Italiako Gran Paradiso parke nazionaleko basahuntzak

Parke nazionalak eremu geografiko babestu batzuk dira, bertako fauna eta flora aberatsa zaintzeko lege-babesa dutenak. Lehorrekoak nahiz uretakoak izan daitezke.

Parke nazionalak babestuta egoteak esan nahi du haietaz arduratzen diren erakundeek mugatu egin ditzaketela bertan egin daitezkeen jarduerak.

Esate baterako, bertan eraikinak egitea edo ingurumenari kalte egiten dieten beste hainbat jarduera debekatu ditzakete. Beste kasu batzuetan, mugatu egiten dute denbora tarte jakin batean parkera sartu daitezkeen pertsonen kopurua, edo ibilgailu pribatuekin sartzea debekatzen dute.

Halaber, parke nazionalek, ingurumen aldetik oso aberatsak izateaz gain, garrantzi handia dute zientzialarientzat. Izan ere, baliteke parke naturaletan inguru horretan bakarrik bizi diren espezie autoktonoak bizi izatea, bertakoak alegia. Horrelako kasuetan, jartzen dituzten arau eta debekuen helburua inguru hori ahalik eta egoera onenean mantentzea da, ekosistemari ahalik eta kalte gutxien eginez.

Orokorrean, herrialde bakoitzeko gobernuaren ardurapean egoten dira bertako parke nazionalak, hau da, nazio horretako gobernuaren ardurapean. Horregatik dute izen hori.

Zer desberdintasun dago parke nazionalen eta natura-parkeen artean?

aldatu

Parke nazionalek natura-parkeek baino babes handiagoa jasotzen dute. Gainera, herrialdeko gobernuak kudeatzen ditu zuzenean parke nazionalak, eta ez eskualdeko edo autonomia erkidegoko gobernuak. Izan ere, normalean parke nazionaletan espezie autoktonoak bizi dira, bertan bakarrik edo beste leku oso gutxitan bizi direnak, eta arreta berezia behar izaten dute.