Agnes Meyer Driscoll
Agnes Meyer Driscoll (Illinios, 1889ko uztailaren 24a – 1971ko irailaren 16a), Madame X izenez ere ezaguna, Estatu Batuetako kriptoanalista bat izan zen, Japoniako ontzi-sistema asko deszifratu eta makina zifratzaileetarako sistemak garatu zituena.[1]
Agnes Meyer Driscoll | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Geneseo, 1889ko uztailaren 24a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Heriotza | Fairfax city konderria, 1971ko irailaren 16a (82 urte) |
Hobiratze lekua | Arlingtongo Hilerri Nazionala |
Hezkuntza | |
Heziketa | Ohio Estatuko Unibertsitatea Otterbein University (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | matematikaria, cryptanalyst (en) eta kriptografoa |
Enplegatzailea(k) | Ameriketako Estatu Batuetako Itsas Armada Armed Forces Security Agency (en) Segurtasun Agentzia Nazionala |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | yeoman (en) |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Mundu Gerra Bigarren Mundu Gerra |
Biografia
aldatu1911n graduatu zen Ohio Estatuko Unibertsitatean, Fisikan, Matematikan, Atzerriko Hizkuntzetan eta Musikan espezializatu zen. Orduan, emakume gutxik aukeratzen zituzten ikasketak ziren.[2][3] Graduazioaren ondoren, Amarillora, Texasera, joan zen bizitzera. Han, akademia militar bateko musika-zuzendaria izan zen, eta, ondoren, tokiko Bigarren Hezkuntzan, Matematika saileko katedraduna.
1918ko ekainaren 22an, Estatu Batuak Lehen Mundu Gerran sartu eta ia urtebete geroago, Agnes Estatu Batuetako Itsas Armadan sartu zen. Han, bulego-lanetan ahalik eta mailarik altuenerako kontratatu zuten, eta zeregin teknikoetan trebatu zen, besteak beste, aztarnak identifikatzen, jaurtigaiak muntatzen, telegrafian eta estenografian. Itsasontzi Komunikazioen zuzendariaren Kodifikazioa eta Seinaleak sailerako lan egin zuen..[1]
Bi urteko eszedentziagatik izan ezik, urte horietan enpresa pribatu batentzat lan egin baitzuen, Amerikako armadarentzat kriptoanalista lanetan aritu zen 1949. urtera arte.
Haren ahaleginak ez ziren eskuzko sistemetara mugatu, eta zifratzeko zein deszifratzeko erabiltzen zen garaiko teknologia sortu berrian sartu zen. Bere lanaren hasieran, Amerikako Itsas Armadaren makinetako baten, Cmren, garapenean parte hartu zuen.
1921ean, Agnes Meyer-ek lortu zuen, Edward Hebern-ek sortutako makina gaindiezinak bidalitako mezu bat deszifratzea. 1923an, Hebernek Meyer kontratatu zuen, Marina utzi eta Hebern konpainiako aholkulari tekniko izateko, makinaren segurtasuna hobetzeko asmoz. Hala ere, ez zuen lortu makinak segurtasun gaindiezina eskaintzea, eta enpresak porrot egin zuen.[1]
Konpainiaren porrotaren ondoren, berriro Marinara itzuli zen 1924an. Konpainia horretan egindako lanak eragina izan zuen hurrengo urteetan errotore teknologian
Driscollek Japoniako Itsas Armadaren eskuzko kodeak, 1920ko hamarkadan Liburu Gorriaren Kodea eta 1930eko hamarkadan Liburu Urdinaren Kodea deszifratu zituen.[2]
1939an, Agnes izan zen lehena JN25 kodearen lehen zenbaki-patroiak aurkitzen, eta horrek erabateko deszifratzea lortzeko gakoak eman zituen. JN25 Japoniako Armada Inperialak erabilitako koderik konplexuena izan zen. Gertaera hori izan zen kriptoanalisiari egindako ekarpenik garrantzitsuena, eta Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuek 1942an Midwayko Gudua irabaztearen arrazoietako bat izan zen.[1]
Bigarren Mundu Gerraren hasieran, AEBetako Itsas Armadak Enigma makina alemana deszifratzeko egindako ahaleginetan parte hartu zuen.
1971n hil zen. Agnes eta haren senarra, Michael “Brownie” Bernard Driscoll, Arlingtongo Hilerri Nazionalean daude lurperatuta.[3]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d «Agnes Meyer Driscoll, la criptoanalista que descifró los códigos japoneses antes de la Segunda Guerra Mundial | Vidas científicas» Mujeres con ciencia 22 de agosto de 2019.
- ↑ a b Women in Cryptologic History - Agnes Meyer Driscoll
- ↑ a b California, Women's Museum of. (9 de agosto de 2017). «The Untold Story of Madame X» Women’s Museum of California.