Zata arrunt
Zata arrunta (Caprimulgus europaeus) Caprimulgidae familiako hegaztia da, ia Europa osoan eta Asiako eskualde epeletan bizi dena[1].
Zata arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Caprimulgiformes |
Familia | Caprimulgidae |
Generoa | Caprimulgus |
Espeziea | Caprimulgus europaeus Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 60 cm |
Kumaldiaren tamaina | 1,4 |
Gau txorixa Oñatin
Lumaje arre kriptikoa, hego eta isats luzeak, moko txiki eta aho handiak ditu. Gauez ibiltzen da eta egunez etzanda eta geldik egoten da. Hegan doala bere aho handiaz harrapatzen ditu intsektuak eta lurrean txitatzen du, baina habiarik egin gabe, migratzailea da eta Euskal Herrian banaketa orokorra du, baina ez da arrunta.[2]
Deskribapena
aldatuIberiar penintsulan bi hazten dira, baina gure lurraldean zata arrunta bakarrik. Caprimulgus ruficollis hegoalderago geratzen da. Zata arrunta hegazti intsektujalea da, 28 cm-ko tamaina du eta lumaje oso mimetikoa, ez da ikusgarria, denean tonalitate gris eta arreak ditu, ildaska fin ilunekin eta orban okre eta beltz zipriztinekin, zoruko orbelen artean edo adar lodi baten azalean ikusezin bihurtzeko diseinu ezin hobea du, leku horietan etzanda egoten da. Arrek orban zuri bat dute hegalen puntan eta beste bat isatsaren mutur banatan, baina hegan doazenean bakarrik nabari daitezke, lumak zabaltzen dituenean.
Silueta liraina du, buztan eta hegal luzeak, oso hanka motzak, begi handiak ilunabarrean ibiltzeko, eta moko txiki-txiki bat, ordea, aho handi bat zabaltzen du, benetako inbutu bat, hegan doala harrapatzeko jaten dituen intsektuak.[3]
Biologia eta ohiturak
aldatuZata iluntzean hasten da lanean, egunean zehar lurrean edo adar baten gainean etzanda egoten da, betik luzetara, azalari itsatsita, mugitu gabe, abaroan, beste erremediorik ez badu bakarrik egiten du hegan, agerian sentituz gero, pixka bat urruntzeko, 10-30 bat metro harantzago egiten du hegan berriro pausatzeko.
Ilunabarretik aurrera egiten du ehizan, hegaldi isil eta oker batean gaueko tximeletak, melolontak eta beste intsektu batzuk harrapatzen ditu. Hanka motzak dituen arren, nahiko erraz mugitzen da lurrean ere intsektuen atzetik.
Bere gaueko ohiturengatik, gutxi ikusten den espeziea da. Errepide eta pista bazterretan pausatzeko ohitura du eta noizean behin autoen argiekin lortzen da ikustea, ohitura txarra, askotan trafikoaren biktima izaten baitira. Herri baten kanpoaldeko farolen baten argitan jirabiraka ere ikusten da, baina normalean entzumena erabili beharra dago hauteman ahal izateko.
Kantua burrunba luze eta monotono bat da, “terrr ...”, gorabeherekin, bost bat minutukoak izaten dira, kantu hau beti pausatuta igortzen du. Hegaldian ohiu labur eta ozen bat egiten du “kuik, kuik ...” moduko bat.
Habiak lurrean egiten dituzte, basoen ertzetan eta soilguneetan, orbel artean eta sasi artean, habiarik egin gabe, arrautzak , beti bi, zuriak eta grisez eta arrez jaspeatuak, zuzenean lurrean. Txitak 16-18 egunez inkubatu ondoren jaiotzen dira. Lumatxaz estalita jaiotzen dira, eta hiru egunera, habia uzten dute, arintasunez korrika eginez. Hamabost geroago hegan egiteko gai dira, normalean bi habia hazten dituzte.
Banaketa, habitata eta estatusa
aldatuZata arruntak klima borealetan hazten du; klima epeletan eta mediterraneoan, Asiako mendebaldean, Europan eta Afrika iparraldean. Gure kontinentean, Eskandinaviako hegoaldetik Mediterraneo aldeko mendietara. Iberiar penintsulako banaketa ez da oraindik ondo ezagutzen. Migratzailea da eta apirila eta maiatza bitartean iristen da hona eta abustuaren erdialdetik hasten da abiatzen Afrika erdialdera. Urriaren erdialdetik aurrera zaila da ikustea.
Euskal Herri osoan hazten du, baina ez da batere ugaria. Europako beste herrialde batzuetan salatzen ari dira murrizten doala, beldur gara hemen ere ez ote den berdina pasatzen.
Bikote isolatuak isurialde kantauriarreko pagadi eta haritzezko zuhaizti soilguneetan, han eta hemen hazten dituzte txitak. Kostaldeko maila baxuetatik, Kantabriako-Mediterraneoko uren banalerroko mendietako belardi eta larreak dituzten pagadien goiko ertzeraino. Isurialde atlantikoan, erkameztietan, ameztietan, karrasketan eta beste zuhaitzen soilguneetan ere bai, eta zerbait arruntagoa. Arraroagoa Ebro Haranean.
Erreferentziak
aldatu- ↑ BirdLife International (2004). Caprimulgus europaeus. 2006. IUCN Zerrenda Gorria.
- ↑ Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 134 or. ISBN 84-87114-09-1..
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 203 or. ISBN 84-7542-639-5..