de los cuentos de hadas[7] liburuan sinbologia honetaz ere mintzo da.
  • Amaren heriotza: amaren heriotza gertakari arrunta da maitagarri ipuinetan. Honen arrazoia, errealitate historikoan datza. Izan ere, XIX. mendera arte, erditzea hilkortasunaren kausa nagusienetariko bat zen, infekzio eta gaixotasunak ere ugari ziren. Horregatik, ez zen hain arraroa haurrak amarik gabe geratzea.[5] Ama biologikoa amaordeagatik aldatzea ere, maitagarri ipuinetan gertakari arrunta da eta horrek ere, gertakari historikoetan du oinarria. Bizi beharrak gizonezkoak behartzen zituen emakumeak ordezkatzera. Psikologikoki,ama edo babeslearen faltan, heroiak bere barnetik atera beharko ditu ama bertan egongo balitz beharko ez zituen baliabideak.[5]
  • Kanibalismoa: giza haragiaren kontsumoa maitagarri ipuinetan maiz agertzen da. Honela gertatzen da amaordeak Edurnezuriren birikak eta gibela heriotzaren froga gisa eskatzen dituenean. Gatzetan ondu, egosi eta neskatoaren birika-gibelak direlakoan oso-osorik jaten ditu. Gertaera horren ondorioz, irakurle edo entzuleak kanibalarentzako zigorrik gogorrena nahi du.
  • Errukia: zorionez, ehiztaria printzesaz errukitzen da eta bizitzeko aukera ematen dio. Hala eta guztiz ere, ez da errukitzen gaiztakeriaz libre delako, ederra delako baizik[1]:
« – Ehiztari ona, utz nazazu bizirik, oihanean barrena ibiliko naiz, eta ez naiz sekula etxera itzuliko.

Eder-ederra zenez, errukitu zen ehiztaria, eta esan zuen: – Hoa, ba, neskatila koitadua.”

»

—Grimm anaien ipuinak


Amaordeak ederra delako hil nahi du Edurnezuri, eta arrazoi beragatik, uzten du ehiztariak aske oihanean barrena.

  • Ipotxak amatasunaren sinbolo: ipotxak ez dira soilik momentu eta leku egokian aurkitzen ditugun pertsonaiak. Ipotxak Edurnezuriri hainbat ohartarazpen egiten diote: “Ez inori barruan sartzen utzi ” [1] “...” . Hain zuzen ere, hauek dira amek haien seme-alabei ematen dizkieten ohartarazpenak. Beraz, ipotxak amaren ikonoak dira, ama zintzo baten sinbolo.

 

Kritika feminista aldatu

Oinarrizko gordeleku eroso eta segurua aurkitu badu Edurnezurik ipotxen etxean, kritika feministek, beste ikuspuntu batetik behatzen dute proposamena. Feministek diote, babeslekuaren eskaintza emakumeak etxeko lanetara mugatzea duen gizarteko joera orokorra islatu nahi dutela. Honela, menpeko jarrera hartuko du pertsonaiak.

« – Nahi baduzu gure etxearen ardura hartu, janaria prestatu, oheak atondu, garbitu, josi eta galtzerdiak egin, eta dena txukun eta garbi eduki, gure etxean geldi zaitezke, eta ez zaizu ezer faltako »

[1]


Istorioaren Egokitzapena aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Filmak eta telesailak aldatu

Snow White 1916

Asko izan dira pertsonaia honen inguruan egindako irudi bidezko adaptazioak. 1916. urtean sortu zen lehenengoa (Snow White) eta urteak aurrera joan ahala ia hamarkada guztietan aurki dezakegu Edurnezuriren istorioaren egokitzapenen bat. Gizartearen aldaketek bultzatuta, pertsonaiak berak ere nolabaiteko garapena eman du egokitzapen hauetan eta mirabe errukitsua izatetik gerlari ausarta izatera pasatu da.

Jarraian moldaketa horietako batzuk ageri dira. Film bakoitzean, Edurnezuriren pertsonaiaren deskribapenarekin batera, Grimm anaien istorioarekin dagoen aldea ikus dezakegu. Honela, pertsonaiak izan duen garapena islatzen da.

