Basauriko 11k edo Bilboko 11k Basauriko hamaika emakume izan ziren, langileak, abortatzea leporatuta prozesu penala pairatu zutenak, 1976tik 1985era.[1][2] Abortatzeko eskubidearen prozesuan aitzindaria da, Espainiako demokrazian onartu zen abortuaren lehenengo legea sustatu zuelako, despenalizazio partziala ekarriz, hau da, bortxaketaren ondoriozko haurdunaldietan, fetuaren malformazio edota emakumearen osasunerako arrisku kasuetan baino ez.[3][4][5]

Prozesuaren aurkako emakumeen manifestazioa Espainiako enbaxadaren aurrean. (Haga, 1979an).

Historia

aldatu

Basauriko 11k El Kalero auzoko bizilagunak ziren.[6] Herriko jaietan, 1976ko urriaren 8an, emakume bat atxilotua izan zen abortuak egitea leporatuta. Abortatzen lagundu zituen emakumeen izenak emateko eskatu zioten, eta, hurrengo egunean, kalez jantzitako poliziak emakume horien etxera joan ziren, komisarian deklarazio labur bat egin zezaten. Bertan zeudela, abortatzeagatik atxilotu egin zituzten. Egun batzuk eman zituzten ziegan, eta baldintzapeko askatasuna eman zieten, epaiketaren zain. Hamabi urteko kartzela-zigorra jaso bazezaketen ere, sei hilabete eta egun bateko espetxe-zigorra eta hamaika urteko gaitasungabetze berezia eskatu zieten.[2][6] Abortuak egin zituen emakumearentzat, fiskalak hirurogei urte eskatu zituen, eta bere alabarentzat berrogeita hamalau gehi bat, bere buruari abortua egin ziolako.[1] Auzipetuak Bilboko bulego laboralista batekin harremanetan jarri ziren, senarrak UGT eta CCOO sindikatuetako kideak zirelako.[2] Antonio Pericas, Mertxe Agúndez eta Ernesto Martinez de la Hidalga izan ziren defentsaz arduratu ziren abokatuetako batzuk.[1] Epaiketak hiru urtez atzeratu zen, 1979ko maiatzaren 31n jarri zuten epaiketarako data, baina ez zen egin kalifikazio faltagatik.[2]

Isabel Otxoa Crespo abokatuak kasua ezagutu zuenean, Bizkaiko Emakumeen Asanbladan ezagutarazi zuen, abortu aske eta doakoaren aldeko aldarrikapenei eta emakumeek euren gorputzaz erabakitzeko duten eskubideari aurpegia jartzeko modu gisa ikusi baitzuen. Euskal Herriko mugimendu feminista buru-belarri aritu zen emakume horien defentsan, eta kasua esparru pribatutik harago eramatea lortu zuen, oihartzun mediatiko handia lortuz, nazioan zein nazioartean. Bestetik, eztabaida publikora ateratzean, mobilizazio jendetsuak eragin zituen, bai Espainiako Estatuan, bai mugetatik kanpo.

Bigarren atzerapena

aldatu

Epaiketa berria 1979ko urriaren 26rako ezarri zen.[1] Estatuko Koordinakunde Feministak[7] abortatzeko eskubidearen aldeko batzordeak sortu zituen herrialde osoan, eta sarean lan eginez, era guztietako ekintzak egin zituzten abortua legeztatzeko eskaera, epaiketen aldeko protesta eta auzipetutako emakumeen amnistia eskaera ikusarazteko. Besteak beste, oso ezagunak izatera iritsi ziren leloak sortu zituzten: «Apezpikuek erdituko balute, abortua lege izango litzateke» edo «Guk erditu, guk erabaki».[2]

Frantzian 343en Manifestua sinatu zuten emakumeen ekimena errepikatuz, borondatez abortatu zuten esparru guztietako emakume ezagunen deklarazioa jasotzen zuen dokumentu bat egin zuten, 72 ordu baino gutxiagoan, 1.357 emakumeren elkartasuna lortu zen, horietako batzuk oso ezagunak, besteak beste, Ana Belén, Massiel, Amparo Muñoz, Cristina Alberdi, Mercedes Milá, Pilar Miró, Lidia Falcón eta Karmentxu Marín.[8][9][10] Epaiketa ateak itxita egitea aurreikusita zegoen, akusatuek beren irudia publiko egin nahi ez zutelako, baina horrek ez zuen eragotzi, Bilboko Justizia Jauregiaren atarian, milaka pertsona biltzea, akusatuen amnistiaren eta abortatzeko eskubidearen aldeko oihuak, kantak eta pankartak zeramatzatela.[2][11]

Hirugarren atzerapena

aldatu

Hirugarrenez, epaiketa berriro atzeratu zen, eta 1981eko ekainaren 16a ezarri zuten epaiketaren data berri gisa. Akusatuek ulertu zuten euren kasua esparru pertsonaletik haratago zihoala eta emakumeen askatasunari eragiten ziola, beraz, mugimendu feministaren gomendioei jarraituz, ateak zabalik ospatzea onartu zuten.[12] Elkarrizketak eman zituzten irratian, gutun irekiak bidali zituzten egunkarietara, babesa eskertzeko, abortatzeko arrazoiak azaltzeko eta euren gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Epaiketa, berriz ere, ez zen egin.[2]

Laugarren atzerapena

aldatu

Laugarren zitazioa 1982ko martxoaren 16an izan zen. Epaiketa ateak zabalik egin zuten. Abortuaren aldeko oihuak eta kalean bilduta zeuden milaka emakumeen oihuak areto barruan entzuten zirela. Defentsak bi argudio erabili zituen: ezinezko delitua eta behar egoera. Ezinezko delitua haurdunaldia bera ezin zelako frogatu, eta ondorioz, ezta abortua ere, eta behar egoera, delitua zela ezagutu arren, emakumeen egoera pertsonal, familiar, mediko eta sozialen eraginez egin zutelako. Emakume dirudunek beste herrialde batzuetan abortatzen zuten bitartean, baliabide gabeko emakumeek euren bizitza arriskuan jartzen zuten, hau da, legeak desberdin epaitzen zituen.[13][1][14] Horrez gain, antisorgailuak eskatzean galarazi zizkietela argudiatu zuten.[2]

Akusatutako hamaika pertsonetatik bederatzi absolbitu egin zituzten, eta abortuak egin zituen emakumea zigortu. Hala ere, epaiak jasotzen zuenez, kondena espetxealdi-prebentiboan bete zuen.[12] Epai horrek aurrekari juridikoa ezarri zuen abortu delituetan; izan ere, lehenengoz, Konstituzioaren babespean, beharrizan-egoeratik salbuesteko neurria aplikatu zuen, bi akusatu absolbitzeko eta sei auzipeturi ezinezko delitua ezartzeko.[11]

Baina Fiskaltzak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenaren aurrean, eta urtebete geroago fiskalari arrazoia eman zion, abortatu nahi izate hutsa, haurdun egon gabe ere, delitua omen zelako eta emakume haien egoera ekonomiko larria ez zitzaielako arrazoi nahikoa iruditu. Beraz, lau absolbitu bazituen ere, isunak eta kartzela-zigorra ezarri zizkien gainerakoei. Ez ziren kartzelan sartzera iritsi, 1975 eta 1977ko indultuak zituztelako.[2][12][6]

1985eko maiatzean, Auzitegi Gorenaren epaia berretsi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Kondena-epaiaren ostean, hedabideek ez zuten interes gehiagorik agertu, eta esparru feministetara zokoratuta geratu zen. Basauriko emakumeak ere ez zuten berriro hitz egin nahi izan.[2][12]

Abortuaren despenalizazioa

aldatu

Legebiltzarrean lege berri bat izapidetzen ari ziren, 1985eko uztailean onartu zena, abortua despenalizatuz, bortxaketa, fetuaren malformazio edo emakumearen osasunerako arrisku kasuetan.[6]

Aitortzak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e Prades, Joaquina. (1979-10-02). Juicio contra once mujeres acusadas de practicar o someterse a abortos. ISSN 1134-6582..
  2. a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) «DE ESO NO SE HABLA - Transcripción Episodio 2» De eso no se habla (Noiz kontsultatua: 2024-07-09).
  3. «Las 11 de Basauri» pikara magazine 2020-10-28.
  4. «Las once de Basauri que lograron el derecho a abortar» www.elsaltodiario.com.
  5. «Abogada defensora de mujeres que abortaron valora avance social de nueva ley» La Vanguardia 2022-05-17.
  6. a b c d «Las 11 de Basauri: el histórico caso que impulsó la ley del aborto» www.publico.es.
  7. «Presentación - Coordinadora Feminista» Coordinadora Feminista - Federación Estatal de Organizaciones Feministas.
  8. País, El. (1979-10-19). "Yo he abortado voluntariamente", declaran mil trescientas mujeres. ISSN 1134-6582..
  9. «1.300 mujeres publican una carta en EL PAÍS asegurando que han abortado para presionar que se despenalice» La Hemeroteca del Buitre.
  10. «200 famosas confiesan haber abortado voluntariamente - Archivo Linz de la Transición española | Fundación Juan March» www.march.es.
  11. a b «Amnistía para las 11 de Bilbao 1983. Fotografías» www.mujeresenred.net.
  12. a b c d «La revolución de los once abortos: Las 11 de Basauri - GRUP DE DONES DE LA MARXA MUNDIAL VALÈNCIA» www.nodo50.org.
  13. «DE ESO NO SE HABLA - Transcripción Episodio 2» De eso no se habla.
  14. Abortar en Londres. 2011-11-24 ISSN 1134-6582..
  15. «cine mujer y derechos humanos by codo a codo palencia - Issuu» issuu.com.
  16. «Vindicación | Cine en Violeta» www.cineenvioleta.org.
  17. «Rescatan del olvido a las mujeres que lucharon por la igualdad en Basauri» El Correo 2011-04-09.
  18. LAS 11 DE BASAURI – New Media Euskadi. .
  19. mgaraba. «Euskal Herria: Las 11 de Basauri» Violencias machistas.
  20. RTVE.es. (2023-05-04). «Las 11 de Basauri, ¿quiénes eran? Un hito feminista silenciado» RTVE.es.

Kanpo estekak

aldatu