Sevillako leku ezagun batzuk.

Sevilla Europako hiri bat da, Espainiako hegoaldean dagoena. Andaluziako eta Sevilla probintziako hiriburua. Guadalquivir ibaia igarotzen da hiritik.

2017ko datuen arabera, hiriak 689.434 biztanle ditu, eta, horregatik, Espainiako hiri handienetatik laugarrena da; haren metropoli eremuan, berriz, ia 1,4 milioi biztanle bizi dira.

Espainiaren hegoaldeko hiririk garrantzitsuenetako bat da, turismoaren eta merkataritzaren ikuspegitik begiratuta.

Historia

aldatu

Pentsatzen da hiria feniziarrek sortu zutela. Merkataritza-gune garrantzitsua zen erromatarrak Hispaniara iritsi baino lehen. Erromatarrek Hispalis izena eman zioten, dirudienez fenizierako Spal izenean oinarrituta (beterri edo behe-herria esan nahi omen zuen).  

Julio Zesarrek kolonia maila eman zion hiriari K.a. 45. urtean, eta oso hiri garrantzitsua izan zen erromatarren garaian. Erromatar Inperioa erori zenean, bandaloen tribua jabetu zen hiriaz 428. urtean, eta geroago bisigodoak.

Arabiarrak 711. urtean sartu ziren Iberiar Penintsulara; 712. urtean konkistatu zuten hiria eta Isbiliya izena ipini zioten. Arabiarrek 1492ra arte jarraitu zuten penintsulan, eta haien mendeko lurrei Al-Andalus izena eman zieten. Sevilla eta Kordoba izan ziren Al-Andaluseko hiririk garrantzitsuenak. Meskita nagusia (Giralda dorrea da geratzen den zati bakarra) eta Urrezko Dorrea eraiki zituzten (azken honen zimenduak baino ez dira garai hartakoak).

Kristauak 1248an jabetu ziren hiriaz, Gaztelako Errando III.a erregearen garaian; horren ondorioz, ia 300.000 biztanle musulmanek ihes egin zuten Granadara eta Afrikako iparraldera, eta hiriak indar ekonomiko handia galdu zuen XVI. mendera arte. Une horretatik aurrera, Amerikaren aurkikuntzaren ondorioz, Sevilla izan zen Espainiako merkataritza-hiririk garrantzitsuena; izan ere, hiriari eman zitzaion Amerikako merkataritzarako monopolioa (merkataritza kontrolatzeko eskubidea, nolabait esanda).

Gaur egun, Andaluziako hiririk garrantzitsuena da ekonomiaren eta industriaren ikuspuntutik. 1992an Erakusketa Unibertsala egin zen bertan eta 18 milioi bisitari izan zituen hiriak; horretarako, garraio-azpiegiturak (autobideak, aireportua eta abiadura handiko trena, adibidez) asko hobetu ziren. Baina Erakusketak zor handiak ere utzi zituen, eta orduan eraikitako eraikin asko eraitsi edo bota egin ziren edo hutsik gelditu ziren.

Leku ikusgarriak

aldatu

Interes turistiko handiko hiria da, monumentu, plaza, lorategi eta eliza ugari baititu.

Hiriko eraikinik ospetsuenen artean, hiriko Sevillako katedrala, Giralda (antzinako meskitako alminar edo dorrea, gaur egun katedraleko kanpandorrea), alkazarra eta Urrearen Dorrea (Torre del Oro) dira aipagarrienak. 1987an, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zituen katedrala, Giralda eta alkazarra (erregeen jauregia).