👶
Jaiotza
1265
Florentzia
💀
Heriotza
1321eko irailaren 14a
Ravenna
🔨
Lanbidea
poeta
📷
Argazkiak
ikusi
Dante, Luca Signorelli margolariaren fresko batean.

Dante Alighieri (edo Dante, besterik ez) XIII-XIV. mendeetako idazle, olerkari eta politiko italiar bat izan zen; italieraren aita ere bada, askoren ustez. La Divina Commedia edo Jainkotiar komedia izeneko lan bat idatzi zuen, italierazko literatura-lanik gorena eta munduko literaturako maisulanik nagusienetako bat.

Hizkuntzalaria, pentsalari politikoa eta filosofo garrantzitsua ere izan zen, eta sakon markatu zuen ondorengo mendeetako Italiako literatura eta mendebaldeko kultura. Hainbesterainoko eragina izan zuen Italiako literaturan, non “Sommo Poeta” (poetarik gorena) ezizena jarri zioten.

Haren bizitza politikoari dagokionez, Dante Florentziako askatasunaren alde borrokatu zen. Guelfo izeneko bi talde edo alderdi zeuden aurrez aurre, elkarren aurka: Guelfo Beltzak eta Guelfo Zuriak. Haien arteko liskarren ondorioz, Dantek Florentziatik joatea erabaki eta Ravennan bizi izan zen bere heriotzera arte.

Literatura-lanak aldatu

Jainkotiar komedia da Dantek idatzitako lan nagusia. Oso arrakastatsua izan da mundu osoan, eta artista asko inspiratu ditu infernuaren, purgatorio edo garbitokiaren eta paradisuaren eta suplizioen inguruan (liburuan deskribatuta daude). Istorioak Dante bera du protagonista: Virgilio poeta latindarra ezagutzen du baso ilun batean. Liburuan zehar, Dante infernura sartzen da, purgatoriotik pasatzen da, eta, azkenik, paradisura iristen da.

Obra hau euskarara ere itzuli da. Gabriel Arestik infernuaren zatia euskaratu zuen; Santiago Onaindiak hiru liburukiak euskaratu eta argitaratu zituen 1985ean; eta Joxan Agirre Begiristainek ere itzuli ditu hiru liburukiak eta argitaratu 2001 eta 2003 bitartean. Azken bi itzulpen hauek Jainko Antzerkia izenburuarekin plazaratu ziren.