Mantxako kanala Erresuma Batuaren eta Frantziaren artean dagoen itsaso-zatia da. Britainiarrek kanal ingelesa edo kanala deitzen diote.
Kanalak Ozeano Atlantikoa eta Ipar Itsasoa lotzen ditu Calaisko itsasartearen bidez. Guztira 75.000 km² ditu eta zirkulazio gehien duen itsasoetako bat da.
Kanalaren sakonera txikia da (50 eta 100 m bitartekoa), Guernesey irla dagoen tokian izan ezik, non 172m-ko sakonera duen “zulo” edo hobi bat dagoen.
Itsasoak eragindako higadura garrantzitsua da ur-lasterren kanalizazioaren eraginez indar handiagoa hartzen baitu urak; gainera, mendebaldeko haizeak olatuen ahalmena indartzen du. Bestalde, mareak nahiko handiak izan daitezke (Mont-Saint-Michel izeneko tokian, adibidez, itsasogoraren eta itsasbeheraren arteko diferentzia 11,70 m-koa da).
Mantxako kanala munduko itsaso aktiboenetako bat da. Europako porturik garrantzitsuenetara iristen diren edo haietatik irteten diren itsasontziek kanal honetatik igaro behar dute; portu horiek Londres, Anberes, Rotterdam, Le Havre, Southampton edo Plymouth dira. Itsas-trafikoa oso handia denez, zirkulazioa bi norabideak kontuan hartuz banatu da:
- Mendebaldetik ekialderantz joateko, Bretainia Handiko kostaldetik hurbil ibiltzen dira.
- Ekialdetik mendebalderantz joateko, Frantziako kostalde ondotik mugitzen dira dira
Gainera, ferry edo transbordadore ugari ibiltzen dira ur hauetatik, Frantzia eta Ingalaterraren arteko itsas-lotura bermatzeko.
Mantxako kanalaren azpitik, trena pasatzeko tunel bat dago.