Eskeletoa edo hezurdura animalia batzuen gorputzeko hezurren multzoa da. Ugaztunek, hegaztiek, narrastiek, anfibioek eta arrainek dituzte eskeletoak. Intsektuek eta itsaskiek ez dute hezurdurarik gorputz barruan; horren ordez, exoeskeleto izeneko kanpoko estalki gogor batez babestuta dute gorputza. Koral eta belakien hezurdurak mineralez eginak daude, ez hezurrez. Animalia batzuek, marmokek adibidez, ez dute inolako eskeletorik.
Gizakien eskeletoak 200 hezur baino gehiago ditu, 206 zehazki. Eskeletoko hezur gogor eta zurrunek gorputz osoari eusten diote. Eskeletoaren beste eginkizun bat gorputz barruko organo bigunak babestea da. Horrez gain, hezurdurak muskulu edo giharrekin lan egiten du, gorputza mugitu ahal izateko. Hiru horiek dira eskeletoaren funtzio edo eginkizun nagusiak. Ikus ditzagun banan-banan.
Gorputzari eutsi
aldatuEskeletoaren zereginik oinarrizkoena gorputzari eustea da. Adibidez, bizkarrezurrak gorputzaren goiko alde osoari eusten dio; hari esker, zutik egon gaitezke bai eta tente ibili ere. Horrek abantaila handiak ematen dizkigu beste animalien aldean: hankak ibiltzeko bakarrik erabiltzen ditugunez, besoak libre ditugu eskuak hainbat jardueratan erabiltzeko, erremintak erabiltzeko, adibidez.
Organoak babestu
aldatuEskeletoak egiten duen bigarren lan handia gorputzaren barruko organoak babestea da; hezurrak gogorragoak izaten dira, eta horrela gorputzaren barruk oorgano bigunak babestuta daude. Adibidez, bizkarrezurrak eta saihets-hezurrek osatutako kutxa torazikoak bihotza, birikak eta gorputzaren goiko aldeko beste organoak babesten ditu.
Gainera, hezurdurak nerbio-sistema zentrala ere babesten du, hau da, Burmuinak eta bizkarrezur-muinak osatutakoa. Buru barruan, burezurra inguratzen eta babesten du. Bizkarrezurreko ornoek edo hezurrek bizkarrezur-muineko nerbioak inguratzen eta babesten dituzte.
Mugimendua ahalbidetu
aldatuEskeletoaren hirugarren funtzio edo betekizun nagusia gorputzaren mugimenduan laguntzea da. Hezurdurak gihar edo muskuluekin lan egiten du, gorputza modu askotan mugi dadin ahalbidetzeko. Muskulu asko gutxienez eskeletoko bi hezurri daude lotuta. Garunak muskulu bati mugitzeko esaten dionean, giharrak bere hezur itsatsiei tira edo bultza egiten die, eta horrela bideratzen da gorputz-atalaren mugimendua.
Hezurrak nola daude konektatuta?
aldatuEskeletoko hezurrak batzuk besteekin elkartuta edo konektatuta daude lotailu izeneko ehun edo zuntz-sorta baten bidez. Muskuluek ere mantentzen dituzte hezur batzuk elkartuta. Gehienetan, ordea, tendoi izeneko kordoi moduko batek lotzen ditu giharrak hezurretara.
Hezurrak konektatzen diren puntuetan, kartilagoa izeneko estalki babesgarri bat izaten dute. Estalki hori gabe, bi hezur gogor bata bestearen kontra igurtziz gero, higatu eta kaltetu egingo lirateke. Kartilagoak hezurrak babesteko bezain gogorrak dira, baina baita elastikoak ere, hezurrak ez kaltetzeko. Hezur askoren muturretan eta artikulazioetan egoten dira, belaunetan adibidez. Kartilagoak kutxa torazikoaren zati batzuk ere lotzen ditu; hari esker, saihets-hezurrak barrurantz eta kanporantz mugitzen dira arnasa hartzen dugunean.
Kartilagoa, ordea, kaltetu egin daiteke, eta ez da konpontzeko erraza. Pertsonak zahartu ahala, artikulazio batzuen kartilagoa higatu eta hondatu egin daiteke. Hori gertatzen denean, mina sentitzen da artikulazioetako hezurretan. Halakoetan, medikuek plastikozko edo metalezko artikulazio artifizialekin ordezka ditzakete artikulazioak.