Saturno eta bere eraztunak.

Saturnoren eraztunak planeta horren inguruan orbitatzen duten arrokez eta hauts- eta izotz-partikulez osatuta daude. Eraztunen osagai batzuk harea-pikor bat bezain txikiak dira, baina beste batzuk autobus bat bezain handiak izan daitezke. Bloke horiek oso azkar mugitzen dira planetaren inguruan, eta espazio-zunda bat eraztunak zeharkatzen saiatuko balitz, seguraski suntsituta amaituko luke.

Bi eraztun, A eta B deitutakoak, distiratsuak dira, baina hirugarrena, C deiturikoa, ez da hain distiratsua. Eraztunen artean hutsuneak daude, gehienak A eta B eraztunen artean. Zabaldura horri Cassini banaketa deitzen zaio.

Eraztun lodienak planetaren azalaren gainetik 7.000 eta 80.000 km bitarteko garaierara iristen dira. Eraztun lodi horien ondoren, beste eraztun meheagoak daude, 400.000 km-ko garaiera arte iristen direnak.  

Nola sortuak dira? aldatu

 
Saturnoren eraztunak arrokaz, eta izotz- eta hauts-partikulaz osatuta daude.

Saturnoren eraztunen jatorria oraindik ere eztabaidatzen da, baina hainbat teoria daude haien sorrerari buruz. Teoria hedatuenaren arabera, Saturnoren eraztunak haren ilargi batek eztanda egin zuenean osatu ziren, orain dela milioika urte. Gertakizun horren arrazoia planetaren grabitazio-indarra, edo asteroide handi baten talka izan liteke. Beste aukera bat da eraztunak Saturno osatu zuten materialen parte direla, eta haren inguruan orbitatzen geratu zirela.

Ikerketa astronomikoa aldatu

Saturnoren eraztunak Galileo Galileik ikusi zituen lehen aldiz, 1610ean. Hala ere, haren teleskopioa mugatua zelako seguraski, Galileok ez zuen ikusi planetaren inguruko formazio horiek eraztunak zirenik. Galileok ez zuen ulertu zer ikusten ari zen, eta Saturnok belarri modukoak zituela uste zuen. 1612an astronomoak Saturno behatu zuen berriro, baina eraztunak desagertuta zeuden orduan, eta hurrengo urtean berriro agertu ziren. Gertatu zena izan zen Lurra eraztunen plano berean kokatu zela, eta oso meheak direnez, ezin ziren Lurretik ikusi. Hori askotan gertatzen da.

1655era arte itxaron izan behar zen, Christiaan Huygens astronomo holandarrak eraztuna zela konturatu arte. Huygensek uste zuen solidoa zela, eta haren gainean ibili ahalko zela.

Geroago, 1675. urtean, Giovanni Domenico Cassini astronomo genovarrak ikusi zuen Saturnoren eraztuna hainbat eraztunez osatuta zegoela.

Ia 200 urte geroago, 1859. urtean, James Clerk Maxwell astronomo eskoziarrari bururatu zitzaion eraztunak partikulez osatuta zeudela. Haren hipotesia 1895ean baieztatu zen, James Edward Keeler iparramerikarraren behaketen bidez.

XX. mendean Saturnora zenbait espazio-zunda bidaltzea lortu zen, eta hainbat aurkikuntza egin ziren haiei esker. Lehenengo zunda Pioneer 11 izan zen; Saturnotik 21.000 km-ra geratu zen, eta planetaren eta hainbat sateliteren argazki egin zituen. 1980an Voyager 1 izeneko zunda Saturnotik gertu igaro zen eta planetaren kalitate oneko argazkiak bidali zituen.

XXI. mendean, 2004. urtean, Cassini zunda planetaren orbitan kokatu zen eta momentura arte ezagutzen ziren baino eraztun gehiago aurkitu zituen. Lurrera Saturnoren eta haren ilargien argazki asko bidali zituen, batez ere Titan ilargiarena, eta haiei esker planetan ekaitzak zeudela ikusi ahal izan zen. Misioak hasieran 2008ra arte iraun behar zuen, baina hainbat alditan luzatu zen. Azkenean 2017ko irailaren 15ean amaitu zen, eta Saturnoren atmosferara sartzean zunda erre zen.

 
Saturno eta bere eraztunak, Eguzkia eklipsatzen.