Pertsona bat altzari bati indar eginez mugitzen.

Indarra gorputzen arteko elkarrekintzak (hau da, gorputz bati beste gorputz bat hurbil nahiz urrun egoteagatik gertatzen zaiona) azaltzeko orduan Fisikak erabiltzen dituen eragileak dira. Beste era batera esanda, indarra gertatzen da gorputz batek besteari zerbait egiten dionean, hots, bultza edo tira egiten dionean. Elkarrekintza hori gelditzen denean, indarra ere gelditzen da.

Indarrak objektu baten abiadura, norabidea eta baita forma ere alda ditzake. Ateari bultza egitea ixteko, tira egitea irekitzeko, goma elastiko bat luzatzea... ekintza horiek denek indarra behar dute.

Elkarrekintza hori bi eratara gerta daiteke:

  • Zuzeneko kontaktuagatik: adibidez, baloiari ostikoa ematen diogunean.
  • Urrundik: adibidez, Lurraren eta Ilargiaren arteko erakarpena.

Indarraren ondorioak ere bi eratakoak izan daitezke:

  • Ondorio estatikoa: indarrak gorputzaren forma aldatzen du, malguki batetik tira egitean edo plastilina oratzean gertatzen den bezala.
  • Ondorio dinamikoa: gorputzaren abiadura handitu edo gutxitu, edo haren norabidea aldatu egiten du indarrak.

Batzuetan, indarrak ez du inolako ondoriorik izaten; adibidez, eraikin bateko hormari bultza egiten diogunean, ez da mugitzen, edo burdin-barra lodi bat tolesten saiatzen garenean ez dugu holakorik lortzen. Izan ere, horrelako kasuetan guk erabiltzen dugun indarra askoz txikiagoa da objektu horiek duten erresistentzia-indarra baino. Ekintza batean gertatzen diren indar kontrajarriak berdinak direnean, objektu horretan ez da aldaketarik gertatuko: geldirik badago, geldirik jarraituko du; mugimenduan badago, abiadura berean eta norabide berarekin jarraituko du mugitzen.

Aldiz, objektuari aplikatzen zaizkion indar kontrajarriak desorekatuta daudenean, objektu horren forma edo mugimendua aldatu egingo dira: deformatuko da, abiadura handitu edo gutxituko du edo norabidez aldatuko da.

Indarrari eta mugimenduari buruzko ohar horiek Newtonen Mugimenduaren Lehen Legean oinarrituta daude. Lege horren arabera, geldirik dagoen objektu bat geldirik egongo da eta mugitzen ari den objektua abiadura berean mantenduko da mugimenduan, objektuak indar desorekatu baten eragina jasotzen ez badu.

Motak aldatu

  • Indar normala gorputz bati gainazalak egiten dion erreakzio-indarra da.
  • Pisua Lur planetak gorputz bati egiten dion erakarpen indarra da.
  • Indar zentripetua gorputz bat biraka ari denean erdirantz egiten duen indarra da.
  • Indar zentrifugoa gorputz bat biraka ari denean kanporantz egiten duen indarra da.
  • Marruskadura indarra gorputz bati beste batek mugitzerakoan egiten dion kontrako indarra da.

Nola neurtzen da indarra? aldatu

Indar bat neurtu ahal izateko, elkarrekintzan dauden gorputzetan zer nolako efektua eragiten duen aztertu behar dugu.

a) Indarrak deformazioa eragiten badu aldatu

Hookeren legearen bidez neurtzen da indarra: hots, "Halako gorputz bat gehiago edo gutxiago deformatuko da aplikatzen zaion indar kantitatearen arabera".

Proportzionaltasun-erlazio horretan oinarrituta, dinamometroa sortu zen, indarra neurtzeko. Dinamometroak barruan malguki bat du, pisuak zintzilikatzean edo indar bat aplikatzen zaionean luzatzen (deformatzen) dena.

Indarra neurtzeko, Newton (N) unitatea erabiltzen da. Kilogramo bateko objektu bat 1 m/s²-ko azeleraziora iristeko behar den indarra da newtona.

Kontuan izan behar da gorputz guztiak ez direla deformatzen indar baten eraginpean. Batzuk, gorputz zurrunak deritzenak, behar bezain indar handia jasanez gero, hautsi edo apurtu egiten dira deformatu ordez. Harriekin gertatzen da, adibidez.

Beste gorputz batzuk deformatu egiten dira indar bat aplikatzen zaienean, baina ez dute lehengo forma berreskuratzen eta deformatuta jarraitzen dute indarra aplikatzeari utzi ondoren ere. Horiei gorputz plastiko deitze zaie. Plastilina da adibide bat.

Azkenik, beste gorputz batzuk deformatu egiten dira indarra aplikatzean, baina beren forma berreskuratzen dute indarra aplikatzen ez zaienean. Gorputz elastikoak dira. Malgukia edo tiragoma baten goma, adibidez.

b) Indarrak abiadura-aldaketa eragiten badu aldatu

Indarrak halako abiadura-aldaketa bat eragiten badu, dinamikaren oinarrizko printzipioaren arabera neurtzen da. Isaac Newtonek garatu zuen printzipio honek hauxe dio: "Gorputz batean eragiten duten indarren emaitza zerotik desberdina bada, gorputz horren abiadura aldatu egingo da, hau da, azelerazio bat jasango du". Aplikaturiko indarra eta eragindako azelerazioa ondoko ekuazioan erlaziona daitezke:

 

Ekuazioak hiru elementu ditu: F indarra, objektuaren azelerazioaren kausa dena; m masa, objektuak azelerazioari kontrajartzen dion indarra; eta a azelerazioa, aurreko bi magnitudeen bidez definiturik geratzen dena: