Amniozentesi
Amniozentesia haurdun dauden emakumeei egiten zaien proba medikoa da, asko laguntzen duena umekiaren irregulartasun genetikoak antzematen, hau da, jaiotzekoa den haurraren osasunaren eta heldutasunaren berri jakiten. Urdaila zeharkatzen duen orratz baten bidez umetokian dagoen likido amniotikoaren lagin bat erauzten da, analisia egiteko.
Haurdunaldiaren bigarren hiruhilabetekoan (15. astean, gutxi gorabehera) egin ohi da.
Prozedura
aldatuUmetoki edo uteroan umekia inguratzen duen isurkari amniotikoa deritzan gaiaren kopuru txiki bat hartu eta aztertzean datza. Horrela, umekiaren kariotipoa aztertzen da, akats genetiko edo kromosomikoak aztertzeko. Amniozentesiaren bidez, umekiari eragin diezaioten 150etik gora gaitzen diagnosi zehatza egin daiteke, Down sindromea eta Tay-Sachsen eritasuna, adibidez. Horretaz gain, hainbat gaitz metaboliko eta neurologiko ere antzemateko balio du.
Amniozentesia ultrasoinuen laguntzaz egiten da, hau da, maiztasun altuko soinua duten uhinen bidez. Uhin ultrasonikoek umekiaren irudia ematen dute pantaila berezi batean. Horrela, sendagileak umekiaren posizioa behatzen du, eta aldi berean, amaren sabeletik barrena, orratz barne-huts luze bat sartzen du umetokian. Sendagileak orduan isurkari amniotikoaren kopuru txiki bat hartzen du, umekiaren zelulak dituena. Zelula horiek kontrolpeko laborategiko egoeran hazten dira zenbait astetan, gero aztertu ahal izateko.
Arriskuak
aldatuAbortuaren arriskua dela-eta (%1 inguru) ez da era orokorrean egiten, umekiarengan arrisku faktoreak susmatu ezean. Hala ere, amniozentesiak oso arrisku gutxi du, bai amarentzat bai umekiarentzat. Normalean haurdunaldiaren laugarren hilabetearen amaieran edota azken hiru hilabeteetan egiten da. Laugarren hilabetean egiten denean, akats genetikoak antzematea izaten da helburua. Sendagilea, zenbait eritasunen kasuan, umekia berehala tratatzen has daiteke, eta, besteetan, plangintza prestatu dezake, umea jaiotzen denean unean bertan aplikatzen hasteko. Kasu batzuetan, gurasoek abortua egitea erabakitzen dute, baldin amniozentesian ezin sendatuzko gaitzen baten arrastorik agertzen bada. Haurdunaldiaren azken hiru hilabeteetan egiten denean, bestalde, umekiak garapen maila normala iritsi ote duen jakiteko egin ohi da amniozentesia.
Kanpo estekak
aldatuErreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.