Alderantzizko itzulpena

Alderantzizko itzulpena itzultzaileak bere jatorrizko hizkuntzan idatzitako testu bat (iturri testua) bigarren hizkuntzara itzultzen duenean (helburu testua) gertatzen den itzulpen mota da. Adibidez, lehen hizkuntza euskara duen itzultzaile batek euskaratik beste hizkuntza batera testu bat itzultzea.[1]

Alderantzizko itzulpenak itzultzaileari ahalbidetzen dio jatorrizko testua bere osotasunean ulertzea; hizkuntzaren corpus-a ezagutzeaz gain, kontzeptuak ez zaizkio arrotz egingo eta autorearen mezua zein testuaren asmoa jasoko du. Hori horrela, jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuaren esentzia zein den jakingo du, ondoren beste hizkuntza batean adierazteko. Alderantzizko itzulpenaren arriskua transmisioan edo helburu testuan datza.[2] Izan ere, itzultzailea bere bigarren hizkuntzan natiboa ez den heinean, gerta daiteke hizkuntzaren berariazko termino, esaera edota konstrukzio linguistikoak ez ezagutzea eta txarto erabiltzea, itzulpena eskasa bihurtuz. Horregatik, itzultzailearen bigarren hizkuntza jatorrizko hizkuntza duten zuzentzaileen lana beharrezkoa da.[2]

Alderantzizko itzulpena euskarazAldatu

Alderantzizko Itzulpena euskaratik erdarara egitea oso ohikoa da, gaztelerak edota frantsesak gizartean presentzia handia baitute. 2007an argitaratu zen Elixabete Manterolak egindako ikerketan[3] honako datu hauek bildu ziren: euskaraz sortutako eta gaztelerara itzulitakoak 411 literatura lan dira; horietatik %35,03 egileak berak itzuliak dira (alderantziko autoitzulpena) eta beste %5,59 idazleek eta itzultzaileek elkarlanean itzuliak.[3] Eider Rodriguez (Eta handik gutxira gaur - Y poco después ahora), Ixiar Rozas (Gau Bakar Bat - Una Sola Noche)[4] eta Harkaitz Cano (Belarraren Ahoa - El Filo de la Hierba)[5] dira autoitzultzaile lanetan aritu direnen adibideak. Bernardo Atxaga, esaterako, euskal idazlerik itzuliena, elkarlanean aritu da behin baino gehiagotan itzultzaileekin.[6] Ez da oso ohikoa baina badira euren lanak euskaratik ingelesera itzuli dituztenak, besteak beste Maite Gonzalez Esnal (Journeys, Fruits, Neighbors).[7]

ErreferentziakAldatu

  1. (Gaztelaniaz) «Traducción directa y traducción inversa - Traductores Oficiales» Traductores Oficiales 2015-03-11 (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  2. a b (Gaztelaniaz) «El gran peligro de la traducción inversa» ontranslation.es (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  3. a b «Euskal literatura beste hizkuntzetara itzulia - Elixabete Manterola - EIZIE» www.eizie.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  4. (Gaztelaniaz) Muga pausu batera. 2017-08-16 (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  5. «Euskal literatura gaztelaniaz. Itzulpena, autoitzulpena, bertsioak... - Bego Montorio - EIZIE» www.eizie.eus (Noiz kontsultatua: 2018-09-21).
  6. Manterola, Elizabete. Euskal literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanen itzulpenen azterketa. .
  7. NorDaNor. Euskal itzulpengintzaren datu-basea. (Noiz kontsultatua: 2018-09-30).

Kanpo estekakAldatu