👶
Jaiotza
K.a. 496
Kolono
💀
Heriotza
K.a. 406
Atenas
🔨
Lanbidea
tragedy writer (en) Itzuli
📷
Argazkiak
ikusi
Sofokles.

Sofokles K.a. V. mendean antzerki tragikoa idatzi zuten hiru idazle greko handietako bat izan zen. Eskilo izan zuen aurretik, eta Euripides ondoren.

Diotenez, 123 drama idatzi zituen Sofoklesek, baina zazpi baino ez zaizkigu iritsi. Edipo errege da ezagunena. Hauek dira gainerakoak: Elektra, Antigona, Trachis-eko emakumeak, Ajax, Philoctetes eta Edipo Kolonon. Badaude galdutako lan eta poemen zatiak ere.  

Bizitza aldatu

Sofoklesen bizitzari buruzko informazio gutxi dago. Kolonon jaio zen, Atenastik gertu zegoen herri batean, ziurrenik familia dirudun batean. Hezkuntza ona jaso zuen, musika Lanprorekin ikasi zuen (garai hartako musikari arrakastatsuenarekin) eta antzerkia Eskilorekin. Ezin da jakin noiz aurkeztu zen lehenengoz Atenasko lehiaketa dramatikoetara, baina K.a. 468. urtean irabazi zuen lehen aldiz. Bere maisu Eskilo garaitu zuen orduan. Sofoklesek lehiaketa dramatikoetan hogei bat lehen sari irabazi zituela esaten da . Bitxia da bere lanik garrantzitsuenak, Edipo erregek, bigarren postua baino lortu ez izana.

Sofokles drama tragikoaren maisu bat izan zen, bereziki bere karakterizazioetan. Sortu zituen pertsonaiarik nabarmenenak emakume tragikoak izan ziren seguru asko, Elektra eta Antigona bereziki. Gainera, ondo eraikitako tramak sortzeko gaitasun handia zuen. Alabaina, kritikatu egin izan dute garaiko kontu politikoak ez tratatzeagatik, Euripidesek egin zuen bezala, eta gai erlijiosoetan ez sartzearren, Eskilok egin zuen bezala.

Asko idazteaz gain, Sofokles oso inplikatuta egon zen Atenasko bizitza publikoan. General izan zen behin gutxienez, eta posible da atzerriko enbaxadetan parte hartu izana. Hil zenean 90 urte zituen eta aktibo zegoen oraindik; Peloponesoko Gerraren amaiera baino lehen hil zen justu.