Filmak aldatu

1937. urtean ekoiztutako filmean, istorioaren izenburua aldatu egin zen eta honela, Edurnezuri izatetik Edurnezuri eta zazpi ipotxak izatera pasa zen. Honekin, protagonista nagusia bigarren maila batean gelditzen da beste pertsonaia batzuk gailentzen direlarik. Horren adibide dira ipotxak eta basoko animaliak.

 
Zazpi ipotxak 1937ko Disney faktoriaren filmean.

Kasu honetan ere, Edurnezurik, ile beltza, azal zuria eta masail gorriak ditu Grimm anaien istorioan bezala. Irudizko moldaketa izanik, garrantzia handia eman zitzaion pertsonaiaren irudiari eta hiru ilustratzaile ezberdinen lana behar izan zen Disney-ren gustuko emakumea sortzeko[8].

Janzkerari dagokionez, bi soineko mota erabiltzen ditu Edurnezurik filmean. Hasieran, gaztelua garbitzen duen neskame gisa aurkezten zaigunean, adabakiz betetako soinekoa darama. Baina, gainontzekoan, printzesan soineko hori, urdin eta gorriarekin agertzen da.

Jarrerari erreparatuz, esan daiteke, Edurnezuri, mirabe inozentearen arketipo gisa irudikatzen zaigula. Maitasun erromantikoaren bila dabilen emakume maitekor, xalo, errukitsu eta alai gisa, alegia. Bere ametsetako printzearen zain dagoela adierazten du aukera duen bakoitzean, kantuen bitartez edota seme gisa tratatzen dituen ipotxekin. Ikus daiteke, beraz, Grimm anaien ipuinean ez bezala, Edurnezurik hartzen duela amaren rola zazpi ipotxekin eta ez alderantziz.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

«Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoitua, eta berpiztu egin zen»[1]. Hil arte, sutan berotutako burdinezko zapatakin dantzatzera zigortua.
Edurnezuri eta zazpi ipotxak (1937) Ipotxak

Edurnezuri

Amaordea

Sagarra Printzeak emandako musua. Amildegi batetatik erori eta hil.

 

  • Snow White and The Three Stooges (1961)

Film honetan Edurnezuri da protagonista nagusia. Bigarren maila batean, garrantzi handia hartzen dute 3 arloteek, printzeak eta amaordeak.

Jatorrizko bertsio idatzian bezala, protagonista azal zuria, ile beltza eta masail gorriekin agertzen zaigu film honetan ere. Izotz gainean irristatzea gustatzen zaio eta soineko zuri ederrekin agertzen da. Gazteluko kartzelan sartzen dutenean, ordea, soineko eta mantala zaharra jantzita agertzen zaigu. Ehiztariak basora eramaten duenean, gona, kapa eta buruan zapia duela agertzen da.  

1961ean plazaratutako filmean Edurnezuri emakume goxo, xalo, eta ekimen gutxiko pertsonaia bezala agertzen da. Iniziatiba gehiena printzearen eskutik agertzen zaigu eta ez protagonista nagusiaren eskutik. Edurnezurik, film honetan ere, semetzat hartzen dituen arloteak zaintzen ditu etxeko lanak eginez. Hauek, protagonistaren ekintzak bere gain hartzen dituzte hura babestu nahian, etxetik ateratzea debekatuz –Grimm anaien jatorrizko bertsioan egiten duten bezala– eta inori atea ez irekitzeko ohartaraziz, besteak beste. Edurnezuriren desio eta beldur asko haren ametsetan dute isla. Bertan agertzen baitira printzea eta amaordea askotan.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

«Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoitua, eta berpiztu egin zen[1]». Hil arte, sutan berotutako burdinezko zapatakin dantzatzera zigortua.
Snow White and The Three Stooges

(1961)

Edurnezuri

Printzea

Hiru arloteak

Amaordea

Sagarra Printzearen besarkadaz esnatzen da. Arloteek ezpata magikoarekin azken desioa eskatzen dute, eta erregina infernuan bizitzera zigortzen dute.

