Dobbs Jackson Women's Health erakundearen aurkako auzia

Dobbs Jackson Women's Health Organizationen aurkako auzia, Estatu Batuetako Gorte Gorenak 2022ko ekainaren 24an eman zuen epai historikoarekin amaitu zen auzi judizial bat izan zen. Epai horretan, Auzitegiak dio Estatu Batuetako Konstituzioak ez duela abortatzeko eskubiderik aurreikusten, eta bertan behera utzi zituen Roe v. Wade (1973) eta Caseyren aurkako Planned Parenthood (1992) kasuak. AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du abortu eskubide konstituzionala. Ondorioz, aurrerantzean, estatu bakoitzak izanen du auziaren gainean erabakitzeko eskumena, eta litekeena da herrialdeko estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatzea ala haurdunaldia eteteko aukerak murriztea.[1]

Dobbs Jackson Women's Health erakundearen aurkako auzia
Irudia
Motaauzitegi prozedura
Ameriketako Estatu Batuetako Gorte Gorenaren epaia
Argitaratze-data2022ko ekainaren 24a
Argumentu nagusiaabortua Ameriketako Estatu Batuetan
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Nongo eskumenen mendeAmeriketako Estatu Batuak
Honen ondorioa2022 abortion rights protests in the United States (en) Itzuli
Plaintiff (en) ItzuliJackson Women’s Health Organization (en) Itzuli
Inputatua
AuzitegiaAmeriketako Estatu Batuetako Gorte Gorena
Komunikabide
Hashtag#AbortionBan
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa 2022ko maiatzean, New Yorken.

Gertaera aldatu

Iragarrita zegoen, baina kolpea izugarria izan da: Roe v. Wade abortu eskubidea bermatzen zuen 1973ko aurrekaria bertan behera utzi du Gorenak. Bost epailek bozkatu dute Roe v. Wade baliogabetzearen alde, eta lauk kontra —hiru epaile aurrerakoiekin batera bozkatu du magistratu kontserbadoreetako batek—. Errepublikanoen esku dauden 25 estatutan gutxienez abortua debekatuta edo oso murriztuta egongo da aurki, eta, horietako hamahirutan, trigger law izenekoak: orain artean ezartzerik ez zuten baina Gorenak aukera eman bezain laster indarrean sartuko ziren abortuaren aurkako legeak. 36 milioi emakume bizi dira estatu horietan, eta beste dozena bat estatuk iragarri dute datozen asteetan onartuko dituztela abortua legez kanpo uzteko neurriak.[2]

Estatu bakoitzak arautuko du aurrerantzean abortu eskubidea, beraz. Aurrekari konstituzionala bertan behera uzteko erabili duten Mississippiko legeak hamabost asteko epea ezartzen zuen abortuetarako —23 astean zegoen konstituzionalki—. Geroztik, ordea, askoz neurri gogorragoak onartu dituzte hainbat estatuk: Texasek sei astera —«lehen taupada»— laburtu zuen epea iazko udazkenean, eta Oklahomak erabat galarazi du abortua aurten, ernalkuntza unetik bertatik.

Abortuaren aurkako argudioak aldatu

Epaiak hau dio: «Konstituzioak ez du ematen aborturako eskubiderik. Eta abortuak arautzeko ardura herritarrei eta haiek hautatutako ordezkariei bueltatu behar zaie». Konstituzioan, XVIII. mendeko testua izanik, ez da abortua aipatzen, baina 1973tik indarrean den araudiak aintzat hartzen zuen «pribatutasunerako eskubidea» jasotzen du, eta horren baitan sartzen da emakumeak bere gorputzaz hautatzea. Gorenak erabaki horrekin atzera egin du duela 50 urteko erabakian.[3]

Erreakzioak aldatu

Auzitegi Gorenak abortu eskubide konstituzionala ezabatu eta berehala, herrialdean hedatu ziren manifestazioak eta elkarretaratzeak. Jendetzarik handienetakoa Auzitegi Gorenaren atarian bertan eta inguruko kaleetan bildu zen, Washington hiriburuan, egun osoko protestan. Milaka lagunek egin zuten protesta, AEBetako beste 500 hiritan, bestetik. Zutitu, egin borroka eta eutsi izan zen mobilizazio horietan gehien entzundako leloetako bat.

«Lur jota gaude. Auzitegiak esan digu ez dagoela berdintasunik, ez dugula gure gorputzen kontrolik. 50 urteko aurrekaria kentzea izugarria da; milioika emakumeri eragingo die», esan zuen malkoei eutsiz Alexis McGill Johnson Planned Parenthood elkarteko zuzendariak.[4]

Joe Biden presidentearen erantzuna aldatu

Joe Biden presidenteak esan zuen abortu eskubiderik gabeko estatuetako emakumeek beste estatu batzuetan eten ahalko dutela haurdunaldia, eta botikak eskueran izatea ere babestuko duela erantsi zuen, «bai abortuetarako, bai antisorgailuetarako». Dena dela, Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondorioetako bat «amen heriotza tasa igotzea» izango dela aitortu zuen. «Muturreko ideologia» baten ondorio zela esan zuen Bidenek: «Inoiz egin ez dena egin du auzitegiak. Berariaz kendu du estatubatuar askorentzat oinarrizkoa den eskubide konstituzional bat».[4]

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu