CLIL

bigarren eta hirugarren hizkuntza eta hainbat eduki modu integratuan lantzeko proposamen didaktikoa

Atzerriko hizkuntzen eta edukien ikasketa integratua, —gehienetan ingelesezko akronimoarekin aipatua, (CLIL, Content and Language Integrated Learning)— murgiltze eredu bat da. Termino hau 1994an sortu zuen David Marshek ikuspegi didaktiko bat deskribatzeko. Atzerriko hizkuntza ikaskuntzak ikasteko murgiltze eredu bat proposatzen zen garai hartan. Arlo arruntetan hizkuntza bat erabiliz gero hizkuntza hori ikasten zela antzematen zen[1]. Ikerkuntza batzuek iradoki zuten arlo arruntetan atzerriko hizkuntza propio lantzen zuten arloetan beste ikasten zela erabiltzen zen hizkuntza. Horrela gero eta leku gehiagotan hasi ziren teknologia, biologia edo historia bezalako arloetan atzerriko hizkuntza erabiltzen eta horrela bai arloko edukiak bai atzerriko hizkuntza, batera, ondo landu zitezkeela erakutsi zuten ikerketek.

CLIL - Atzerriko hizkuntzen eta edukien ikaskuntza integratua. Eskema bat.

Ikerketek erakutsi dute oro har curriculumean hizkuntza aniztasuna ezartzeak onurak ekarri ohi dituela, estrategia egokiak, baliabide egokiak, metodologia egokiak, erabiliz gero. Hizkuntza lantzea helburu nagusi ez duten arloetan ere, bigarren edo hirugarren hizkuntzako komunikazio gaitasuna primeran landu daiteke ikusi da. Bigarren hizkuntza ikastea helburu nagusia izan gabe ere, edozein ikaskuntzatan hizkuntza erabili behar da ikasteko. Eta ikasteko gogoa edo beharra piztuz gero, helburuak lortzeko, ikaskuntzan eta irakaskuntzan erabiliko den hizkuntza ikasiko da.

Ikasketa esanguratsuak sor daitezke edozein arlotan, hizkuntza bera xede nagusia ez denean ere. Edozein ikaste prozesutan, ikasketak egiteko erabiliko den hizkuntzaren komunikazio konpetentzia landuko da.

CLIL metodologiaren lau hatsarreak

aldatu
 
CLIL 4 hatsarreak.

Do Coyle-k[2][3] CLIL metodologia lau hatsarretan oinarritzen zela aldarrikatu zuen:

  • Lehen hatsarreak aldarrikatzen zuen edozein arlotako edukiak eta ezagutzak, komunikazio trebeziei erabat lotuta zeudela.
  • Bigarren hatsarreak aldarrikatzen zuen hizkuntza edozein ikasketa prozesutako bide nagusia dela. Ikasketa prozesua komunikaziotik dator eta komunikazioak hizkuntza du osagai nagusi. Ikuspegi honetatik hizkuntza berez ikasten da ikasleak beharra sentituz gero eta ikasleari “aldamio egitura” batzuk eskaintzen bazaizkio dauzkan hutsuneak betetzeko. Ikasleak dagoeneko ikasita daukanaren gainean ikaskuntza berria eraikiko du, ikaskuntza prozesuan zehar egoera komunikatibo egokiak sortuz gero. (Eginbeharreko atazak planifikatzea komeni da, ikasleak dagoeneko dakienaren gainean ikasketa berriak eraikitzeko, bere ikaskuntza prozesuko protagonismoa hartuz. Irakasleek proposatuko dituzten eginbeharrekoen segida ondo planifikatuta egon beharko).
  • Hirugarren hatsarreak aldarrikatzen du CLIL metodologia honek ikasleentzat beste erronka erantsi bat izan behar duela. Beste konpetentzia guztiekin batera bigarren edo hirugarren hizkuntza bat erabili beharra erronka gehigarri bat izan beharko luke. Ikasleak sustatuko du bere komunikazio-konpetentzia zail egiten zaion hizkuntza batean ikasiz gero. Gainera testuinguru akademikoetan erabiltzen diren erregistro jasoak ikastea ere erronkatzat hartu beharko luke ikasleak.
  • Laugarren hatsarreak aldarrikatzen du metodologia honek kultura aniztasuna sustatzen duela. Pentsaera, kultura eta hizkuntza lotuta egonik, ikaslearentzat egunerokoa ez den hizkuntza batean ikastea oso aberasgarri izan daiteke.

CLIL metodologiaren oinarrian

aldatu

Vollmerrek[4] bigarren edo hirugarren hizkuntzak beste arloekin batera ikastearen beste abantaila batzuk zerrendatu zituen. Metodologia hau honako beste hatsarre hauetan ere oinarritu zitekeela aldarrikatu zuen:

  • Hizkuntzak gogoaren prozesuetan eragina du, hizkuntza pentsaera aurrera eramateko erabiltzen da.
  • Hizkuntza erabiltzen da informazioa sailkatzeko eta informazioen arteko loturak eraikitzeko.
  • Hizkuntzaren gainean eraikitzen dira gogoaren prozesuak, kognizio prozesuak, mundu akademikoan ezinbestekoak.
  • Hizkuntza ezinbestekoa da eginbeharreko kognitibo konplexuenak ulertzerakoan, baita testuinguru eskasa dagoenean ere.
  • Hizkuntza ezinbestekoa da eginbeharreko kognitibo konplexuenak sortzerakoan. Hizkuntzak diskurtsoa edo testua egituratzeko ezinbestekoa da. Giza-hizkuntzak betetzen ditu komunikazio funtziorik konplexuenak.

CLIL metodologiaren onurak

aldatu
 
CLIL - Eskema.

Hezkuntza komunitate askotan, —Euskal Herrian bertan esaterako—, denbora luzean erabili izan dira hainbat murgiltze ereduak ikaskuntza elebiduna edo eleaniztuna egiteko. Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen direnean, hizkuntza bakoitzean egiten den ahalegina beste hizkuntzetan egiten den ahaleginekin koordinatzeko beharra ikusi da. Gauza ezaguna da hizkuntza batean ikasten diren hainbat trebezia, ikaslearen beste hizkuntzetara hedatu edo transferitu egiten direla. Gainera, hizkuntzen ikaskuntzan egiten den lana hizkuntzak ez diren arloetan, aprobetxatu eta sustatzeko beharra ikusi da, arlo horietan ikasten denarekin guztiarekin batera hizkuntzak ere ikasteko.

Euskal Herriko eta Kataluniako eskola askotan garatu diren murgiltze ereduen gainean egindako ikerketek emaitza onak erakutsi dute ikaskuntza prozesuetan. Bigarren hizkuntzetan Bigarren hizkuntz|ikasteak aberastasuna ekar zezakeela hizkuntzen ikaskuntza hutsetik harago. Elebitasuna edo eleaniztasuna lortzen zuten ikasleek komunikazio konpetentzia hobea lor zezaketela, euren lehen hizkuntzan ere, iradokitzen zuten ikerketa batzuek, beste gaitasunetan murrizketarik pairatu gabe. Hizkuntzen arteko transferentziak, beraz, oro har, positibotzat jotzen dira, noiz edo noiz kalko okerren bat ere sortzen bada ere.

CLIL metodologiarekin batera “egiten ikasi”, “problemetan oinarritutako ikaskuntza” edo “erronketan oinarritutako ikaskuntza” teknikak erabili izan dira, eta teknika horiek ikasleen parte hartze aktiboa eta motibazioa sustatzeko erabilgarri suertatu direla uste da gaur egun. Norberaren lehen hizkuntza ez den beste bat erabiltze bera ere, nahikoa erronka da. Ikasteko baliagarri izan daitekeen erronka.

Bigarren edo hirugarren hizkuntzetan egiten diren ahalegin horiek guztiek, jakina, eragin positiboa izaten dute bigarren edo hirugarren hizkuntzen ikaskuntzan, komunikazio gaitasunaren dimentsio guztietan, dimentsio guztiak landuz gero. Lehen hizkuntzan ere bai.

CLIL erronkak

aldatu
 
CLIL - erronkak.

