Donostiako forua Nafarroako Antso VI.a Jakituna erregeak esleitutako araubidea da, segur aski 1181. urtekoa. Donostiako forua hiri gutunaren bidez eman zitzaion hirigune sortu berriari, lehenago Izurum edo Izurun deitutako herrigunean, egun Urgull deitutako mendiaren magalean, Donostia Hernanikoa nafar tenentzian (egungo Gipuzkoan).

Donostiako forua Antso errege nafarra (1150-1194) hasitako foru esleipenen zabalkundean kokatzen da, eta kolono frankoei esleitutako Lizarrako foru hedatuan oinarritzen da % 60an (1164); berau, aldi berean, Jakako forutik (1076) eratorri zen. Donostiako foruaren ordu arteko berezitasun handiena itsas forua izatea da; izan ere, munduko itsas foru zaharrenetako bat da. Lizarrako forutik hartu gabeko gainerakoa, itsasoari buruzko zatia, Olerongo itsas arauetatik edanez osatu zen. Foru eta hiri gutunaren bitartez, Baionaz iparraldeko merkatari gaskoiak hasi ziren Donostia berrian finkatzen, nafar erregeak deituta eta foruan ezarritako abantailek erakarrita. Ia aldi berean, Gasteizi ere esleitu zion forua, ordutik ofizialki Nova Victoria deitua.

Donostiako forua Orio eta Bidasoa arteko eremu guztiari aplikatzen zitzaion, Donostia Hernanikoa nafar tenentziari. 1199-1200. urteetan, ordea, Alfontso VIII.a erregeak itsasaldeko Nafarroa inbaditu zuen, baita Donostia ere indarrez hartu. Gaztelar erregeak, orduan, bertako eta bertan finkatutako merkatari, marinel eta artisauen mesedea segurtatu nahirik, nafar forua berretsi zien. Gainera, Donostiako forua berretsi zion hartatik bereizitako Hondarribiari. Donostiako forua esleitu zien, halaber, Mutriku eta Getariari, hurrengo urteetan.

Zuzenbidea Artikulu hau zuzenbideari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.