Txikipedia:Dinosauroen desagerpena

Meteorito baten talkaren irudia.

Azken dinosauroak orain dela 65 milioi urte desagertu ziren, Kretaziko garaiaren bukaeran. Dirudienez, meteorito handi batek Lurra jo zuen, gaur egungo Mexikoko golkoan. Talka handiak azalera handi bat suntsitu zuen, leku askotan su ikaragarriak piztuz, bai eta tsunami edo ur olatu erraldoiak sortuz. Harrotutako hautsaren, errautsen eta kearen ondorioz, Lurra hilabete batzuetan ilunbeetan utzi zuen, landareen fotosintesia eragotziz eta animalia askoren elikadura-katea etenez. Gainera, sumendi asko aktibatu egin ziren, Lurreko leku askotan laba-kolada erraldoiak sortuz. Itsas maila ere jaitsi egin zen, eta ingurune guztia degradatu zen.

Ozeanoetan, Kretazeo-Tertziarioaren mugan gertatutako desagertze masiboak bereziki hiru talderi eragin zien: itsas narrastiei (mosasauroei, elasmosauroei), ornogabeen hainbat talderi -bi kuskuko moluskuei (errudistei) eta zefalopodoei (ammoniteei, belemniteei), esaterako- eta baita itsas planktonari ere. Lehorrean, narrasti hegalariak izan ziren eragin handiena jasan zutenak.