Txagos uhartedia
Txagos Indiako ozeanoko uhartedia da, Maldivak uharteen hegoaldean dagoena. 55 uharte txikik osatzen dute, eta hirutan baizik ez dira bizi izan gizakiak; horietan Diego García da irla nagusia[1]. Artxipielagoak 56 kilometro koadroko eremua du eta 3.000 biztanle inguru. Kopra eta koko olioa ekoizten dituzte. Txagos Britainia Handiko koroaren mendean dago (britainiarren eta Estatu Batuen base militarra du). Mauriziok behin eta berriro aldarrikatu du uhartediaren jabetza.
Txagos uhartedia | |
---|---|
| |
Bertako izena | Chagos Archipelago |
Geografia | |
Kokapena | Indiako ozeanoa |
Azalera | 56,13 km² |
Politika | |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Itsasoaz haraindiko britainiar lurraldea | Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldea |
Gizartea | |
Biztanleria | 3.000 (2014) |
Talde etnikoak | %95,88a britainiar edo estatubatuar %4,12a besteak |
Historia
aldatuXVI. mendean Pedro Mascarenhas portugaldarrak aurkitu zituen lurrok[2], ordura arte gizakiek ukitu gabeak. Beranduago frantsesek berenganatu zituzten, Maurizio izeneko koloniaren barruan ipiniz. Gero, 1810ean, Britainia Handiak kendu zizkien frantsesei, eta orduan hasi zen Diego García, Solomon Islands eta Peros Banhos uharteen benetako kolonizazioa, ordura arte esklabo bakan batzuk baizik ez zituzten-eta ekarriak. Gaurko txagostarrak Madagaskar, Mozanbike, Maurizio eta India hegoaldetik iritsitako nekazarien askazikoak dira[1].
150 urteren buruan txagostarrak 3.000 izatera iritsi ziren eta, arrantzan aritzeaz gain, nagusiki kopra zen haien bizimoduaren funtsa, oliotarako esportatzen zuten kokoa. Baina 1971n Txagosetako jende guztiak kanporatu egin zituzten britainiarrek, bertan amerikarrek eraiki zezaten Indiako ozeanoan daukaten base handia. Txagostarrek ekin zioten etxera itzultzeko eskubidea auzitegietan aldarrikatzeko kalbariobide luzeari; mila gorabeheraren ondoren, 2008ko apirilean arrazoi eman zien Londresko Lorden Ganbarak[1].
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/4/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Zubiria, Pello. Txagostarrek etxera nahi dute baina han kaserna dago. in: Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0). argia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-8-17).
- ↑ British Indian Ocean Territory. worldstatesmen.org (Noiz kontsultatua: 2016-8-17).