Visesa (Vivienda y Suelo de Euskadi, S.A. - Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA izenpean sortu zen 1990ean, Gasteizen, otsailaren 6ko 29/1990 Dekretuaren —258/1989 Dekretua, azaroaren 21ekoa, sozietate publikoa sortzekoa, aldatu zuena— bidez[1]) Eusko Jaurlaritzari atxikitako sozietate publikoa da, eta haren helburu nagusiak dira Euskal Autonomia Erkidegoan kalitatezko etxebizitza babestuak sustatzea eta hiri-berroneratzeko proiektuak burutzea, gizarte-sektore guztietan etxebizitza duinaz gozatzeko eskubidea gauzatzen lagunduz.

Visesa 1990ean eratu zen, eta 1992an hasi zen haren jarduera. Jardunean izan den lehenengo 25 urteetan, 12.000 etxebizitza baino gehiago sustatu ditu Euskadinl Autonomia Erkidegoan. Horrek Euskadiko etxebizitza-sustatzaile nagusi bihurtu du.

Etxebizitza babestuak sustatzeko jarduerari dagokionez, proiektu hauetan dihardu, besteak beste: Zorrotzaurre penintsularen eraldaketa, Boluetan orain arte Passivhaus estandarren arabera egindako eraikinik altuena, Gasteizko Koroatze auzoaren hirigunearen birgaitzea eta Sestaoko Vega Galindo industrialdearen hiri-berroneratzea.

Ikuspegi ekonomikotik, 37 milioi euro inguruko kapitala du eta Eusko Jaurlaritzak berak (% 78,63), Kutxabankek (% 18,59) eta Euskadiko Kutxak (% 2,78) harpidetuta dago. Visesak balantze saneatua du, eta, horrek aukera ematen dio babes ofizialeko etxebizitza politikaren trakzio-elementutzat jarduteko eta bere burua finantzatzeko, Eusko Jaurlaritzarentzat finantza-karga izan gabe[2].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu