Drangiana edo Sarangia (persieraz: Zaranka, "uraren lurraldea", pashtoeraz: Dzaranda edo Dzaranga) Asia erdialdeko eskualde baten antzinako izena da. Helmand ibaiaren ahoan dagoen Hamun-e Helmand aintziraren inguruan hedatzen zen. Gaur egun, antzinako herrialde hau, Afganistango hego-mendebaldearen eta Irango ekialdearen artean banaturik dago (Sistan).

Drangiana, Ariatik ekialdera, Baktrianatik hegoaldera, Arakosiatik mendebaldera eta Gedrosiatik iparraldera zegoen.

Eskualdea irandar tribuek populatua zegoen. Mediarrek menderatu zuten, Ziro II.a Handiaren erregealdian Persiar Inperioak behin betirako konkistatu eta erantsi zuen arte. Ordutik aurrera, Drangiana, Persepolisetik izendaturiko gobernariek gobernatutako satraperria bat izan zen, autonomia maila handia zuena, gertu zituen Baktriana, Arakosia, Gedrosia eta Sogdiana bezala. Bere hiriburua, Phrada edo Frada zen, gaur egungo Farah hiriarekin edo Zaboletik gertu dagoen Dahan-i Ghulaman aztarnategiarekin identifikatua, non akemenestar estiloko jauregi bat aurkitu zen.

Herrialdeak, Persiar Inperioko gainontzeko lurraldeen patu bera jasan zuen: Alexandro Handiaren eskuetan erori zen eta ekialdeko beste satraperria batzuen antzeko eboluzio historikoa jarraitu zuen gero.

Kanpo estekak

aldatu