👶
Jaiotza
1547ko irailaren 29a
Alcalá de Henares
💀
Heriotza
1616ko apirilaren 22a
Madril
🔨
Lanbidea
eleberrigile
📷
Argazkiak
ikusi
Miguel de Cervantes
Miguel de Cervantes
Miguel de Cervantes (Juan Jauregik margotua)
Datu pertsonalak
Izen osoa Miguel de Cervantes Saavedra
Jaio 1547ko irailaren 29a
Alcalá de Henares (Espainia)
Hil 1616ko apirilaren 22a (68 urte)
Madril (Espainia)
Bikotekidea(k) Catalina de Salazar y Palacios
Sinadura

Miguel de Cervantes Saavedra (1547-1616) espainiar idazle bat izan zen, gaztelaniaz idatzi duten idazle guztien artetik ospetsuena. Haren obra ezagunena On Kixote Mantxakoa da (gaztelaniaz, Don Quijote de la Mancha).

Bizitza

aldatu

Miguel de Cervantes Saavedra 1547ko irailaren 29an jaio zen, Madrilgo Alcalá de Henares hirian. Haren aita, Rodrigo de Cervantes, zirujau pobre bat zen. Ez dago frogarik Cervantesek unibertsitatean ikasi zuenik, ez bere jaioterrian ez eta gaztaroa igaro zuen beste hirietan ere (Valladolid, Sevilla eta Madril).

1569ko amaieran, 22 urte zituela, Cervantes Erroman zegoen. Han, Acquaviva kardinalaren zerbitzuan lanean egon zen, denbora batez. Hurrengo urtean, Italian zegoela, Espainiako armadan sartu zen. 1571ko urrian, Lepantoko guduan parte hartu zuen, Espainiaren eta Italiako hirien flota aliatuek turkiar flota suntsitu zuten bataila ospetsuan. Gudu horretan Cervantesek hiru bala-zauri jaso zituen, eta horietako batek elbarri utzi zion ezkerreko eskua. Hala ere, soldadu jarraitu zuen beste zenbait urtez.

1575ean, bera eta bere anaia Rodrigo Espainiara itzultzen saiatu ziren, baina turkiar itsasontzi talde batek harrapatu zituen. Ondorioz, Cervantesek bost urte eman zituen preso Aljer hiriko presondegi batean; hainbat aldiz saiatu zen kartzelatik ihes egiten, baina huts egin zuen. Azkenik, 1580an etxera itzuli ahal izan zen, bere familiak eta lagun batzuek erreskate bat ordaindu ondoren haren askatasunaren truke.

Esku bat elbarri edukita, ezin zuen soldadu jarraitu eta idazteari ekin zion. Hurrengo urteetan, 20 edo 30 antzerki-lan idatzi zituen, baita erromantze pastoral bat ere, Galatea, baina arrakastarik gabe. Bitartean, ezkonsari txiki bat ekarri zion emakume batekin ezkondu zen.

1587rako, Cervantes erregearen zerbitzura zegoen berriro, oraingoan Espainiako Itsas Armadarentzat garia, garagarra eta olioa biltzeko. Horrelako lanetan jardun zen zenbait urtez erregearen zerbitzuan, baina jasotzen zuen ordaina oso atzeratua iristen zitzaion beti, eta sarritan arazo ekonomikoak izaten zituen.

Hilabete batzuetan, 1597-98an, Cervantes espetxeratu egin zuten, zergak biltzen jasotako dirua galdu zuelako, dirua gordetzen zion bankuak hondoa jo zuenean. Aditu askok diote garatsu hartan bururatu zitzaiola seguru asku On Kixoteren istorioa idazteko ideia. 1604an Valladolidera iritsi zen Kixotearen lehen zatiko eskuizkribuarekin, eta 1605ean argitaratu zioten, Cervantesek 57 urte zituenean.

Liburuak oso azkar arrakasta handia izan zuen arren, Cervantesek diru gutxi jaso zuen, liburuko bere eskubideak bere editoreari saldu zizkiolako. On Kixoteren ospea Europan zehar hedatzen zen bitartean, Cervantes pobrezian bizi zen, mezenas aberatsen menpeko.

On Kixotez gain, beste idazlan batzuk ere argitaratu zituen. Horien artean, Novelas ejemplares (1613) izeneko fikzio laburreko bilduma bat, eta bere azken erromantzea, Los trabajos de Persiles y Sigismunda, bere heriotzaren ondoren argitaratu zena, 1617an. Kixotearen bigarren zatia 1615ean argitaratu zuen eta bera hurrengo urtean hil zen, 1616ko apirilaren 22an, Madrilen. Hango komentu baten lurretan lurperatu zuten, izenik gabeko hilobi batean.

Hil zenetik, Cervantes lehen eleberri modernoaren autoretzat hartua izan da. Bere lanak beste egile asko inspiratu ditu mendeetan zehar.