Giza ekologia gizakiak ingurumenarekin, gizartearekin eta ingurune eraikiarekin dituen erlazioak ikertzen dituen diziplinarteko ikerketa esparru bat da, ekologia eta gizarte zientzien artekoa. Giza ekologiaren filosofiak eta ikerketak historia lausoa du, bere sorrera eta garapenerako beste garapen eta aurkikuntza batzuk egin behar izan baitziren ekologian, geografian, soziologian, psikologian, antropologian, zoologian, epidemiologian, osasun publikoan eta etxeko ekonomian.

Colorado Springs hiriko aldiri bateko ingurune eraikiko zati bat.

Ikuspegi orokorra aldatu

Giza ekologia landare eta animalien ekologiarekin alderatuta definitu izan da. Beste izaki bizidun batzuei aplikatutako analisi motak gizakien esparruan erabiltzeari deritzo.[1] Helburu hori erdiesteko, giza ekologoek (soziologoak ere multzo horretan sar daitezke) mota askotako ikuspuntuak integratzen dituzte diziplina anitzetatik abiatuta, "ikuspuntu zabalagoak" aztertzeko.[2]

1972an, Human Ecology: An Interdisciplinary Journal aldizkariaren editoreek giza ekologiak aztertzen dituen esparruen laburpena egin zuten.[3] Haien arabera, giza ekologiak honako gaiak aztertzen ditu, diziplinarteko abiapuntu batetik:

  • Ingurumenarekiko eta ingurumenean gertatzen diren aldaketekiko adaptazio genetiko, fisiologiko eta soziala.
  • Faktore sozial, kultural eta psikologikoen betebeharra ekosistemen mantenimenduan eta asalduran.
  • Populazio dentsitatearen eraginak osasunean, gizarte antolamenduan edo ingurumenaren kalitatean.
  • Adaptazio arazo berriak hiri ingurumenean.
  • Aldaketa teknologikoen eta ingurumenaren arteko elkarrekintzak.
  • Printzipio bateratuen garapena moldaketa biologiko eta kulturalen azterketan.
  • Adaptazio okerren sorrera giza biologiaren eta kulturaren eboluzioan.
  • Janariaren kalitateak eta kantitateak prestatze fisiko eta intelektualean eta aldaketa demografikoetan duen eragina.
  • Ordenagailuen, urruneko sentsoreen eta tresna eta teknika berrien aplikazioa.

Berrogei urte geroago, aldizkari berean Daniel G. Batesek[4] diziplina horrek izandako jarraipen ildoak eta aldaketak aztertu zituen:

« Gaur egun enfasi handiagoa dago banakoek dituzten arazoetan eta nola eragileek arazo horiei aurre egiten dieten; ondorioa da arreta gehiago eman zaiola norbanakoaren alorrean erabakiak hartzearen esparruari, jendeak arriskuak, kostuak eta onurak testuinguru jakinetan optimizatzen dituelarik. Ekologia kultural bat formulatzeko saioak egin ordez, edo "giza ekologiaren" eredu bat zehazten saiatu ordez, ikertzaileek sarritan teoria demografikoak, ekonomikoak edo ebolutiboak zirriborratzen dituzte edo landa eremuko ekologiatik deribatutako ereduak sortzen dituzte.[4] »

Eztabaida teorikoa bizirik dago oraindik, baina aldizkarietan argitaratutako ikerketek iradokitzen dute gaur egungo arrazoibidea giza ekologiaren printzipioen aplikaziorantz mugitu dela. Diziplina arteko mugak zeharkatzen dituzten arazoak konpontzeko aplikazioetan jarri du arreta ikerketak. Teoria bateratu bat lortzeko bidea jarraitu eta giza ekologia berezko azterketa esparru gisa garatu ordez, badirudi norabide askotako lan eremu modura garatzen ari dela. Hala ere, oraindik ere gizakiaren eta naturaren arteko distantzia laburtu nahi duen zubi gisa arituko den teoria bat formulatu, sintetizatu eta aplikatzeko saioa da giza ekologia. Ikuspuntu berri horretatik, konplexutasunari ematen zaio garrantzia erredukzionismoa baztertuta, aldaketak ditu ikusmiran egoera egonkorrei arreta gutxiago eskainita, eta kontzeptu ekologikoak hedatzen ditu landareen eta beste animalien esparruetatik haratago, gizakia ere barne hartuta.

Erreferentziak aldatu

  1. Park, R. E.. (1936). «Human ecology» American Journal of Sociology (1): 1–15.  doi:10.1086/217327..
  2. Borden, R.J. (2008). «A brief history of SHE: Reflections on the founding and first twenty five years of the Society for Human Ecology» Human Ecology Review (1): 95–108..
  3. Editoreak. (1972). «Introductory statement» Human Ecology (1): 1.  doi:10.1007/BF01791277..
  4. a b Bates, D. G.. (2012). «On forty years: Remarks from the editor» Human Ecology (1): 1–4.  doi:10.1007/s10745-012-9461-z..

Kanpo estekak aldatu