Tsunamia olatu ikaragarri handi bat da, normalean lurrikara baten ondorioz gertatzen dena. Berez, japonieratik hartu dugu hitza da eta “portura iritsitako olatua” esan nahi du. Sumendi baten erupzioaren ondorioz ere gerta daitezke tsunamiak, bai eta meteorito handi bat itsasora erortzen denean edo gizakiek itsaspeko eztanda atomiko bat egiten dutenean ere. Tsunamia kostaldera iristen denean, tamaina eta potentzia ikaragarria lortzen du. Tsunamiek kostaldeko herri eta hiriak suntsi ditzakete.
Zergatik gertatzen dira?
aldatuEsan bezala, normalean lurrikarek eragiten dituzte tsunamiak. Ozeanoan lurrikara bat gertatzen bada, lurrazalaren zati handi bat gorantz edo alde batetik bestera mugitu daiteke. Lurraren zati handi horren mugimenduak gainean duen ura mugitzen du, horrek esan nahi du lurra dagoela ura zegoen lekuan. Orduan, nora doa ura? Ura astindu egiten da eta lurrikaratik urruntzen da olatu forman.
Gauza bera gerta daiteke sumendi batek ozeanoan erupzioa egiten badu. Sumenditik isurtzen den labak ura bere inguruan mugitzen du. Ur hori olatu handi edo itsasikara bihur daiteke.
Lurrikara edo sumendi-erupzioa oso handia bada, olatua ere oso handia izan daiteke. Tsunami handiak ozeanoaren sakonean hasten dira, eta bertan olatu handiak mugi ditzakete. Olatu horiek milaka kilometro egin ditzakete eta 800 kilometro orduko abiaduran mugi daitezke. Kostaldera hurbildu ahala, olatuak motelago mugitzen dira. Igo ere egiten dira, sarritan 30 metroko altueraraino. Lehen olatu handia lehorrera hurbiltzen denean, kostaldeko ura izugarri atzeratzen da, itsaso aldera. Orduan tsunamiak lurra jotzen du, eta eraikinak eta hondartza osoak suntsi ditzakete.
Baina lurrikara edo sumendi-erupzio guztiek ez dituzte tsunamiak eragiten. Tsunami bat eratzeko orduan, faktore asko sartzen dira jokoan. Ozeanoaren hondoaren formak badu zerikusirik horrekin. Gauza bera gertatzen da lurrikararekiko distantzia eta norabidearekin.
Tsunamiak ezin daitezke gelditu, baina badira haietatik defendatzeko moduak. Gaur egun satelite artifizialak erabiltzen dira tsunamien eraketa espaziotik zelatatzeko. Satelite horiek zientzialariei tsunamiek nola funtzionatzen duten ulertzen laguntzen diete, bai eta non eta noiz gertatuko diren eta zelako indarra izango duten iragartzen ere. Horrela, pertsonak denbora nahikoarekin ohartarazi ahal izango dituzte urrundu eta salbu manten daitezen.
Ozeano Barean tsunami asko gertatzen dira, baina ozeano Atlantikoan eta Indiako ozeanoan ere eratu daitezke. 2004ko abenduan Indiako ozeanoaren azpian lurrikara izugarri bat gertatu zen. Lurrikara horren ondorioz, 10 bat herrialde erasan zituzten tsunamiak sortu ziren. 200.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Inoiz gertatu den tsunami baten hondamendirik larriena izan zen. 2011ko martxoan, Japoniako kostaldearen aurrean izandako lurrikara handi batek ere tsunami suntsigarri bat eragin zuen herrialde horretan.
Garai hurbiletan, tsunamirik handienak hauek izan dira:
- Lituya badia, Alaska, AEB, 1958. 524 m
- Spirit lakua, AEB, 1980. 260 m
- Vajont urtegia, Italia, 1963. 250 m