Txikipedia:Lotura kobalente

Bi atomo ez-metalen arteko lotura kimikoak dira lotura kobalenteak. Adibide egokia ura da; izan ere, hidrogenoa (H) eta oxigenoa (O) elkartzen dira, ura (H2O) sortzeko. Lotura kobalenteen bidez, atomo bakoitzaren geruza elektronikoan zortzi elektroi daude (zortzikotea beteta du); baina hidrogenoaren edo helioaren kasuan, bi elektroi baino ez daude. Atomoek azken geruza elektronikoan dituzten elektroiak balentzia-elektroiak dira. Balentzia-elektroiak konpartituz, atomoek elkar lotzen dute, eta horrela egonkorragoak dira. Mekanika Kuantikoak atomoen konfigurazio elektronikoa zehazten du, baita balentzia-elektroiak ere.

Balentzia-elektroien kopurua atomoaren tamainaren araberakoa da. Elektroiak nukleo atomikoaren inguruan orbitatzen dira, Planetak Izarren inguruan orbitatzen diren moduan. Baina nukleo atomiko baten inguruko bide orbitalak difusoak dira. Lehenengo geruzak, gehienez, bi elektroi eduki ditzake; hurrengo geruzek, gehienez, zortzi elektroi. Atomoen arteko lotura kobalenteek balentzia-elektroiak partekatzen dituzte.

Adibidez, atomo batek bederatzi elektroi edukiko balitu, lehenengo biak nukleoaren ingurutik oso gertu egongo lirateke orbitatzen, eta hurrengo zazpiak nukleotik pixka bat urrunago. Kanpoko zazpi elektroiek barruko biek baino gutxiago erakarriko lituzkete nukleoak, positiboki kargatutako nukleotik urrunago egongo liratekeelako. Bederatzi elektroiko atomo hori beste atomo batetik hurbil balego, eta bigarren atomoak elektroi bakarra balu bere kanpoaldeko geruzan, beste orbital bat sortuko litzateke elektroi askearentzat. Orbital elektroniko hori bi atomoen nukleoetara egongo litzateke lotuta, eta jatorrizko orbital elektronikoak baino energia gutxiago izango luke.

Elektroiak berez egiten du salto orbital horretara, eta fotoi bat igortzen du gehiegizko energia dela-eta. Beraz, bi atomo ditugu; izan ere, atomoen erdian, orbital kobalentea sortu da elektroiak partekatuz. Gainera, zortzikotea beteta duenez, oso egonkorra da. Nukleoen karga positiboen eta orbital berriaren karga negatiboaren arteko erakarpen-indar elektromagnetikoaren bidez elkartzen dira bi atomoak. Horri lotura kobalentea deritzo. Lotura hori apurtzeko, lotura sortutakoan askatu zen energia kantitate bera behar dugu.

Esan dugun bezala, ur molekula oxigeno atomo batez eta hidrogeno atomo biz osatuta dago, lotura kobalentearen bidez. Kasu horretan, oxigeno atomo batek elektroi bat partekatzen du hidrogeno atomo bakoitzarekin. Horrek esan nahi du oxigenoaren atomoek karga positibo garbi txikia dutela eta hidrogeno atomoek karga negatibo garbi txikia dutela. Ondorioz, oxigeno eta hidrogeno atomoek elkar erakartzen dute, indar elektromagnetikoaren bidez. Kontuan izan behar dugu, gainera, ur molekula polarra dela, eta karga ez duela uniformeki banatuta.

Nahiz eta antzekoak izan, zenbait faktore bereizgarri dituztenez, bi taldetan bereiz ditzakegu lotura kobalenteak:

  • Sinpleak. Konposatu hauek urtze- eta irakite-puntua nahiko baxua dute. Hori gertatzen da atomoen arteko lotura intermolekularrak indartsuak izanik ere, ez dutelako loturarik molekulen artean. Normalean, konposatu gaseosoak edo likidoak izaten dira, hala nola O2, H2, CO, CO2, NO2, NH3, CH4...
  • Erraldoiak. Konposatu hauek urtze- eta irakite-puntua nahiko altuak izan ohi dituzte. Halako konposatuek erakarpen-indar intermolekular handiak dituztenez, geruzen arteko loturak oso indartsuak dira. Diamantea, adibidez, lotura kobalente erraldoia da. Horrek karbono atomoen lotura kobalentez osatutako sare kristalino handia osatzen du. Grafitoa ere lotura kobalente erraldoia da.

Lotura kobalenteak lotura ionikoak baino ahulagoak dira, eta urtze-puntua baxuagoa dute. Elektrizitatearen eta beroaren eroale txarrak ere badira.