Espainiaren eta Portugalen inperioak 1790ean.

Amerikaren kolonizazioa XV. mendearen amaieran hasi zen, 1492. urtean Kristobal Kolon bertara heldu ostean, Gaztelako Koroaren laguntzaz. Hortik aurrera, Europako inperio eta estatu batzuek Ameriketako lurralde asko esploratu eta konkistatu zituzten. Horretarako, bertan bizi ziren herri indigenak menderatu zituzten.

Amerikaren aurkikuntza aldatu

Kolon Antilla uharteetara heldu zen 1492ko urrian. Abenduan, gaur egun Haiti eta Dominikar Errepublika herrialdeetako lurretara iritsi zen, eta europarrek Hispaniola izena ipini zioten uharte osoari. Bertan, lehenengo kolonia europarra ezarri zuten. Hortik aurrera espainiarrak kolonia txikiak eraikitzen joan ziren, lehendabizi Antilla uhartedian eta ondoren kontinente amerikar osoan.

Une batetik aurrera, Espainia liskarretan hasi zen Portugalekin, haiek ere hasi zirelako Amerika kolonizatzen. Tordesillasko Itunaren bidez (1494), bi erreinuek bien artean banatu zituzten kolonizatu ahal zituzten lurrak.

Kolonizazioaren bi momentu garrantzitsuenak Inperio Aztekaren (Mexiko, 1519) eta Inperio Inkaren (Peru, 1532) inbasioak izan ziren.

Kolonizazioaren arrazoiak aldatu

Hasieratik, bi izan ziren kolonizatzaileen helburuak: konkistatutako lurraldeen aberastasunez jabetzea eta bertako biztanleak kristau bihurtzea. Prozesu hori gogorra izan zen, askotan indarkerian oinarrituta.

Kolonizatzeko erabilitako sistema aldatu

Indigenak kolonizatzaileen atzean.

Kolonizatzaileek erabili zuten kolonizatze-sistema enkomienda deitutakoa izan zen. Enkomienda Espainiako Erregeak ezarri zuen, kolonizatuak izan ziren biztanleei emandako eskubidea. Honen arabera, erregearen babesaren truke, espainiarrek zergak kobratzen zizkieten indigenei, batez ere lana eginaraziz. Kasu gehienetan, indigenek esklabo moduan egiten zuten lan, oso baldintza gogorretan. 1510. urtean, Bartolomé de las Casas izeneko fraide domingotarrak gogor salatu zuen sistema hura.