👶
Jaiotza
K.a. 480(e)ko hamarkada
Salamina, Antzinako Atenas eta Salamina
💀
Heriotza
K.a. 400(e)ko hamarkada
Pella eta Mazedoniako Erresuma
🔨
Lanbidea
tragedy writer (en) Itzuli
📷
Argazkiak
ikusi
Euripides (Louvreko museoa, Paris)

Euripides antzinako Greziako hiru poeta tragiko handietako bat izan zen, Eskilo eta Sofoklesekin batera.

Haren bizitzaz ezer gutxi dakigu. K.a. 484 urte inguruan jaio zen. Geroago, Melito izeneko emakume batekin ezkondu zen eta hiru ume izan zituzten. K.a. 408 urtean Atenastik alde egin eta Mazedoniara joan zen, segur aski Atenasek Espartarekin zuen Peloponesoko Gerra amaiezinak eragin zion atsekabeagatik.

Euripidesek 92 drama idatzi zituela uste da, baina 19 baino ez dira ezagutzen. Horietan argi uzten da meritu paregabeko antzerkigilea izan zela. Ikusten zuen ordena eta arrazoia etengabe zapuztuta geratzen zirela zoriaren, ezjakintasunaren eta pasioaren eraginez. Euripidesek etsipenez begiratzen zion bizitzari, sufrimendu eta zorigaizto handia zegoela ohartzen baitzen. Bereziki Peloponesoko Gerraren ankerkeria eta erokeriarekin zegoen oso larrituta; gerra houra K.a. 431. urtean hasi zen eta Euripidesen bizitzak baino gehiago iraun zuen.

Beste tragedia-egileen antzera, Euripidesen obrek V. mendeko Atenastik oso urrun zegoen garai bateko gertaera legendario eta mitologikoei buruz hitz egiten dute. Hala ere, haren planteamenduak idatzi zuen garaian aplika daitezke, batez ere gerraren krudelkeriei.

Haren bizitzako azken 20 urteetan, Euripidesek tragikomedia erromantiko dei daitezkeen zenbait obra idatzi zituen. Ez dira ohikoak, bukaera zoriontsua dute-eta. Haien artean daude Ion, Ifigenia Tauriden eta Helena. Haietan, mundu erreal tragikoari bizkar eman eta forma dramatikoa bakarrik landu zuen. Alabaina, haren tragediengatik gogoratzen da gehienbat; honako hauek dira onenetako batzuk: Medea, lehen aldiz K.a. 431. urtean antzeztua; Hipolito (432); Andromaka, Erregutzaileak, Heraklidak eta Hekuba (denak 423 urtea baino lehen); Elektra eta Troiarrak (415); Helena (412); Feniziarrak (411-409); eta Heracles (408).

Euripidesen kobazuloa.

1997ko urtarrilean, arkeologo greko batzuek Salamina irlan kobazulo bat aurkitu zutela jakinarazi zuten, non Euripidesek bere hainbat obra idatzi zituela uste zen. Haitzuloaren barruan, arkeologoek K.a. V. mende amaierako buztinezko ontzi bat aurkitu zuten, Euripides izenaren lehen sei hizkiak inskribatuta zituena. Idazketa aztertu zutenen arabera, inskripzioa ontzia bera baino berriagoa zen (gutxi gorabehera, K.a. II. mendekoa zen segur aski), eta antzerkigilearen idazketa-estudioa non zegoen zekien miresleetako batek egina zen.

Euripides, bere garaikideen arabera, gizon zakar eta bakartia zen, eta haren denboraren zati handi bat, Golko Saronikora bistak zituen kobazuloan eserita eta idazten ematen zuen. Historialariek aspalditik susmatzen zuten kobazuloa Salamina irlan zegoela. Arkeologoek buztinezko ontzia aurkitu zuten haitzuloa, Euripidesen kobazuloaren deskribapen historikoen antza zuten uharteko hiruetako bat zen.