Kortezubi herriko Santimamiñe haitzuloaren sarrera.

Haitzuloa lurpean edo haitzetan dagoen zulo edo barrunbe bat da, normalean kanpoaldera irekita dagoena. Beste hitz asko erabiltzen dira euskaraz kontzeptu honetarako: koba edo kobazuloa, leize edo leizezuloa, harpea, etab.

Historiaurrean, gizakiek bizileku eta babesleku bezala erabili zituzten. Haietako batzuetan, aspaldiko gizakiek egindako margoak aurkitu dira.

Haitzuloen jatorria eta ezaugarriak ikertzen dituztenei espeleologo deitzen zaie, eta haien jarduera edo jakintza-alorrari espeleologia. Berez sortutakoak direnei deitzen diete haitzulo espeleologoek; gizakiak egindakoak direnei, berriz, tunel edo galeria deitzen zaie.

Batzuetan, haitzulo batzuk beste haitzulo batzuekin elkartuta egoten dira; munduan badira oso haitzulo-multzo luzeak; inon dagoen haitzulo-multzorik luzeenak 652 km ditu eta Estatu Batuetan dago: Mamutaren Haitzuloa deitzen da (Mammoth Cave). Beste haitzulo batzuk, berriz, sakontasun handietaraino iristen dira; Georgian bada haitzulo bat 2 kilometroko sakonera duena. Euskal Herriko haitzulorik luzeenetako bat Arrikrutz izenekoa da, Oñati aldean, Gipuzkoan; guztira, 14 km inguru ditu.

Nola sortutakoak dira? aldatu

 
Lezetxiki haitzuloaz, ikasi Otsorekin

Haitzulo gehienak erosio edo higaduraren eraginez sortutakoak dira; zehazki, urak eragindako higaduraren eraginez: lurrazalean badira harri gogorrak eta harri bigunak; bada, ura lurpera sartzen denean (lurpeko ibai bat, adibidez), eta halako azido batzuk jasotzen baditu, harri bigunak hausten ditu, baina milaka eta milaka urte behar izaten du horretarako. Hauek dira uraren eraginez sortutako haitzuloak.

Beste haitzulo batzuk sumendiek sortutakoak dira. Sumendiak erupzio bat duenean, laba likido beroa kanporantz ateratzen da; airearen tenperaturaren eraginez, laba hori hozten eta gogortzen hasten da, solido bihurtzen den arte. Baina laba gogortuaren azpian, labak bere tenperatura beroari eusten dio eta, laba gehiago ateratzen bada, laba hori askotan ezin da atera gogortu den zatitik, eta beste alde batera isuriko da. Laba beroa amaitzen denean, batzuetan barrunbe hutsak geratzen dira gogortutako azalaren azpian. Jatorri bolkanikoa duten tunel edo zuloak izaten direla esaten da.

Ikus, gainera aldatu