Asti (Italia)
- Artikulu hau Italiako hiriari buruzkoa da; Zarauzko auzoari buruzkoa beste hau da: «Asti (argipena)».
Asti (piemonteraz: Ast) Italiako ipar-mendebaldean dagoen Piamonte eskualdeko udalerria eta Astiko probintziako hiriburua da. Tanaro ibaiaren ordokian dago, Turindik 45 km hego-ekialdera. 2012an 77.026 biztanle zituen[1].
Erromatarrek sortu zuten hiria, K.a. II. mendean, Hasta izenarekin. 932tik apezpikutegia izan zen. XIII. mendean bere gorenera iritsi zen, herri independente gisa. 1575ean Savoiako etxearen menpe gelditu zen. Monumentu aipagarrienak Santa Maria Assunta katedrala (1309–1348), San Secondo kolegio eliza (XIII. mendea), Torre Troiana (XIII. mendea) eta San Pietro bataiategia (X. mendea) dira[2].
Astiko ardoak, Asti spumante bereziki, oso aintzat hartuak dira. Industrian elikagai kontserbak, metalurgia, beiragintza eta adreilu fabrikak nabarmentzen dira[2].
Erreferentziak
aldatu- ↑ 2012ko biztanleria: Asti Demo.istat.it
- ↑ a b Asti 2013. Encyclopædia Britannica Online. 2013ko urtarrilaren 25ean begiratua.