Zein arlo landu bigarren edo hirugarren hizkuntzan, zer eta nola landu arlo horietan bigarren edo hirugarren hizkuntza erabiliz gero, nola txertatu kontu horiek curriculumean eragin positiboa izan dezan hizkuntza komunikazio gaitasunetan beste gaitasunentzat kaltegarri suertatu gabe, nola koordinatu hizkuntza bakoitzean lantzen dena, errepikapenak eta hutsuneak ez sortzeko, hizkuntzen arteko transferentziak aprobetxatzeko eta kalko okerrak saihesteko; nola erabili IKTak kontu hauetan lagungarri izan daitezen... Horiek eta beste galdera batzuk sortzen dira hezkuntza eleaniztuna modu planifikatuan landu nahi denean.

CLIL ereduan irakasle bakoitzak bere helburuak hautatzen ditu eta bere erritmoa izaten du[5][6][7].

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) Tomasello, Michael. (2003). Constructing a language : a usage-based theory of language acquisition. Harvard University Press ISBN 978-0-674-04439-5. PMC 433579636. (Noiz kontsultatua: 2021-04-07).
  2. (Ingelesez) Coyle, D. (2002). "Relevance of CLIL to the European Comission´s Language Learning Objectives" in Marsh, D (eds.) CLIL/EMILE European Dimension: Actions, Trends and Foresight Potential. European Commission.
  3. (Ingelesez) Do Coyle - What is CLIL? 1/7. (Noiz kontsultatua: 2019-09-12).
  4. (Ingelesez) Vollmer, H. (2006). "Language Across the Curriculum". Strasbourg: Language Policy Division.
  5. (Ingelesez) (html) What level CLIL teacher are you?. (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  6. (Ingelesez) «3. How CLIL Are You? Test Yourself!: Teaching an international classroom» arteveldehogeschool.instructure.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-14).
  7. (Ingelesez) (PDF) How CLIL are you?. (Noiz kontsultatua: 2019-11-14). (EAEko hezkuntza sisteman dokumentu honen euskarazko bertsioak eskutik eskura ibili dira, jatorrizko dokumentuan aldi berean PHOTOCOPIABLE eta Copyright agertzen badira ere).

Bibliografia

aldatu
  • (Ingelesez) eta (Gaztelaniaz) D. Lasagabaster & Y. Ruiz de Zarobe (Eds.), CLIL in Spain: Implementation, Results and Teacher Training. Cambridge Scholars Publishing: Newcastle-Upon Tyne. 2010.
  • (Gaztelaniaz) Begoña Pedrosa Lobato. Análisis del discurso pedagógico y estrategias docentes en dos aulas AICLE. TESEO - PDF - (562 or.). 2011.
  • (Ingelesez) Brinton, D.M., Snow, M.A. & Wesche, M.B.; Content-based Second Language Instruction. Boston: Heinle and Heinle. 1989.
  • CUMMINS, James (Jim). (2002). (Gaztelaniaz) Lenguaje, poder y pedagogía. Madrid. Morata.
  • COELHO, E. (Gaztelaniaz) “La transversalidad del aprendizaje lingüístico en el currículo: el proceso de andamiaje en la educación” in LASAGABASTER, D.; SIERRA, J. M. (2005) Multilingüismo, competencia ligüística y nuevas tecnologías. Bartzelona. ICE-HORSORI.
  • GIBBONS, P. (1991). (Ingelesez) Learning to learn in a second language. Newtown, Australia. PETA.
  • (Gaztelaniaz) A. Mendoza (Coord.) Conceptos clave en didáctica de la lengua y la literatura. Bartzelona: ICE-Horsori. 1998.
  • (Ingelesez) Dalton-Puffer & U. Smit (Eds.), Empirical Perspectives on CLIL Classroom Discourse. Frankfurt: Peter Lang Publishers. 2007.
  • (Ingelesez) Dalton-Puffer, C., Nikula, T. & Smit, U. Language Use and Language Learning in CLIL Classrooms. Amsterdam: Jonh Benjamins Publishing Company. 2010.
  • (Ingelesez) J.P. Lantolf & G. Appel (Eds.), Vygostkian Approaches to Second Language Learning. Oxford: OUP. 1994.
  • (Ingelesez) J.P. Lantolf (Eds.), Sociocultural Theory and Second Language Learning. Oxford: Oxford University Press. 2000.

Kanpo estekak

aldatu