Wikiproiektu:Wikikunde

Proiektuaren aurkezpen bideoa
Wikikunde kontaktu informazioa

Wikikunde bi hitzetan: Euskal Herriko populamendu unitate txikiak (auzuneak, kontzejuak) hobeto dokumentatzeko ahalegin bat da Wikikunde. Orri berriak sortu, ilustratu eta datu gehiagoz hornitu orain daudenak.

Kontaktu azkarra aldatu

Wikikunde proiektua darama Aintzane Muguruzak, eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen babesa du, hilabete batzuez garatzeko 2021 honetan. Kontaktu azkarrerako, e-posta: aintzanem6 (a bildua) gmail.com, adierazi mesedez gaian Wikikunde hitza, eta eskualde, ibar, herri batean jakintza edo interes berezia baduzu.

Zabaldu Wikiproiektu hau zure inguruan labur.eus/wikikunde helbidea emanez. Eskerrik asko.

Zergatik Wikikunde? aldatu

Esloveniatik Zeberiora aldatu

Begira, Bela Pec herria, Esloveniako Karniola mendietako baserri edo etxaldeen auzo bat da. 26 biztanle ditu. Orri txukun bat dauka Wikipedian, ez bakarrik eslovenieraz, baita ingelesez ere. Irudiak, historia, erreferentziak daude... Herriaren izena itzultzeko modukoa da, Hormazuri izan zitekeen euskaraz, inguruko mendietako labarrengatik du izen hori.

Euskal Herrian, dozenaka eta are ehundaka toki daude, baserri auzoak, kontzeju eta elizateak, Bela Pec bezalakoak, apenas dutenik informaziorik Wikipedian.

Esate baterako, Zeberio udalerriko baserri-auzoen zerrenda. 40 izen daude. Gehienek ez daukate Wikipedia orririk. Eta daukatenetan ere... Ikus Solatxi. Zer dakigu Solatxiz? Ezer ere ez. Non dagoen, kokapen bat Bizkaiko mapan, eta 29 biztanle zituela 2008an. Ez dago argazki triste bat ere. Bela Pec Esloveniakoa bezalakoa da, baina hartaz gehiago dago jasoa Wikipedian.

Hainbeste dira! denek merezi dute orria? aldatu

Norbaitek pentsa dezake... baina merezi du benetan Zeberioko auzo horiekin guztiekin, orri bana sortzea Wikipedian, eta argazkiz eta informazioz hornitzea?

Eta zergatik ez? Pentsa, Minsk hiriko metroko geltoki guztiek dute beraien orritxoa Wikipedian. Eta ez bakarrik ingelesez eta bielorrusieraz, baita euskaraz ere!

Baserri-auzo eta herrixkak, gainera, ez dira anekdotak Euskal Herriaren geografian eta historian. Xamarrek deskribatu izan du Orhipean liburuan, nola herrixken banaketak logika geografiko bat duen. Baserri isolatua kantauri isurialdean, sarritan baserri-auzoetan antolatuak. Herrixka txiki eta konpaktoagoak mediterranear isurialdeko mendialdeetan, eta herri handiagoak azkenik, Ebro ibaiko lautadetan, Euskal Herriko hegoaldeko muturrean.

Ez gara ari bakarrik Bizkaia-Gipuzkoaz, Zeberio bezalako kasu batez. Lana ibarra, Nafarroan, adibidez. Bost kontzeju dira udalerrian, eta bakoitzak badu bere orria, baina oso informazio urriarekin.

Ez da iragana, oraina da, eta geroa aldatu

Lana ibarrean zein Zeberion, Modernitatearen indar demografiko eta ekonomikoek eraldatu dute Euskal Herriko populamenduen izaera, noski. Baina euskal geografia eta toponimiaren aberastasuna, eta are, herrien edo auzune populatu txikien errealitatea ez da desagertu 21. mendean. Wikipedian egotea merezi duen ondareaz ari gara.

Wikikunde izena aldatu

Wikikunde hitza asmatu zuen Joxe Aranzabalek. Jakintza partekatu nahi duten pertsonen sare moduko bat, baina Wikipediaren espirituarekin, elkarlotuz guztien ekarpenak.

Ibar edo haran bakoitzean, bertako lagun edo adituekin lotura sortu nahi dugu. Zeberioko Wikikundean, Arratiako zein lagunek lagundu diezaduke? Lana ibarrari buruz, nafarren bat egongo da hortik bertan agian lotura duenik, wikikundetxoa sortzen lagun dezakeenik.

Prozedura aldatu

Datubasea aldatu

Datubasea osatzen hasi gara. Udalerri eta haran jakin batzuk aztertu, hainbat auzune edo toki populatu daude hemen, zeintzuk duten orria, zeintzuk ez... orria dutenen artean, irudi eta informazio multzoaren analisi bat, gabeziak ikusteko. Momentuz, Hego Euskal Herrira zuzendutako ahalegina da hau.

Wikikundeak aldatu

Premia edo interes berezia duten haran eta inguruneak zerrendaturik, bakoitzerako erreferentziazko informatzaileak bilatu nahi ditugu; prest egon daitezkeenak bai beraiek dakitenarekin laguntzeko, zein bertako beste informatzaileekin zubi egiteko. Wikikundea egin, tokian tokikoa.

Informazio bilketa aldatu

Txangoa edo bisita antolatuak egin, wikikunde bakoitzeko lagunekin, tokatzen den tokira. Argazkiak egin, informazio bildu; agian bertakoei elkarrizketa bat edo beste.

Wikipedia osatu aldatu

Bildutakoa prozesatu, orriak sortu edo osatu, kategoriak, Commons fitxategi biltegiak, datu egituratuak Wikidatan, azpi-orriak ere bai baldin ondare elementuak edo jakingarriak topatu diren delako toki batean edo bestean. Neurri batean, tokian tokiko Wikikundekoak inplikatzen baditugu edizio lanean, hainbat hobe.

Irismena kalibratu aldatu

2021erako EWKE elkarteak proiektu honetarako gorde dituen baliabideekin, Wikikunde proiektua hasi egingo da, eta agian eskualde batzuetan, 30-50 toki dokumentatu ahal izango dira, ez dakigu orain zenbat, non. Irismena neurtzea da helburuetako bat: honenbesteko ahaleginarekin, hainbeste lortu da. Konparazio praktikoa erakutsi ahal izango dugu: "Konparatu nola zegoen 2021ean halako eskualdea, ikusi orain". Proiektuaren jarraipenerako giltza bat izan daiteke: tokian tokiko babesarekin, halako lan inbertsioarekin, zenbat lor daitekeen.

Eskualdeak, Wikikundeak aldatu

(hemen azpi-orri batzuk linkatuta)