Cui prodest? latinezko esamoldea da, euskaraz “Nori egiten dio mesede?”. Zentzu berarekin erabiltzen da lehenagokoa den Cui bono?; figura erretoriko gisa erabiltzen diren galdera erretorikoak dira, ea nor den ekintza edo gertaera baten onuraduna galdetzeko.

Esamoldea, zuzenbidean, kriminologian, kazetaritzan, erabiltzen da. Delitu edo krimen baten aurrean, ikerlariek, kazetariek, ezinbestean egin beharreko galdera: delitu horrek, gertakizun horrek, Cui prodest?, nori egiten dio mesede?

Esanahia aldatu

Erromatar zuzenbidearen printzipio honek esaten digu askotan oso lagungarria dela, ekintza baten autoretza ezagutzeko, ekintza horren ondorioak nori egiten dion mesede galdetzea.

Oro har, esamoldea erabiltzen da adierazteko krimen bat egiteko gai diren pertsonak irabazteko zerbait duten pertsonen artean aurki daitezkeela, batez ere diru irabaziari begira. Hala ere, onura jasotzen duten alderdiak ez dira beti bistakoak izaten. Esaldia testuinguru politikoetara ere zabaldu da,  beti funtzio erretorikoarekin, eta, oso sarri, era berean, hizkera arruntera.

Jatorria aldatu

Marko Tulio Zizeron hizlari erromatar eta estatistak, Pro Roscio Amerino (3, 84) hitzaldian[1], cui bono adierazpena jarri zuen Luzio Kasio Longino Ravila kontsul erromatarraren ahotan:

«

L. Cassius ille quem populus Romanus verissimum et sapientissimum iudicem putabat identidem in causis quaerere solebat 'cui bono' fuisset.

Luzio Kasio ospetsuak, erromatar herriak oso epaile zintzo eta jakintsutzat hartzen zuenak, behin eta berriz galdetzen omen zuen "nori egiten dio mesede"?

»


Zizeronek berriro erabiltzen du Cui bono fuerit? Milonen defentsarako hitzaldian, Pro Milon hitzaldian[2], Kasio berriro aipatuz: «Hemen ondo dator bi subjektu horiei Kasioren esaera ospetsua aplikatzea.»

Senekak, berriz, Medea tragedian (lehen ekitaldia, lehen eszena, 500-501 bertsolerroak)[3] erabili zuen: «cui prodest scelus, is fecit», euskaraz «Krimena probetxuzkoa gertatu zaion hark egin du».

Erreferentziak aldatu

  1. «M. Tullius Cicero, For Sextus Roscius of Ameria, section 84» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
  2. «M. Tullius Cicero, For Milo, section 32» www.perseus.tufts.edu (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).
  3. «Seneca: Medea» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2020-06-26).

Kanpo estekak aldatu