Dresden hiriko irudi batzuk.

Dresden Europan, Alemaniaren ekialdean dagoen hiri bat da. Saxonia izeneko erreinuko hiriburua izan zen 1918ra arte; 1990etik, berriz, Saxonia izeneko estatu federaleko hiriburua ere bada. 2016ko datuen arabera, 547.172 biztanle ditu.

Erdi Aroan sortu zen, 1200. urte inguruan. XVIII. mendean, hiriak garrantzi handia hartu zuen, Augusto II.a Poloniakoa izeneko agintariaren eskutik; Saxoniako hautesle kargua izan zuen 1694 eta 1733 bitartean, eta Poloniako errege (1697-1733) ere izan zen. Haren agintaldian, hiriko erdialdean hainbat monumentu eraiki ziren; Alemaniako hiririk ederrenetako bat zen, eta, horregatik, Elba ibaiaren ondoko Florentzia deitzen zitzaion (Italiako hiri ederrarekin konparaturik).

XX. mendean, ordea, Bigarren Mundu Gerran, hiriko erdialde historiko osoa suntsiturik geratu zen; ingeles eta amerikarren hegazkinek bonbardatu zuten 1945eko otsailaren 13-15 bitartean. Hiriko biztanle asko hil ziren, baina ezin da zehazki jakin zenbat.

Gerra ostean, Dresde Alemaniako Errepublika Demokratikoaren barruan geratu zen, Sobiet Batasunaren eta komunisten kontrolpean. Gobernuak ahalegin handiak egin zituen hiria berreraikitzeko eta biztanleak erakartzeko. Suntsitutako eraikin batzuk (gaztelua eta opera bereziki) berreraiki ziren 1950-60ko hamarkadetan.