Zehar-ebaki geologiko

Zehar-ebaki geologikoa eremu bati buruz dagoen informazio geologikoaren interpretazioari deritzo, eta ebakidura bertikal moduan irudikatzen da. Nolabait eremu horren egitura geologikoaren sakoneranzko berreraiketa da. Geometrikoki, egitura geologikoen eta plano bertikalaren arteko ebakidura dela esan daiteke.

Lezamako Mapa Geologikoa[1]

Zehar-ebaki geologiko baten elementuak aldatu

Zehar-ebaki geologiko bat zuzen interpretatzeko, zenbait elementu izan behar ditu.

  • Eskala bat izan behar du (normalean grafikoa), bai bertikala, bai horizontala. Eskala bertikala eta horizontala berdinak dira.
  • Zehar-ebakiak orientatura egon behar du; hau da, haren bi muturrak puntu kardinalaren arabera adierazi behar dira (N, SW, NNE, etab.).
  • Legenda bat izan behar du, eta han zehaztuko dira zehar-ebakian agertzen diren materialen adina eta litologia irudikatzeko koloreak eta bilbeak. Gehienetan, legenda hori materialen adinaren arabera ordenaturik eraikitzen da, beheko aldean zaharrenak eta goikoan berrienak.
  • Askotan, zehar-ebaki bat baino gehiago doaz mapa batekin; kasu horietan, zehar-ebakia maparekiko adierazi behar dugu, haren muturren identifikazio alfanumeriko bat ezarriz mapa geologikoan, azkar lokalizatu ahal izateko.[2]

Nola egin zehar-ebaki bat aldatu

Zehar-ebakia eraikitzerako orduan, lehenik egingo dugun zehar-ebakiaren norabidea erabaki behar dugu eta honen profil topografikoa egin. Hauek dira jarraitu beharreko pausuak:

1.- Zehar-ebakia nondik nora egingo dugun aukeratu.

2.- Hautatutako bi puntuak marra batez elkartu (profil-lerroa).

3.- Marraren gainean orri milimetratu bat jarri eta honen gainean kota ezberdineko puntuak markatu erliebea eraikiz.

4.- Orri milimetratuan koordenatu ardatz bat egiten dugu altuera desberdinak bananduz, nahi dugun eskalarekin. Abzisa ardatzean, 3.puntuan lortutako puntuak jarri eta bere altuetara igoko ditugu.

5.- Azkenik, 4.pausuan lortutako puntuak elkartu eta profil topografikoa lortzen da.Profil topografikoa egin ondoren, horren gainean geologia proiektatuko dugu. Horretarako, mapa geologikoa interpretatzea eta ulertzea beharrezkoa da, sakonean dauden materialen arteko kontaktuaren proiekzioa errazteko.

 
Zehar ebakia egiteko pausuak.


Profil topografikoa egin ondoren, horren gainean geologia proiektatuko dugu. Horretarako, mapa geologikoa interpretatzea eta ulertzea beharrezkoa da, sakonean dauden materialen arteko kontaktuaren proiekzioa errazteko.

6.- Profil-lerroak mapa geologikoan irudikatutako elementu estrukturalak ebakitzen ditu, bai materialen arteko ukipena, bai faila-planoak, bai eta tolesen plano axialak ere.

7.- Profil topografikoan, gure ebakidura-lerroaren eta elementu estrukturalen arteko ebakidurak proiektatzen dira.

8.- Lehendabizi, elementu estruktural garrantzitsuenak margotu behar dira, hala nola faila-planoak, diskordantziak edo tolesen plano axialak. Gehienetan, elementu horiek planoak izaten dira; beraz, gure zehar-ebakian lerroen bidez irudikatuko ditugu. Lerro horiek profil topografikoan definitutako ebakidura-puntuetatik pasatu behar dute, eta egitura horitako bakoitzari dagokion okerdura-angeluarekin marraztu behar dira.

9.- Ondoren, material ezberdinen arteko ukipen konkordanteak margotzen dira (estratifikazio-planoa). Egituren trazatuan erabilitako prozesu berari jarraitzen zaio: lerro bat egiten da, profil topografikoan zehaztutako ebakiduratik pasatzen den okerdura-angelu egokiarekin. Zehar-ebaki geologiko batean egiten diren lerro guztiek “estilo geologikoa” izan behar dute; hau da, komeni da eskuz egitea, eta lerro erabat zuzenak saihestea.

 
Lezamako zehar ebakia.


Zehar-ebaki geologiko bat egiten denean, mapan ageri den informazio guztia hartu behar da kontuan. Ez da pentsatu behar zehar-ebaki bat egiteko informazio baliagarri bakarra gure profil-lerroak ebakitzen duena denik. Mapa geologikoan ageri ditugun zehar-ebaki batzuetan profilen marraketa-eremuaren gainazalean ageri ez diren materialak erakusten dira. Alabaina, eta nahiz eta material horiek ez ageri zehar-ebakiaren eremuaren gainazalean, mapak eskaintzen digun informazioarekin nahikoa dugu material horiek sakoneran kokatzeko.[3]

Nondik nora egin zehar-ebaki bat aldatu

Zehar ebaki batetik ahal den informazio gehiena lortzeko, zehar-ebaki hori materialen eta egitura geologikoen orientazioarekiko ahal den norabide perpendikularrenean egin behar da. Materialen norabideekiko perpendikular zehar-ebaki bat egiten bada, zehar-ebakiak materialen benetako egitura erakutsiko du. Baina zehar-ebakia  geruzen orientazioarekiko beste norabide batean egiten bada, hauek itxurazko okerdura erakutsiko dute.

Horrenbestez, zehar-ebaki geologiko bat egiten denean, hori egiteko aukeratu dugun orientazioa zein den kontuan hartu behar dugu beti. Oro har, egitura geologikoaren informazio gehiena ematen digun orientazioa bilatzen da beti, eta, beraz, egiturekiko norabide ahal den perpendikularrena duten orientazioak aukeratzen dira.

Materialen ezaugarriak aldatu

Zehar-ebaki bat egin behar denean, mapa geologikoan ageri diren materialen jatorria eta ezaugarriak hartu behar ditugu kontuan. Kasu askotan, jatorri horrek baldintzatuko du zehar-ebaki geologikoan izango duen geometria.

Litologia aldatu

Edozein zehar-ebaki geologikoan eremuan aurkitzen diren arroken legenda errepresentatiboa agertu behar da.

Arrokei dagozkien ikurrak aldakorrak izan daitezke autorearen eta behar tipografikoen arabera.

 
Ikur litologikoak euskaraz.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu

  1. .
  2. (Gaztelaniaz) «Plantilla ejemplo para Menú Principal de Cartografía» ocw.innova.uned.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-06).
  3. Pozo Rodriguez, M., Gonzalez Yélamos, J. and Giner con Robles, J. (2009). Geologia praktikoa. Materialak ezagutzea eta mapen analisia.Hastapenak. 1st ed. Euskal Herriko Unibertsitateko argitarpen zerbitzua, pp.211-242.