Arrazakeria ideologia bat da, esaten duena gizakien arraza batzuk beste arraza batzuk baino hobeak direla, eta, horregatik, besteak menderatzeko eskubidea dutela.
Arrazakeriak eskubideak eta pribilegioak ematen dizkie arraza jakin batekoak direnei, eta baztertu eta mespretxatu egiten ditu beste arraza batekoak direnak.
Nola gauzatzen da?
aldatuArrazakeriak forma ugari hartzen ditu. Gertatzen da pertsona batzuek beste batzuei fisikoki erasotzen dietenean edo iraindu egiten dituztenean beste herrialde edo kultura desberdin batekoak izateagatik. Baina, arrazakeria gobernuen politiken eta gizarte-sistemen parte izatera ere iritsi daiteke; kasu horretan, arrazakeria sistemiko edo instituzionala deitzen zaio.
Estatu Batuetan, adibidez, afro-amerikarrek zuriek baino aukera gutxiago dute eskola onetara joateko, lanpostu onak lortzeko, auzo seguruetan bizitzeko eta osasun-zerbitzu ona izateko. Filmek, telebistako programek eta liburuek ere islatzen dute arrazakeria; kontatzen dituzten istorioek jende zuriaren bizitza erakusten dute ia beti. Hiri askotan daude estatuak eta monumentuak, iraganean zuriek kolonizatutako herriak gaizki tratatu zituzten pertsonak omentzen dituztenak. Arrazakeria gaizki dagoela uste duen jendeak estatua eta monumentu horiek kentzea nahi du.
Jende askok arrazakeria zer den dakien arren, eta arazo bat dela ados badago ere, arazo horrek modu desberdinean eragiten dio bakoitzari. Beltzentzat eta beste pertsona arrazializatuentzat, egunero bizi duten zerbait da. Zuriak askotan ez dira arazoaz ohartzen ere, ez dakitelako zer sentitzen den desberdintzat hartuak izateagatik.
Jatorri historikoak
aldatuKolonizazioak
aldatuHistoria luzea du arrazismoak. Duela mende asko, Europako herrialde batzuek koloniak ezarri zituzten mundu osoan. Lurralde horien kontrola lortu ahala, aurretik bertan bizi ziren biztanleak ere kontrolatu zituzten. Jende boteretsu gehiena zuria zen, eta bertako herriekiko aurreiritziak zituzten. Horren ondorioz, mespretxuz begiratzen zieten, gutxiago zirela uste zutelako eta bizitzeko beste modu bat zutelako.
Agintari berriek beraientzat lanean jartzen zituzten bertako jatorrizko biztanleak, eta askotan beste lurralde batzuetan bizitzera joatera behartzen zituzten. Ipar Amerikako amerindiarrak, Australiako aborigenak eta kontinente osoko afrikarrak bortizkeria handiz tratatu zituzten. Afrikar asko harrapatu eta esklabotzara kondenatu zituzten. Ameriketara bidali zituzten lanera. Bidaia horietan erabiltzen ziren itsasontzietako baldintzak negargarriak ziren eta asko ez ziren bizirik iritsi.
Ameriketan, esklabo bihurtutako afrikarren jabeek ere behe-mailakotzat hartzen zituzten. Horregatik tratatzen zituzten esklaboak ankerkeriaz. Esklaboak behartuta zeuden gogor lan egitera eta baldintza negargarrietan bizitzera. Jipoiekin zigortzen zituzten eta edozein momentutan sal zitzaketen. Esklaboek familiarik baldin bazuten, banatu egiten zituzten askotan, bakoitza jabe bati salduta. Esklaboei ez zieten uzten irakurtzen edo idazten ikasten.
Immigrazioa
aldatuBatzuetan arrazakeria gertatzen da herrialde pobre bateko pertsonak beste herrialde batera joaten direnean lana lortzeko asmoz. Bertan bizi diren pertsona batzuek uste dute iritsi berriek lana kentzen dietela edo nolabait kalte egiten dietela, eta beren arazoen errua botatzen diete.
Gaur egun arrazakeria mota hori gertatzen da herrialde aberatsetan. Adibidez, Estatu Batuetan badago Latinoamerikatik iritsitako immigrantei eraso egiten dien jenderik. Europako herrialde askotan, pertsona batzuek gaizki tratatzen dituzte errefuxiatuak, hau da, haien lurraldeko arazoetatik edota gerratik ihesi beste herrialde batera joaten direnak. Urte luzez, Australiak politika ofizial bat izan zuen ez-zuriak bertan bizitzera joatea debekatzeko. Australia Zuriaren politika deitu zioten. Politika horren helburu nagusia zen herrialde asiarretako pertsonak australiarren lurraldera ez sartzea. Erresuma Batuan kolonia zaharretako jende asko 40ko hamarkadatik aurrera iritsi zen bertara, eta modu askotako diskriminazioak jasan behar izan zituzten.
Adibide historikoak
aldatuEstatu Batuetan esklabotza 1865ean debekatu zuten ofizialki, Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibilaren ondoren. Esklaboek euren askatasuna irabazi bazuten ere, diskriminazioa jasaten jarraitu zuten. Bereizi egiten zituzten leku batzuetan, edo zuriengandik banatzen. Adibidez, beltzek ezin zituzten zurien komun berak erabili, iturri beretatik edan, hiriko autobusetan aurreko aldean bidaiatu edota eskola beretara joan. Leku batzuetan ez zieten zurien auzo beretan bizitzen uzten, ezta lanbide mota beretan lan egiten ere. Leku askotan botoa ematea ere debekatzen zieten.
Beste herrialde batzuetan ere antzeko gauzak gertatzen ziren. Erresuma Batuko hiri batzuetan, beltzek ezin zuten zenbait jatetxetan jan edo zenbait lan eduki. Hegoafrikan, apartheid izeneko sistema batek pertsona zuriak eta beltzak banatuta mantendu zituen urte luzez. Kasu horietan guztietan, zuriak ziren boterean zeudenak. Ordutik, zuriek jende arrazializatuak baino botere eta abantaila gehiago izaten jarraitu dute.
Arrazakeriaren aurkako borroka
aldatuArrazari buruzko ideiak aldatu egin dira urteetan zehar. Beti egon da jende ugari gainerakoak edozein arrazoirengatik gaizki tratatzea gaizki zegoela sentitu duena. Hala ere, jende askok jarraitu du sinesten arraza batzuk beste batzuk baino gutxiago zirela.
Joan den mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetan, Estatu Batuetan, afroamerikarrak euren eskubide zibilen alde borrokan hasi ziren. Borroka luze horren emaitza izan zen gobernua legeak aldatzen hastea afroamerikarrei eskubide gehiago emateko. 1964ko Eskubide Zibilen Legeak ilegaltzat jo zuen pertsonak diskriminatzea haien arraza, kolorea, erlijioa edo jatorria dela kausa. Erresuma Batuak 1965ean onartu zuen Arraza Arteko Harremanen Legea, eta Australiak 1975ean Arrazagatiko Diskriminazioaren Legea, kontu berei heltzeko. Kasu horietan guztietan, lege berriek ez zituzten arazo guztiak konpondu.
Hegoafrikan, Afrikako Kongresu Nazionala (ACN, ingelesez) izeneko erakunde batek apartheid legeen aurka egin zuen borroka, 40ko hamarkadaz geroztik. 60ko hamarkadatik aurrera, mundu osoko jendeak babestu zituen haien ahaleginak, Hegoafrika eta haren produktuak boikoteatuta. Parlamentuak azkenean 1990-91n indargabetu zituen apartheid legeak. 1994ean, ACNko burua, Nelson Mandela, herrialdeko lehen presidente beltza bilakatu zen.
Mugimendu horiek guztiek lortu zuten jende zuriak ulertzea arrazakeriak eragiten duen mina. Alabaina, aldaketak egon badira ere, arrazakeria arazo serioa da oraindik. Estatu Batuetan, afroamerikarrak eta bestelako jende arrazializatua era injustuan tratatzen dituzte egunero. Askotan ez dira seguru sentitzen. Poliziak bereziki beltzei tratu txarrak eman dizkie kasu askotan. Gauza bera gertatzen da Erresuma Batuan, Australian eta beste herrialde askotan. Gertaera horietako batzuek protesta jendetsuak eragin dituzte. Adibidez, 2020an, Estatu Batuetan George Floyd izeneko gizon afroamerikar bat polizia-ofizial batek hil zuelako herrialde osoan protestak gertatu ziren. Protesta horiek mundu osora zabaldu ziren, herrialde bakoitzak bere arrazakeria-historiari aurre egin zion heinean.