Elba ibaiaren ibilbidea

Elba Erdialdeko Europako ibai handi bat da. Erraldoien Mendietan jaiotzen da, Txekiar Errepublikaren eta Poloniaren arteko mugan; bertan "Labe" izena du. Gero, hego-ekialdetik ipar-mendebaldera doa Alemania zeharkatuz eta, 1.000 kilometro inguru egin ondoren, Ipar Itsasoan isurtzen ditu urak. Hainbat hiri zeharkatzen ditu: esaterako, Dresden, Magdeburg eta Hanburgo. Ibaiadarrik garrantzitsuenak Moldava, Saale eta Havel dira.

Ibaian hiru zati bereizten dira: Elba Garaia, Elba Erdia eta Elba Beherea. Elba Garaia Erraldoien Mendietan jaio eta Meissen hirian (Saxonia) amaitzen da. Horraino, Elbak batez ere mendiak zeharkatzen ditu eta haran estuetatik ere igaro behar du. Elba Erdia Meissen hiritik ia Hanburgoraino doa; han ibaia zabala, lasaia eta laua da.

Elba Beherea Hanburgotik Ipar Itsasoraino doan zatia da; eremu honetan bereziki sakona eta zabala da. Ibai-ahoan, Cuxhaven herriaren inguruan, Elbak 15 kilometro zabal ditu.

Erdi Arotik Elba garrantzitsua izan da nabigaziorako. Elbatik Silesia eskualdeko oihalak eta ehunak garraiatzen ziren ibai honetatik, baita Bohemiako eta Saxoniako egurra, ikatza, zilarra, eta mineralak ere. Azken hamarkadetan, itsas garraioaren garrantzia murriztu egin da; izan ere, merkantzia asko trenbidez edo errepidez garraiatzen dira orain. Gaur egun, mundu osoko iontzi askok, soilik Elba Beherean nabigatzen dute Hanburgoko porturaino.

Elbako ura oso zikina egoten zen hiri eta fabrika askoren hondakin-urengatik, baina orain garbiago dago. Gaur egun, arrain eta uretako hegazti asko bizi dira berriz ibaian eta inguruetan; hainbat natura- eta hegazti-erreserba daude Elba osoan zehar.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemania bitan zatitu zenean, muga Elbako zati luze batean kokatu zen. Ibaia mendebalderantz zeharkatuz saiatu zen jende asko lehenagoko Alemaniako Errepublika Demokratikotik ihes egiten eta pertsona ugari hil ziren saiakera horretan.

Ikusi hau ere

aldatu

Argazki batzuk

aldatu