Xirula aerofonoen familiako soinu-tresna da.

Nolakoa da? aldatu

Xirula, txistua bezala, hiru zuloko flauta zuzena da. Hiru zuloak tutuaren behealdean ditu, bi aurrealdean eta bat atzealdean. Txistua baino motzagoa da eta doinu agudoagoa ematen du. Agudotasun honek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio eta urrutitik beste soinu-tresnen gainetik bere hotsa entzun ahal izaten da.

Itxura eta egitura aldetik ere badira txistuarekiko desberdintasunak. Dirudienez, xirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpel egurrez egiten da, dena puska batean (ahoko takoa izan ezik). Askotan goiko eta beheko muturrak adarrez sendotzen dira, hauek baitira kolpez puskatzeko arriskurik handiena duten zatiak.

Nola jotzen da? aldatu

Xirulariak esku batekin xirula eta bestearekin besoarekin heldurik daraman ttun-ttuna jotzen ditu. Horrela, jole bakar batek musikaren doinua, azpiko nota pedalak eta erritmoa aldi berean eskain ditzake.

Digitazio naturalaz ia bi zortziduneko eskala diatonikoa ematen du.

Non aurki dezakegu xirula euskal herri-musikan? aldatu

Garai batean, XIX. mendera arte, badirudi xirula eta ttun-ttuna oso zabalduak zeundela. Antzinako idazlanei begiratzen badiegu, ia Nafarroa osoan (XVI. mendean Tuteraraino) azaltzen dira, eta Iparralde osoan ere bai, kostaldetik Zuberoaraino.

Gaur egun Euskal Herriko Ipar-Ekialdean jotzen dira batez ere. Zuberoan ez da festarik eta dantzarik xirularik gabe.

Gaur egun, txistu eta xirularen arteko ezberdintasunak oso nabarmenak dira eta zehaztuta daude. Bakoitzak bere itxura, hotsa eta neurriak ditu. Baina ezberdintasun hauek (neurria, itxura, danbolina-ttun-ttuna), dokumentu zaharretan ikusten dugunez, garai batean ez ziren hain garbiak izango.

Xirula eta ttun-ttuna beren kasa jotzen ikus ditzakegu, edo bi xirulari batera jotzen, bakoitza bere ttun-ttunarekin. Azken garaietan Zuberoan ttun-ttuna gero eta gutxiago erabili izan da eta talde arruntena xirula eta atabalak osatu dute. Xirulariek ere beste soinu-tresna joleekin elkarturik bestelako taldeak osatu dituzte, hala nola, biolinarekin edo akordeoi diatonikoarekin. Gaur egun, musika bandako soinu-tresnekin osatutako fanfarre-txaranga moduko taldeen barruan ere xirula ikus dezakegu, Euskal Herri osoan.