Bratislavako irudiak.

Bratislava Eslovakiako hiriburua da. 430.000 biztanle baino zertxobait gehiago ditu, 2019ko datuen arabera, eta herrialdearen mendebaldean dago, Austria eta Hungariako mugetatik hurbil. Danubio ibaia zeharkatzen du hiria; ibai hau merkataritza-bide oso garrantzitsua da oraindik.

Bratislava Eslovakiako hiririk handiena da eta bertako politikaren, ekonomiaren eta kulturaren erdigunea. Antzerkiak, museoak eta zenbait unibertsitate ditu. Biztanle gehienek zerbitzu-sektorean egiten dute lan: merkataritza, banketxeak, informazioaren teknologia eta turismoan. Hiriko fabriketan, oihalak eta produktu kimiko eta elektrikoak egiten dituzte.

Turista askok hiriko alde zaharra bisitatzen dute. Beste hainbat toki interesgarri ere badaude, besteak beste, udaletxea, San Migelen Atea, zenbait jauregi, San Martin katedral gotikoa, eta beste hainbat eraikin. Gaztelua da hiriko eraikinik ikusgarriena; bertan bizi ziren errege-erreginak, 1811n sute handi batek osorik suntsitu zuen arte. Geroago, gaztelua konpondu eta berreraiki zuten.

Historia apur bat

aldatu

Neolitoan jada pertsonak bizi ziren gaur egungo Bratislavaren inguruetan. Zeltak beranduago iritsi ziren. Erromatarrak Danubio ibaiaren hegoaldean kokatu ziren, teutoiak iparraldean, eta Danubio ibaia muga naturaltzat erabili zuten. Ondoren, VI. eta VII. mendeen artean, lehen eslaviarrak iritsi ziren inguru hauetara.

Erdi Aroan hiria eta inguruak Hungariako erreinuaren barne geratu ziren. Are gehiago, Bratislava Hungariako hiriburua izan zen 250 bat urtez, 1500 eta 1700 bitartean. Hungariako legegileak Bratislavan batzen ziren XIX. mendearen erdirarte. Garai horretan, kolono alemaniar asko hirian eta inguruetan finkatu ziren; denbora luzez, biztanle gehienek alemanez edo hungarieraz hitz egiten zuten, ez eslovakieraz.

Lehen Mundu Gerra ostean, Bratislava Txekoslovakia barruan sartu zen, 1993ra arte. Urte hartan, izan ere, erabaki demokratiko baten bidez, Txekoslovakia aparteko bi herrialdetan banandu zen, Txekiar Errepublika eta Eslovakia. Ordutik, Bratislava Eslovakiako hiriburua da.

Irudi batzuk

aldatu