Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritza

UNHCR» orritik birbideratua)

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoa edo (ingelesezko siglaz) UNHCR (Office of the United Nations High Commissioner for Refugees) Nazio Batuen erakundeak sortutako erakunde bat da, iheslariei beren jatorriko herrialdeetatik ateratzeko eta herritartasun berria hartzen duten artean legezko eta politikazko babesa emateko helburu duena, iheslarien oinarrizko eskubideen alde diharduena. 1951n sortu zen eta Genevan du egoitza nagusia.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritza
Datuak
Izen ofiziala
United Nations High Commissioner for Refugees
Izen laburraUNHCR
MotaNazio Batuek ezarritako erakundea, gobernu arteko erakundea eta nazioarteko erakundea
Agintea
ZuzendariaFilippo Grandi
Egoitza nagusi
JabeaNazio Batuen Erakundea
Historia
Sorrera1950eko abenduaren 14a
Jasotako sariak
webgune ofiziala
Facebook: UNHCR Twitter: Refugees Instagram: refugees Telegram: UNHCR_Russia VK: unhcr_russia LinkedIn: 166589 Youtube: UC2ZDAoIMGP3m9tAgnniNEYw TikTok: refugees Edit the value on Wikidata
Kenyarako laguntasun-paketeak

1949. urtean sortu zen, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren erabakiz, eta 1950. urtean onartu ziren bere estatutuak. Hasieran, europar iheslarien beharrez arduratzen zen batez ere, baina 1950eko hamarraldiaren erdialdera, Afrika, Asia eta Latinoamerikan arazoak sortu zirenean, bertako iheslariak ere babesten hasi ziren. Beren herrialdetik kanpora ihes egin behar izan dutenei babes eta laguntza materiala ematen die, Nazio Batuen beste sailen batetik laguntza jasotzen dutenean izan ezik. Iheslariei nazioarteko babesa emateaz gainera, haien arazoari irtenbide iraunkorrak ematen saiatzen da.

Goi-mandataria bost urtez behin aukeratzen du Nazio Batuetako Batzar Nagusiak, idazkari nagusiak proposaturik. 1990-2000 bitartean, kargu hori Sadako Ogatak bete zuen, eta 80 herrialdetan zehar barreiatutako bi mila lagun baino gehiagok jardun zuen bere esanetara. Batzorde betearazlea 46 naziok osatzen dute. Finantzaketa Mendebaldeko herrialde industrializatuen borondatezko diru-ekarpenetatik lortzen du. 1992an 20,3 milioi dolar estatubatuar gastatu zituen. Garai hartan mundu osoan 17.180.776 iheslari zituen zenbaturik, Ekialde Hurbileko Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren babespean zeuden 3 milioi iheslariez aparte. 1954 eta 1981ean Bakearen Nobel Saria eman zioten, eta nazioarteko beste zenbait sariz gainera, 1991n Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzea Saria ere jaso zuen.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoaren aurrekarietako batzuk dira 1931n sortu zen Iheslarientzako Nansen Nazioarteko Bulegoa, 1933an Iheslarientzako Goi Batzordea, 1943an Nazio Batuetako Sorospen eta Birgaitze Administrazioa eta 1947an Iheslarien Nazioarteko Erakundea. 1951n Genevako Hitzarmenean Iheslarien Estatutua sortu zen, urte hura baino lehenagoko gertaerengatik ihes egin behar izan zutenentzat, eta Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak nazioarteko hitzarmen horiek betetzen direla ziurtatzeko helburua du. Horretarako, beharrezkoa da nazioen arteko lankidetza. Iheslari-estatutua ezin zaie atxiki bakearen aurkako delituren bat egin dutenei, edota gerra-delitu bat edo gizateriaren aurkako delituren bat egin dutenei; ezta Nazio Batuen helburu eta printzipioen aurkako ekintzaren bat egin dutenei ere. 33. artikuluan adierazten denez, estatuek ezin izango dute iheslari bat bere arraza, erlijio, naziotasun edo iritzi politikoengatik heriotza-arriskua lukeen lurralde batean ezarri, baina horrek ez du balio iheslari hori babesten duen herrialdearen segurtasunerako arriskugarri bihurtuko balitz. Genevako Hitzarmenaren ondoren sortutako iheslarien egoera berriei erantzuteko, 1966an, Iheslarien Estatutuak zabaltzeko erabakia hartu zuen Batzar Nagusiak protokolo baten bidez. Espainiak protokolo hori 1977an onartu zuen, eta 1994an onetsitako lege batekin arautzen du Babes Eskubidea eta iheslari-izaera.

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoaren eginkizunak

aldatu

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren Bulegoak 1951ko estatutuetako xedapenak betetzen diren begiratzen du, Nazio Batuetako organo aginpidedunei txostenak aurkezteko. Horretarako, estatuek iheslariei buruzko egoeraren, legeen, dekretuen eta abarren informazioa eta datu estatistikoak ematen dizkiote. 1970eko hamarraldiaren bukaeran eta 1980koaren hasieran, gerrateetatik ihesi zihoan jendetza handien mugimenduak gertatu ziren, Asiako Hego Ekialdean, Afrikako Adarrean edo Afganistan eta Erdialdeko Amerikan adibidez. Nazioarteko Zuzenbide Positiboan, nazioarteko edo herrialdeko bertako istiluek edo bizikidetza eragozten duten beste arazo larri batzuek eragindako iheslarien eskubideak bakarrik jasotzen dira, baina ez izadiak eragindako hondamendiek sortutakoak. Iheslari Estatutu formala ematea zaila den arren, Europan onartu ziren talde oinarria zuten zenbait kasu: Hungariatik zetozenak 1956an, eta Txekoslovakiakoak 1968an. 1970. urtetik aurrera Europar Batasunak bost kontinenteetan ematen du laguntza humanitarioa, eta ezin du arraza, erlijio edo iritzi-politikoagatik inor baztertu. Laguntza hori eskaintzeko, diru-funts bereziak ditu: 100 milioi euro urtean. 1980ko hamarkadaren erdialdera, iheslarien arazo gehienei behin betiko irtenbiderik ematen ez zitzaiela ikusirik, diru-funts berriak sortzea erabaki zuten, laguntza eta prestakuntza handiagoak emateko, eta milioika iheslarik jaso zuten Europar Batasuneko diru-laguntza hori. Erdialdeko Amerikako, Asia hego-ekialdeko eta Afrikako zenbait lurraldetako azken gertaeren ondorioz, gero eta gehiago dira beren herrialdeetara itzul daitezkeenak, eta Europar Batasunak milioi erdi iheslari baino gehiagoren itzulera ordaintzen laguntzen du. Hona laguntza horietako batzuk: 1971tik aurrera, 450 milioi euro ematen ditu palestinar iheslarientzat; 1882-1983 artean, Asia hego-ekialdetik, Pakistandik, Afrikako Adarretik eta Erdialdeko Amerikatik zetorren jendetzaren gastuak ordaintzen lagundu zuen; 1989an, Sudango Gerra Zibilak eragindako iheslariei laguntza eman zien; 1990 eta 1991 bitartean, Liberiakoei; eta 1991n, Golkoko Gerraren ondorioz Irakeko iparraldean mendira ihes egin behar izan zuten 1,5 milioi kurduei laguntza eskaintzen lehenengoa izan zen: 105 milioi euro eman zituen. Izan ere, azken 25 urteotan areagotu egin da funtsen urteko gastua: 1995. urtean 1.400 milioi dolar gastatu ziren, mundu osoko 23 milioitik gora iheslari eta lekuz aldatutakoak babesteko.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu