Consoranni-ak (latinezko terminoa), Antzinako Akitaniako hego-mendebaldean bizi izan ziren, Erdialdeko Pirinioen ondoan. Novempopulania probintziako bederatzi herri akitaniarretako bat izan ziren. Gaur egungo Saint-Lizier zuten hiriburu, Ariège-n. Historikoki Couserans izenez ezagutu den eskualdeari eman zioten izena. Consoranni horietako batzuk (batzuetan Consuarani izendatuak) Galia Narbonnesis probintzian integratuta zeuden.

Crasoren Akitanoen aurkako kanpaina militarra
Crasoren Akitanoen aurkako kanpaina militarra

Consoranni herriaren sorrerari eta banaketari buruzko hipotesiakAldatu

Consoranni-en aipamen zaharrenak Plinio Zaharraren Historia Naturala idazlanean daude, K.o. I. mendean. Pliniok bi herri bereizi zituen: herri bat aipatzen du Augustok sortu berria zuen Akitaniako probintzia barruan eta bestea Galia Narbonensisen[1] daudela esaten du, aspalditik Erromatar Inperioan sartuak.

Pliniok egin zuen bereizketa Akitaniako Consoranni-en eta Galia Narbonensiseko Consouranni-en artean, gaur egun onartutzat ematen da, eta bi identitateetan banatutako herri bakartzat hartzen da: bat mendebaldean, Convenae-en civitas-era lotu zena Augusto garaian, civitas hori sortu zenean; bestea ekialdean, Tolosararen menpe zegoena.

Luzaroan uste izan da erromatarrek eraman eta finkatu zituztela Consoranni-en herria eskualde honetan, auzokideak zituzten Convenae-ei buruz esaten den bezala, nahiz eta ez dagoen hipotesi horren aldeko ebidentzia formalik.[2]

Consoranni-en civitasAldatu

I. mendearen amaieraren eta IV. mendearen amaieraren artean, Dioklezianok IV. mendearen hasieran izan zuen administrazio- eta lurralde-erreforma handiak egin zirenetik, Consoranni-en lurraldea promozionatua izan zen Civitas estatusa emanez. Datu hori, Notitia Galliarumen aurkitzen dugu (IV. eta V. mendeen artean).

Civitas Consorannorum horren hiriburua (gune urbanoa) Saint-Lizier izan zen. Ez da ezagutzen hiri horren antzinako izena. Defentsarako esparru handi batek inguratzen zuen, 2,6 hektareako eremua mugatzen zuena. Harresi hori oraindik gaur egun ikus daiteke eta oso egoera onean dago. Harresiak sei dorre zirkular zituen eta, agian, dorre karratu bat.

Civitas horren lurraldea, Salat ibaiaren arroan eta Serones eskualdean hedatzen zen (Bastide-de-Sérou inguruko bailara). Ez dira ezagutzen haren mugak modu zehatzean, baina uste da gutxi gorabehera Couseranseko egungo eskualdea bere barruan hartuko zuela, edo, zehatzago esanda, Erdi Aroan Couseranseko elizbarrutiarena izan zena.

BiztanleriaAldatu

Consoranni-en populazioa ez zen, seguruenik, pagus bakarra osatzen, eta litekeena da pagus batean baino gehiagotan sakabanatuta antolatuta egotea administratiboki. Garai zaharreko biztanleen izenek, Saint-Lizierren inguruan aurkitutako hileta- edo botozko-aldareek adierazten duten moduan, akitaniar hizkuntza zuen bertako biztanleria inguruko zelten elementuekin nahastu zirela.

Herri hau Erromako ohitura eta ohituretara egokitu zen, baina erromatarren aurreko tradizioen aztarna sendoak gorde zituen. Erromatarren garaian, bertako jainko-jainkosak gurtzen jarraitzen zuten, hala nola Ande jainkosa Caumonten edo Arsilunnus jainkoa Argeinen. Belisama jainkosa zeltaren arrastoa dago Saint-Lizierren. Jainko eta jainkosa erromatarrak ere gurtzen zituzten. Baina, batzuetan, horiek jainko edo jainkosa indigenekin parekatzen dira: Jupiterrek Haloissus epitetoa eman zioten Gajan-en, eta Lescuren, "garai onen banatzaile" gisa deskribatzen da, batere erromatar gisakoa ez den atributua.

Consoranni-ak nahiko goiz kristautu ziren, IV. edo V. mendean. Gregorio de Toursek Valerius gotzainari egozten dio bere kristautasuna, baina pertsonaia horrek legendazkoa dirudi(haren izena Valier mendiaren jatorria litzateke). 506. urtean, Agdeko Kontzilioan, Saint-Lizier-en apezpiku bat dagoela aipatzen da: bere gotzaina Glycérius da, eta izen horretatik dator, hain zuzen, Saint-Lizier izenaren etimologia.

ErreferentziakAldatu

  1. Plinio Zaharra, Historia Naturala, III, 32.
  2. Camille, Julian: "Notes ibériques". Bulletin Hispanique, 4, 1. 1902. 12-19 or. http://www.persee.fr/web/revues/home/prescript/article/hispa_0007-4640_1902_num_4_1_1294

BibliografiaAldatu

  • Raymond Lizop, Le Comminges et le Couserans avant la domination romaine : Thèse complémentaire présentée à la Faculté des lettres de l'Université de Paris pour le doctorat ès lettres, Toulouse / Paris, 1931.
  • Raymond Lizop, Histoire de deux cités gallo-romaines : les Convenae et les Consoranni, Toulouse / Paris, Bibliothèque méridionale. 2e série, 1931.
  • Jean-Marie Escudé-Quillet, Catherine Maissant et Robert Sablayrolles (zuz.), Carte archéologique de la Gaule : 09. Ariège, Paris, Académie des Inscriptions et Belles-Lettres, 1997, 211 or. (ISBN 2-87754-050-2).

Ikus, gaineraAldatu

Kanpo estekakAldatu