👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
42.020.743
🔎
Azalera
🌄
Altuera
📷
Argazkiak
ikusi
Barack Obama, Estatu Batuetako lehen afro-amerikar presidentea

Afro-amerikarrak arbaso afrikarrak dituzten estatubatuarrak dira. Hala ere, afro-amerikar askok afrikarrak ez diren arbasoak ere badituzte. Afro-amerikarrei amerikar beltz ere deitzen zaie.

Biztanle-kopuruari dagokionez, afro-amerikarrak Estatu Batuetako hirugarren etnia handiena dira, zurien eta latinoamerikarren ondoren. 2020an 47 milioi estatubatuarrek zituzten arbaso afrikarrak. Estatu Batuetako biztanleria osoaren %14 inguru ziren.

Afro-amerikar gehienak XVII. mendetik aurrera esklabo moduan eramandako gizon eta emakume afrikarren ondorengoak dira. Pertsona hauek beren sorterritik, mendebaldeko eta erdialdeko Afrikatik, atera eta Amerikara eraman zituzten. Han, zuriek baldintza gogorretan eta ordaindu gabe lan egitera behartzen zituzten. 1790ean beltzak Estatu Batuetako biztanleriaren ia bostena ziren. Afrikar esklabo gehienak Estatu Batuetako hegoaldeko plantazio eta etxaldeetan egiten zuten lan eta bizi ere bertan egiten ziren, oso baldintza kaskarretan.

AEBetan esklabotza XIX. mendean deuseztatu zuten, baina hala ere afro-amerikarrek diskriminazioa eta desparekotasunak jasaten jarraitu zuten. Afro-amerikarrek arraza-segregazioa eta indarkeria jasaten segi zuten zurien aldetik XX. mendearen zati handi batean. Hala eta guztiz ere, afro-amerikarrek ekarpen garrantzitsuak egin dituzte Estatu Batuetako kulturan, politikan, musikan, kirolean eta gizarteko beste hainbat alorretan.

Martin Luther King

Afro-amerikarren historian, mugimendu garrantzitsuenetako bat eskubide zibilen aldeko mugimendua izan zen, XX. mende erdialdean. Mugimendu honek etnia guztietako pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak edukitzearen alde lan egin zuen. Mugimenduaren buruzagi nagusienetako bat Martin Luther King izan zen. Mugimendu honek segregazioaren aldeko legeak deuseztatzea eta eskubide zibilak babesten zituzten legeak sortzea lortu zuen.

Hala ere, gaur egun, Estatu Batuetako afro-amerikarrek arrazakeria jasan behar izaten dute beren bizitzetako alor askotan. Afro-amerikar askok ez dute aukerarik osasun-laguntza, bizileku eta hezkuntza egokirik izateko. Espetxeratuak izateko edo poliziak bortizki tratatzeko ere arrisku handiagoa dute beste etniek baino. Etengabeko arazo hauen ondorioz, protesta handiak izan dira mende honen hasieran ere. Black Lives Matter mugimenduari eta beste talde batzuei esker, jende asko hasi da konturatzen gaur egungo sistema politikoa aldatzea beharrezkoa dela afro-amerikarrak berdintasunean bizi ahal izateko.