Urdaibaiko itsasadarra.

Urdaibai Oka ibaiak bere aho edo bokalean (itsasoratzen den lekuan) sortzen duen eremu gazi eta zingiratsua da. Bizkaian dago, Busturialdea izeneko eskualdean. estuario bat da, 230km²-ko azalera eta 20 kilometroko luzera duena. UNESCOk biosferako erreserba izendatu zuen 1984an. Horren bitartez, ingurune natural hau babestuta dago, eta, horrela, oreka interesgarria lortu da gizakiaren jarduera ekonomikoen eta naturaren artean.

Euskal Herriko hezegune garrantzitsuena da; hezeguneak ia beti urez estalita egoten diren padura edo eremu hezeak dira, flora eta fauna oso aberatsa dutenak. Oso ondo kontserbatuta dago eta, horri esker, leku oso egokia da migrazio garaian bertatik igarotzen diren hegaztientzat. Hori dela eta, gainera, lege baten bidez, "hegaztientzako babesgune berezia" ere bada.

Zein leku interesgarri daude? aldatu

Leku interesgarri ugari ikus daitezke inguru honetan. Bizigune edo herri nagusiak Bermeo eta Gernika dira.

Kostalde edo itsasertzean, Laidatxu eta Laida hondartzak daude, inguru honetako garrantzitsuenak. Hondartza oso zabalak dira itsasbehera dagoenean, baina ia erabat desagertzen dira itsasgora dagoenean. Uhate txiki batzuk ere badaude, Txatxarramendi eta Sandinderi, padura barruan, Sukarrietan, eta Izaro (Bermeo), itsasoan. Bestalde, itsasadarra dago (Gernikako itsasadarra), Oka ibaiak itsasoarekin bat egiten duen ingurua. Itsasadarra da erreserbaren bihotza, emigratzen duten hegazti ugarientzat toki aparta baita atseden hartzeko eta elikatzeko.

Barnealdean, Kortezubin, mendiz inguraturiko paisaia basati batean, Omako Baso Margotua edota Santimamiñeko haitzuloak daude. Omako basoan, Agustin Ibarrola artistaren artelan eder bat ikus daiteke zuhaitzetan kolore desberdinez margotuta. Eta Santimamiñen, berriz, duela 13.000 urte inguruko gizakiek egindako historiaurreko pinturak daude.