Film honetan, Edurnezurik hartzen du garrantzi handiena istorioko protagonista bera delarik. Hala eta guztiz ere, pisu handia dute amaordeak, printzeak eta ipotxek.

Pertsonaiaren jarrera eta haren janzkera bat datoz filmean zehar. Hasieran, pertsonaia maitekor eta xalo gisa agertzen denean jantziak printzesarenak dira, dotoreak, alegia. Dena dela, Edurnezuriren pertsonaia ahalduntzen doan heinean, janzkera ere aldatuz doa eta printzesa bati ez dagozkion, borrokarako jantzi erosoagoak janzten ditu.

Azpimarratu beharra dago, orain arte egindako Edurnezuriren filmekin alderatuz gero, hau desberdina dela. Film honetan, nabaria da Edurnezuriren pertsonaiak hartzen duen papera. Nabarmen aldatzen da pertsonaia, filmaren hasieratik amaierara arte. Hasieran, 18 urte betetzen dituen neskato bat besterik ez da. Filma aurrera egiten duen heinean, Edurnezuri ahaldundu egiten da eta bere arma guztiak amaordearen eta herriak sufritzen dituen injustiziekin amaitzeko erabiltzen ditu. Edurnezurik bakarrik egiten du borroka, ez ditu printzipe eta ipotxak behar txotxongilo eta piztiak garaitzeko. Gainera, Edurnezuri da hasieran eta amaieran printzea salbatzen duena. Honako adibide hauekin nabarmena da, irudizko moldaketa honetan, Edurnezurik rol estereotipoekin apurtzen duela.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

«Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoitua, eta berpiztu egin zen»[1]. Hil arte, sutan berotutako burdinezko zapatakin dantzatzera zigortua.
Mirror mirror

(2012)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Printzea

Txontxongiloa

Piztia

Sagarra

Edurnezuri ez da hiltzen. Printzeak lo hartzen du Edurnezuriren amaordeak eskaintzen dion pozindutako edabe magikoa edaten duenean. Aztikeria kentzeko Edurnezurik printzeari musu ematen dio. Zahartzera zigortua.
  • Snow White & the Huntsman (2012)
 
Edurnezurik Snow White and The huntsman (2012) filmean daraman burdin jantzia.

Film honetako Edurnezuri emakume ausart eta borrokalari gisa agertzen zaigu. Hasieratik, amak nolako alaba nahi duen adierazten duenean, gainontzeko egokitzapenetan aipatzen ez den ezaugarria eransten du, erreginak «arrosa bezain indartsua» izatea eskatzen duenean. Era berean, pertsonaiaren inguruko lehenengo deskribapena egiten denean ondorengoa esaten da: «Erresuma guztiak maite zuen Edurnezuri bere izaera menderakaitz eta bere edertasunarengatik».[9]

Film osoan zehar duen izaerari erreparatuz, neska adoretsu, gogotsu, argi eta bihozbera dela esan daiteke. Grimm anaien jatorrizko bertsioko protagonistarekin alderatuta, ez dute bat ere antzik. Istorio honetan, borrokarako prest dagoen emakume ekintzaile eta aitzindaria da, berak bultzatzen du herria erreginaren kontra borrokatzera: «Ni izango naiz zuen arma, zuen bihotzetako suaz forjaturiko ezpata. Nahiago dut borrokatu eta hil heriotzaren erresuma honetan egun bat gehiago ematea baino»[9]. Borrokan daudela berak bilatzen du amaordea eta akabatzen du inoren laguntzarik gabe.

Janzkerari dagokionez, hasieran, gazteluan bahituta dagoen bitartean, garai hartako emakume jantzia daraman arren, basoan sartu eta berehala jantzia mozten du erosoago egoteko. Gerrarako prestatzean, burdinazko armadura jartzen du.

Bertsioa Pertsonaia nagusiak Gainditu beharreko probak Esnatzeko modua Amaordearen patua
Grimm anaiak

(1812)

Edurnezuri

Amaordea

Ipotxak

Gerruntzea

Orrazi pozoitsua

Sagarra

«Estropezu egin zuten zuhaixka baten aurka, eta dardararen eraginez, eztarri zulotik atera zitzaion Edurnezuriri irentsitako sagar zati pozoitua, eta berpiztu egin zen»[1]. Hil arte, sutan berotutako burdinezko zapatakin dantzatzera zigortua.
Snow White & The Huntsman (2012) Edurnezuri

Ehiztaria

Amaordea

William (Edurnezuriren txikitako laguna)

Amaordearen neba

Ipotxak

Gaztelutik ihes egitea

Sagarra

Guda

Ehiztariak emandako musuaren ondoren esnatzen da. Edurnezurik hiltzen du.

Telesailak aldatu

  • Once Upon a Time

2011an hasitako telesaio honetan Edurnezuri da protagonista nagusienetariko bat. Grimm anaien bertsioko emakumearekin alderatuta, printzesa ekintzaileago eta ausartagoa dela esan daiteke, baina hala ere, maitasun erromantikoan oinarritutako  istorioa da, printzearen musuak esnatzen du Edurnezuri.

  • Cuéntame un cuento

2014ean estreinatutako Cuéntame un cuento telesaioan, Edurnezuri, emakume indartsu, burujabe eta ahaldundua da. Gehienetan, ez du ipotxen beharra, haiek bizi dira ordea, Edurnezuriren menpe. Sentimenduz beteriko saio honetan Edurnezuri ez da printzearekin maitemintzen, ipotx batekin baizik.

Ipuinak aldatu

Hona hemen Grimm anaien bertsiotik sortu diren eta euskaraz aurki ditzakegun ipuinak:

Irugi galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Gomez, Genaro. (1999). Grimm anaien ipuina. Pamiela ISBN 9788476813126..
  2. a b (Gaztelaniaz) Sánchez Hernández, Tomás. (PDF) De los Grimm a Disney- Un estudio narratológico de la adaptación de Blancanieves. (Noiz kontsultatua: 2017ko martxoaren 29a).
  3. Giambattista., Basile,. (2006). Pentameron : el cuento de los cuentos. Siruela ISBN 9788478449927..
  4. (Alemanez) Bartels, Karlheinz. (2012). Schneewittchen – Zur Fabulologie des Spessarts.. Geschichts- und Museumsverein Lohr a. Main, Lohr a. Main., 56-59 or. ISBN 978-3-934128-40-8...
  5. a b c 1935-, Cashdan, Sheldon,. (2000). La bruja debe morir : de qué modo los cuentos de hadas influyen en los niños. (1a. ed. argitaraldia) Debate ISBN 8483063336..
  6. a b c d e f (Gaztelaniaz) Bettelheim, Bruno. (1978). Psicoanálisis de los cuentos de hadas (jatorrizko ingelesezko liburu honetatik eginiko itzulpena: The Uses of Enchantment: The Meaning and Importance of Fairy Tales). Critica, 217-239 or. ISBN 9788498920864..
  7. (Gaztelaniaz) Bettelheim, Bruno. ((1978) 2006). Psicoanálisis de los cuentos de hadas. Crítica, 448 or. ISBN 9788484327882..
  8. (Gaztelaniaz) L. Witkowski, M. Kraus. (1996). Walt Disney, Blancanieves y los siete enanitos- La realización de un arte. Ediciones B.
  9. a b Snow White & the Huntsman. (2012). United States & United Kingdom.

Bibliografia aldatu

  • Bettelheim, Bruno (1978). Psicoanalisis de los cuentos de hadas. Barcelona: Critica.
  • Cashdan, Sheldon (2000). La bruja debe morir. Ensayo
  • Gomez, Genaro (2013). Grimm anaien ipuinak. Pamiela..
  • Krause, M., & Witkowski, L. (1996). Walt Disney, Blancanieves y los siete enanitos- La realización de un arte. Barcelona: Ediciones B.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu