Ireki menu nagusia

1913ko Epsomeko Derbya

Emily Davison, c. 1910–1912

1913ko Epsomeko Derbya batzuetan 1913ko sufragisten derbya deitua 1913an Epsomen egindako zaldi lasterketa bat izan zen. Bertan Emily Davisonek hesi gainetik jauzi egin eta erregearen zaldiak zapaldu eta emakumea lau egun geroago zaurien ondorioz hil egin zen. Britaniar emakumeen sufragismoa eta hauen barruan bereziki suffragetteen historiarentzat, ekintza esanguratsu honek garrantzi handia izan zuen.

GertaeraAldatu

1913ko Epsomeko hipodromoko derbyak garrantzi handia izan zuen mugimendu sufragista britainiarrean. Tottenhamgo bihurgune batean, emakume batek hesi gainetik jauzi egin eta erregearen zaldiak zapaldu egin zuen. Zaldiak airean bira osoa egin eta zaldunaren gainean erori zen azkenean. Zaldunak zauriak izan zituen baina emakumea, Emily Davison izenekoa, lurrean etzanda geratu zen konorterik gabe. Handik egun gutxira hil egin zen Epsom Cottage ospitalean. Istripua izan zen? Inoiz ez zen argitu, baina badirudi Emile Davison apropos jarri zela erregearen zaldiaren aurrean, zaldia geratu eta Ingalaterra osoa berari begira jartzeko.

Davison mugimendu sufragistako militante bizia zen, hogeita hamabost urte zituen eta Londreseko Unibertsitatean literatura ingelesean graduatua zen. Beraz, garai hartan goi mailako titulua lortzeko aukera izan zuten emakume apurretakoa izan zen. 1906tik emakumearen eskubideen aldeko borrokan murgilduta bizi zen. Behin baino gehiagotan zigortu zuten Gobernuko ministroei harrika egitearren, Parlamentuko leiho bat apurtzeagatik eta, Lloyd George lehen ministroarekin erratuta, apaiz baptista bati erasotzeagatik. Kartzelan gose greba ere egin zuen eta egunkari guztietan agertu zen.

Emmeline Pankhursten jarraitzailea zen eta haren Emakumeen Batasun Sozial eta Politikoan sartua zegoen. Davison hil eta, handik hilabete batzuetara buruzagi sufragista horrek idatzi zuen: "Emile emakumeen eskubideen aldeko borrokalaririk handienetakoa izan da, presio handiak jasan ditu eta kartzeletan gogor erabili dute. Davison andereñoak esan zuen herria (hau da britaniarrak) bizitza baten sakrifizioarengatik bakarrik esnatuko zela. Erabaki horren ondorioz, bere burua Erregearen zaldiaren aurrera bota zuen, Maiestateen menpeko askoren begien aurrean. Horretara bere bizitza eskaini zuen Ingalaterran eta munduan sufritzen duten emakumeen askatasuna eskatzeko Erregeari Davison andereñoaren heriotzak nahigabe eta, aldi berean, emozio handia eragin zidan eta ohetik altxatzeko indarrik ere ez neukan arren, haren hiletara joatea erabaki nuen; baina azkenean eza nintzen joan, etxetik irtetean poliziek atxilotu nindutelako." Biktima emakumeen borrokaren ikur bihurtu zen. Hala ere, urte asko igaro ziren Ingalaterran emakumeek hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izan arte.