Dorletako Gatzagak

Leintz Gatzagako gatz ekoizpenaren gune historikoa

Dorletako Gatzagak Leintz Gatzaga herrian gatza sortzen zen eremuari esaten zaio. Gatzaga erako esplotazio bat mendeetan egon den tokian, 21. mendean erakustaldi eran ekoizten da gatza Leintz Gatzagako Gatz Museoan. Arkeologia ondare sailkatua da EAEko administrazioarentzat[1].

Dorletako Gatzagak
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaLeintz Gatzaga
Koordenatuak42°59′00″N 2°33′59″W / 42.98327954°N 2.56630107°W / 42.98327954; -2.56630107
Map

Euskal Herriko beste gatzagetan ez bezala (adibidez Jaizkoak, Artetakoak edo Añanako Gatz Harana), Dorletako gatzagetan gatza lortzeko prozedura ez da eguzki argiarekin lortutako lurrunketa, baizik eta suaz eta galdarekin egindako prozesu industriala.

Etimologia aldatu

Ur gaziko iturritik, gatza ateratzeko, ura dorla izeneko galdara handi batzuetan berotzen zen, eta hortik datorkio izena tokiari, eta baita ere Gatzagako beste toki batzuei ere, hala nola Dorletako santutegiari.

Historia aldatu

Burdin aroan jada gatza bertan ustiatzen zela jakin badakigu, aurkitu diren aztarnei esker: iberiarren garaiko txanpon bat, erromatarren zeramikak, gatzez egindako kristalak, egur-zatiak...[2]

Leintz Gatzaga hiribilduaren sorrera bera (1331. urtean), gatzaga hauen ustiapen ekonomikoari lotuta dago.

XVI. mendean, gatzagak ur gazidun putzu batek eta 8 etxek (dorlak) osatzen zituzten. Etxeetan burdinazko galdaretan biltzen zen ur gazia, behin lurrinduta gatza askatzen zuena. Ekoizpena uztailetik abendura zegoen martxan, hilabete lehorragoak zirelako. Urteko beste hilabeteetan egurra pilatzen jarduten zuten.[3]

1834an ibarrak pairatutako uholdeen ondorioz gatzagak suntsituta geratu ziren. Eskuzko ustiapen historikoa orduan bukatu zen, eta hortik aurrera "Productos Léniz" enpresak hartu zuen lanen ardura, sistema hidraulikoa erabiliz eta fase industrialari ekinez. 1920an instalazioen azken berrikuntza handia egin zuten, ingenieritza aurrerakuntza batzuk sartzen. Hala ere, gesal edo itsasoko gatzaren lehiakortasun handiari ezin aurre egin, eta lantegiak lixiba eta kloroa ekoizteari ekin zion, 1972an itxi zuten arte.

2000. urtean Gatz Museoa ireki zen bertan.

Erreferentziak aldatu