Desulfovibrio generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, anaerobioak direnak. Kakotx itxurakoak (bazilo okerrak), mikroskopio optikoan ikusita antza handia dute Vibrio generoko bakterioekin: hauek bezala, flagelo polarra dute. Katalasa negatiboak dira.

Desulfovibrio
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaDeltaproteobacteria
OrdenaDesulfovibrionales
FamiliaDesulfovibrionaceae
Generoa Desulfovibrio
[[|]]
Datu orokorrak
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Desulfovibrio guztiak sulfato-erreduktoreak dira. Arnasketa anaerobioa egiten dutenean, sulfatoa (SO42−) erabiltzen dute elektroien azken hartzaile gisa:

SO42- → SH2

Genero honetako bakterioak ingurune oso anaerobioetan bizi dira: kutsadura handiko uretan (oxigenorik gabekoak), itsas edo lakuen sedimentuetan, animalia hausnarkarien digestio-aparatuan, etab. Halere, espezie gutxi batzuk oxigenoa toleratzen dute eta ingurune aerobioetan hazi daitezke.

Desulfovibrioak funtsezko zeregina betetzen du sufrearen zikloan, elementu honen erredukzioa burutzen duelako. Meategi askoren sufreak ez du jatorri bolkanikoa, biokimikoa baizik. Era berean urmael batzuetako lohien kolore beltza Desulfovibrioaren jardueraren ondorioa da, sortzen duen SH2 ioi metaliko batzuekin (burdinarekin, bereziki) konbinatzen denean [1]. Desulfovibriok kolorea eta izena ematen dio, era berean, Itsaso Beltzari.

Aipatu behar da, azkenik, bakterio hauek eta haiek bezalako beste sulfato-erreduktoreek galera handiak eragiten dituztela sortzen duten korrosioaren ondorioz, burdinezko hoditeriak, esaterako, modu anaerobioan oxidatzen dutenean:

2Fe + SH2 + 2H2O → SFe + Fe(OH)2 + 3H2

Erreferentziak aldatu

  1. Ingraham, j., Ingraham, C. : Introducción a la microbiología-1 ,Ed. Reverté (1997), 128 orr. ISBN: 84-291-1869-1